Javier Gutierrezek inguru honetan eskia batere ezaguna ez zen garaietan ekin zion kirol hau egiteari, duela ia 40 urte. "Pirinioetara dezentetan joaten ginen eta eskiak zituzten frantsesek elurretan gutxiago hondoratzen zirela eta azkarrago jaisten zirela ikusi genuen. Hori dela eta, bigarren eskuko eski xaflak erostea erabaki genuen. Egungoen oso ezberdinak ziren eta mendiko botekin jartzen genituen".
Ordutik, Gutierrezek orduak eta orduak eman ditu eskiatzen eta zaletasun honen gorakada gertu-gertutik ezagutu du. Duela hamar urte, besteak beste eskiatzaileei zuzendutako kirol denda irekitzea erabaki zuen. "Hamar urte hauetan eskiatzeko materialaren salmentak, muntaiak eta konponketak nabarmen egin du gora. Egun lehiaketetan parte hartzen duten herritarrak ere badira, Mikel Navarro eta bere neska esaterako".
Javierrek ezagutzen dituen herriko eskiatzaile gehienek mendiko eskia egiten dute eta Pirinioetara joaten dira oro har. "Hemengo jendea Huescara, Luzera, Gavarniera joaten da batik bat. Elurra dagoenetan gertuago dagoen Errioxako San Lorenzora ere joaten gara. Aurten oso pozik gaude, toki guztietan elurra baitago eta hemen bertan eskiatzerik izan baitugu: Izaspin, Aitzgorrin…".
Dendaria ere badenez, pozik egoteko arrazoi bikoitza du Gutierrezek. "Jende dezente etorri da eski xaflak alokatzera. Gainera, mendiko boten, eskularruen, txanoen… salmenta nabarmen igo da aurreko urteekin alderatuz".
Gainera, ekaina bitartean eskiatzeko aukera izango dela uste du. "80ko hamarkadaz geroztik ez da hain urte oparorik izan. Zenbait urtetan maiatza bukaera arte mendiko eskia egiteko aukera izan dugu eta aurten ere, hotzak eusten badio, hala izango dela uste dut". Eskiatzaileentzat negu oparoa izan dena, txirrindularientzat negar egiteko modukoa izan da. Zikloturisten lehendakari Iñaki Urdangarinek esan digunez, aspaldiko aurre denboraldi kaxkarrena izan da aurtengoa. Izan ere, tenperatura baxuak eta errepide izoztuak txirrindularien etsaiak dira. "Bizikletan, abiada hartzen denez, sekulako hotza nabaritzen da. Errepidea izoztua egotea, gainera, oso arriskutsua da".
Egun bi zikloturista mota omen daude: "Ekainean izaten den 200 kilometro pasatxoko Quebrantahuesos froga egiten dutenak eta igandeetan ateratzen direnak. Lehenengoek ezin dituzte bi hilabete entrenatu gabe galdu eta aukera izan duten guztietan atera dira. Eguraldi ona egin duen bakoitzean atera behar izan dute, beste zeregin batzuk gerorako utzita. Egun oso hotzetan ere atera beharra izan dute. Besteok asteburuetan ibiltzen gara eta Errege Egun ondoren hasten gara entrenatzen, opariak estreinatzeko aitzakiaz. Aurtengo neguan, ordea, asteburuetan eguraldi bereziki txarra egin du eta gutako asko urtarrila eta otsailean ez gara bizikletan ibili. Ez zaigu axola beranduago hastea, urtea oso luzea da".
Dena den, ez omen dute denbora alferrik galdu. "Bizikletan igandeetan ibiltzen garen gehienok, neguan mendira joaten gara. Aurten sekula baino gehiagotan joan gara mendira".
Aurtengo neguko hotzak, elurrak eta izotzak, prestaketa oztopatzeaz gain, Goierriko zikloturisten denboraldi hasiera atzeratu du. "Egutegiko lehen txangoa martxoko lehen asteburuan izaten da eta txango jendetsuena izaten da, baina aurten bi lagun bakarrik azaldu dira hitzordura. Hori dela eta, denboraldi hasiera astebete atzeratu dugu".
Hala, martxoaren 13an egin zuten lehen txangoa. Urriaren 16a bitartean ia igandero goizero, Goierri elkartearen egoitza azpian elkartuko dira bueltatxoa emateko: apirilean 9:00etan, maiatzean 8:30ean, ekainean eta uztailean 8:00etan eta irailean eta urrian 9:00etan.
Gehienetan Urretxutik bizikletan abiatuko badira ere, bost irteera autobusean egingo dituzte. Uztailaren 17an, aspaldiko partez, Frantziako Tourra ikustera joango dira. Txirrindulariak Saint Lary Soulan-era joango dira autobusean eta, ondoren, Pla d’Adet eski estaziora igoko dira bizikletan Tourreko 15. etaparen amaiera ikustera.
Zikloturistek beste lau txango berezi ere antolatu dituzte aurtengo denboraldirako. Apirilaren 28an Segoviara joango dira "Ruta del lechoncillo" deritzona egitera eta maiatzaren 2an itzuliko dira. Ekainaren 17tik 19ra Aran bailaran izango dira, uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean Asturiasen izango dira eta, bukatzeko, irailaren 10ean Kantabriara joango dira.