Lan baldintzen urritasuna, etxebizitzaren garestitzea, ingurugiroaren deuseztatzea, osasun zerbitzuetan itxaron zerrendak, gutxiengoen egoera, jaiotze tasak gora egin ezinak eta batez ere horren arrazoiak, hirugarren adinekoentzat baliabide falta, eta beste zenbait gai dira orokorrean eta egunerokotasunean herritarrari interesatu dakieken gaiak. Batak besteari aurreko mitinean esandakoa politago edo okerrago erantzuten dion entzutea, batzuetan entretenimendu moduan edota partiduen jarraitzaile sutsuen atseginerako balio dezake, baina ez ditu benetako arazoak agerian jartzen.
Hauteskunde kanpainak guzti hori puri-purian jartzeko balio ahal izango du, baina askoz gehiagorako? Noski, ez da bakarrik politikarien errua, komunikabideena ere bada, izan ere bertan "gai gogorrak eta gai bigunen" arteko banaketa egin eta lehenengoei bakarrik eskaini ohi dizkio orrialdeak, edota minutuak. Izan ere erredakziotik irten orduko, kazetariak "badaki" zerk "balio" izango dion. Hau da, zein deklarazio den nabarmendu behar duena, eta hala egiten du. Horrela, zirkulua amaiezina egiten delarik. Politikariak badaki zer esan behar duen paperean ateratzeko, kazetariak uste du badakiela zer nabarmendu behar duen, eta irakurle, entzule edo ikusleak badaki zer aurkituko duen.
Euskal Herriak bizi duen egoera dela eta, gai politikoek interes berezia dutela ezin uka daiteke, eta bertako politikariak zenbaitetan komedia gazi baten protagonista diruditela ere egia izan daiteke (neronek barre egiten dut batzuetan negar ez egiteagatik, eta horretan ez naiz besteetaz ezberdintzen). Baina hemen bizi den "giro politikoak" askotan giza gai horietaz ahaztea dakar eta hori ezin da ona izan. Are gehiago, badirudi politikariek denbora gehiago pasatzen dutela batak besteari nola eta zer erantzungo dion pentsatzen benetan herriari zer eskaini diezaiokeen aurkezten baino. Hori bai, honetan batek besteak baino trebetasun handiagoa erakusten du.
Honen aurrean, herritarra batzuetan aspertu egiten da. Aspertu egiten gara. Aspertu egiten gaituzue. Eta orain, hauteskunde kanpaina bat dugu aurrean. Politikari ezagun batek "herritarren benetako arazoak" dionean, "benetan" zertaz ari den ote dakien galdetzen diot nire buruari…