Noiz eta nola hasi zinen bilketa lan honetan?
Beno, bi arlo desberdin dira. Argazkiak egitea duela hogei urte hartutako bizioa da, batez ere prentsan lanean hasi izanarekin lotua. “Egin” egunkariko kronika lokala egiten nuenean testuak eta argazkiak neuk egin behar nituen, eta lan bat bestea bezainbat gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Ikastaro bat egin nuen Vierbucherrekin Kultur Etxean, argazki liburuak erosten hasi… eta orain arte. “Gara” egunkarian ere, erreportaia bat egitera bidaltzen nindutenean argazkiak nik neuk egiten nituen. Hamabost kamara erabili ditut urte hauetan, egun dauzkadan digitaletara iritsi arte. Bideo-grabazioekin orain dela urte pare bat hasi nintzen, ekitaldi batzuetan soinua hartzea ezinbestekoa delako, esaterako bertso-saioetan. Eta kartelak biltzea ere kontu berria da. Nolabait ere, kazetaritzan aritu izanaren ondorio da. Ahalik eta dokumentazio gehien izan behar du kazetariak eskuetan, eta kartelak dokumentuak dira, baina kasu askotan alderdi artistikoa ere badaukate. “Euskal Herriko kartelak” liburu-bilduma ezagutu nuenean hartu nuen kartelak biltzen hasteko erabakia.
Kartelek baldintzaren bat behar al dute zure bilduman izateko ala guztiak jasotzen al dituzu?
Herrian ikusten ditudan denak biltzen saiatzen naiz, baina lortu ez. Ezinezkoa da, horrenbeste dira eta ateratzen direnak. Zenbait lagunek kartelak eman egiten dizkidate, aurretik esanda dauzkat eta. Baina beste asko paretetatik kentzen ditut, beti ere aurkezten duten ekitaldiaren eguna igaro eta gero. Ez da oso txukuna, baina beste biderik ez dago. Kartelak ezartzen dituzten alderdi politiko, kultur-talde eta bestelako talde eta erakunde guztietan kontaktu bat eduki nahiko nuke, ateratzen dituzten kartelen ale bat niretzat gordetzeaz arduratuko litzatekeena, baina ez naiz iristen.
Afizio hauek lan dezente emango dizute: gauez diren ekitaldietara joan beharra, sailkatze lana… zer diote etxekoek?
Argazkigintzak nire lanarekin zerikusi zuzena du eta ez da sakrifizioa. Argazkiak egiteaz ez naiz nekatzen, ezta ikusteaz ere. Kamera digitalarekin, gainera, gordetze eta sailkatze lanak erraztu egin dira; diziplina pixka bat behar da, eta hori lantokian ikasi dut. Kontuan izan DVD bakar batean bi mila argazki sartzen direla. Hori bai, bakoitzak bere izena eta data izan behar du, gero erraz aurkitzeko. Bideo digitala lantzea, berriz, oso nekosoa da, eta horrek denbora asko kentzen dit, gehiegi. Eta kartelek, oraingoz, ez dute toki asko behar. Gainera, kartelak konpontze lana esku lana da (zelo zatiak kendu, garbitu, kartulinetan ezarri…) eta ondo etortzen zait, lasaigarria da. Etxekoak ez dira asko kexatzen, kasu bat kenduta: beraiekin kalean noala kartel interesgarri bat ikusi eta kentzen hasten banaiz asaldatu egiten dira, normala den bezala. Zer egingo zaio bada. Herritarren batzuek ere ikusiko ninduten paretetatik afitxak kentzen, baina uste dut konturatzen direla jasotzeko hartzen ditudala, ez lurrera botatzeko.
Zein helbururekin egiten duzu lan hau?
Helburua, bi hitzetan esateko, ondare kulturala jasotzea da. Hau ere kazetaritzan ikasi dut: norbait ez bada arduratzen garaian garaiko dokumentuak jasotzeaz, aldizkariak, kartelak, edo panfletoak direla, dokumentu hauek galdu egiten dira. Instituzioak arduratzen dira dokumentu garrantzitsuenak gordetzeaz, hala nola liburuak eta egunkariak, baina zabalkunde txikia dutenetara ez dira iristen. Adibide bat: Lazkaoko Juan Jose Agirre beneditarra ez balitz aritu urte luzez kartelak eta panfletoak biltzen, orain ezinezkoa izango litzateke fondo eder hori kontsultatzea. Eta nik ez dut dudarik egiten, kartel bat ondare osoaren zati txiki bat da. Beste adibide bat: bertsolaritza kultura da? Bai. Zumarraga-Urretxun bertsolari txapelketa bat egin izana garrantzitsua da? Bai. Bi faktore horiek batuta, bukatu berri den txapelketa osoa grabatzera eraman naute.
Orain arte bilketa lan hau ondo egin dela ala gauza gehiegi jaso gabe gelditu direla uste al duzu?
Jakina, gauza asko gelditu dira bildu gabe. Baina ezin da bestela izan. Denera iristerik ez dago eta nonbait jarri behar da muga, bestela zoratzeko arriskua dago. Esaterako, joan den hauteskunde kanpainan gure herriotan izan diren ekitaldi guzti-guztien argazkiak eta grabazioak egitea merezi al zuen? Eta kartel guztiak eta eskuorri guztiak biltzea? Nik uste baietz, helburu ideal bezala. Baina, errealitatean, batzuetara iritsi naiz eta beste batzuetara ez. Beasain-Durango errepideko lanen fase guztiak argazkitan hartu behar al ziren? Bai, eta hori lortu dut. Eta herri barruan egiten diren obra garrantzitsu guztiena? Baita ere, baina ez naiz iristen. Eta kirol ekitaldiena? Erantzun bera. Eskerrak herriko kronistek lan hauek ondo egiten dituzten, bestela ondare hori galdua litzateke.
Egindako lana, ondarea… nahikoa estimatzen al ditugu euskaldunok?
Euskaldun batzuek bai eta beste batzuek ez. Espainolek gu baino gutxiago estimatzen dutelakoan nago, eta frantsesek eta ingelesek gehiago. Kultur mailarekin lotuta dagoela iruditzen zait. Angel Cruz Jakak egin duen lan eskerga eskertu diogu? Ez merezi bezala, nahiz eta orain badirudien zerbait egiten ari direla instituzioak. Dena den, lan hau ez da egiten eskerrak jasotzeko, baizik eta norberak bere buruari jarri dion nolabaiteko obligazioa betetzeko.
Herriko beste “biltzaile” batzuekin harremanik ba al duzu?
Argazkilariak talde horretan sartzen badituzu, bai, baina kartel biltzailerik ez dut ezagutzen, eta nahi nuke. Badakit jende askok dituela kartel eta panfleto zaharrak ganbaran gordeta, eta hemendik eskatzen diet ez ditzatela bota zakarrontzira; nik gustura asko jasoko nituzke. Alderdi politikoei eta talde kulturalei ere kartelak gorde ditzatela eskatzen diet, pasatuko naiz eta bila. Madrileko elkarte batekin daukat harremana, eta tarteka-marteka trukeren bat egiten dugu, errepikatutako kartelak ditugunean. Euskal Herriko kartel politiko asko dauzkate, batez ere Trantsizio garaikoak.
Zenbat kartel, bideo eta argazki dituzu?
Kartel kontuan hasi berria naiz eta gutxi ditut oraindik. Bostehun inguru. Bideoak ere gutxi, baina argazkiak milaka eta milaka, nahiz eta hauetako asko positibatu gabeko negatiboak diren.
Bereziki bitxia iruditzen zaizun zer edo zer?
Kartelei dagokienez, ez daukat harri bitxirik. Liburutegi nahiko ona ari naiz osatzen, batez ere euskarazko liburuei eta argazkilari famatuen liburuei dagokionez.
Zure artxiboa erakusteko asmorik ba al duzu?
Oraindik ez du halakorik egitea merezi. Iritsiko da momentua, behar bada, besterik ez bada erreprodukzioak erakusteko. Kartelak erakusteko arazo handi bat dago; tokiarena. Ganbaran, bata bestearen gainean gordetzeko ez da toki askorik behar, baina jendaurrean ipintzeko, horma batean bata bestearen atzetik… Hori bai, norbaitek kartelen bat behar badu eskolako lana egiteko edo nolabaiteko ikerketa lanerako, esatea dauka, eta erakutsiko dizkiot. Nire bilduma ez da lagunak eta nik bakarrik gozatzeko.