Aztiriak eta Albisuak urte asko daramatzate GOIERRIn eta OSTADARren lanean. Biek oso argi dute zergatik hartu zuten konpromezu hori: "Zumarraga eta Urretxun mendizaletasuna bultzatzeko", hain zuzen ere.
Helburu horrekin, bi mendi taldeek hilean behin mendi irteera bana antolatzen dute eta hainbat ekitaldi ere bai: ikastaroak, diapositiba emanaldiak, Irimora Igoera… Horretaz gain, OSTADARrek materiala eta liburuak eskuragarri ditu.
Mendi taldeetako kideek ahalegin handia egiten dute ahalik eta eskaintza erakargarriena prestatzeko, baina gazteen parte hartzea geroz eta txikiagoa omen da. "Ez dakit zaletasuna aldatu den edo ez, baina bistan da geroz eta jende gazte gutxiago dabilela taldeotan", dio Jose Mari Aztiriak. "Lehen adina edo gehiago gazte dabil mendian, baina ez dute gure irteeretan parte hartzen. Eskoletako mendi taldeetan ere asko jaitsi omen da partehartzea".
Luis Albisuak gazteen parte hartzearen beherakadaren atzean gizartean emandako zenbait aldaketa daudela uste du. "Orain gazte jendeak autoa du eta, gainera, askoz ere informazio gehiago dago eskuragarri: liburuak, emanaldiak, telebista, internet… Errazagoa da mugitzea eta gazteak euren kasa joaten dira".
Mugikortasuna erraztu denez, jendeak urrutiago joateko aukera ere badu. "Lehen Alpeetara joan aurretik Pirinioetan asko ibiltzen ginen. Orain askoz ere lehenago ematen dira pausoak. Hori ez da txarra, baina behar adina prestatu gabe joatea bai. Batzuk nahikoa prestatu gabe ibiltzen dira; mobila, aseguruak, erreskateak… daudela eta, errespetua galdu diote mendiari".
Geroz eta azkarrago, geroz eta urrutiago… Aztiriak eta Albisuak mendi taldeek Euskal Herrian zehar antolatzen dituzten txangoak aldarrikatu nahi dituzte. "Ezagutzen ez ditugun paraje pilo bat daude. Zenbat eta gehiago ibili, orduan eta argiago dugu ezagutzen ez ditugun toki asko daudela".
Gainera, Jose Mari Aztiriak taldean joatea norbere kasa joatea baino hobea dela azpimarratu nahi du. "Taldean joanda, puntu batetik irten eta bailara mordoska pasatu ondoren, autobusa zain izaten dugu. Autoan joanez gero, autora itzuli behar da. Gainera, hilean behin edo bitan herriko mendi taldearekin irtenda ere, beste bi asteburu ditugu norbere kasa ibiltzeko".
Luis aurrekoarekin bat dator. "Bi taldeon martxak oso ondo prestatuta daude. Prestaketan aritzen direnek lan handia egiten dute, esperientzia handia dute eta askori bururatu ere ez litzaizkigukeen irteerak prestatzen dituzte. Irteera hauek Euskal Herria ezagutzeko aukera bikaina dira: ez dago gidatu beharrik, merkeak dira, gehienak 18 urtetik beherakoentzat doan dira… Autonomiari lehentasuna emateagatik, jendeak aukera bikaina galtzen du".
Gazteek mendi taldeen irteeretan parte hartzen ez badute, taldeetako zuzendaritza lanetan zeresanik ez. OSTADAR zuzendaritza berritu ezinik dabil, "beti jende bera agertzen baita batzarretara. Batzuek 20 urte baino gehiago daramatzagu atzetik jendea ez datorrelako. Jendeak lagunekin gure martxetan baino hobe pasatzea uler dezaket, baina eskalada gustuko duena, rokodromoa egitea nahi duena… mendi taldeko zuzendaritzan sartu beharko litzateke. Afizioagatik ari gara lanean eta gure afizioa ez da klub bateko zuzendaritzako kideak izatea, mendia baizik".
Luis Albisuak nahiko beltz ikusten du elkarteen etorkizuna. "Federatzeko talde baten kide izan beharra dago. Horregatik izango ez balitz, dagoeneko talde pila desagertuta egongo lirateke. Zorionez, jendeak kontzientzia apur bat badu eta Euskal Herrian estatu espainiarreko federatu kopuru altuena dugu. Dena den, OSTADAR desagertzeko zorian izan da pare bat aldiz; zuzendaritzakoak nekatuta zeudelako eta ordezkorik agertzen ez zelako".
GOIERRIko mendi taldea ez omen da sekula hain kinka larrian izan. "Keixa topera dabil eta berak hor segitzen duen bitartean ez da arazorik izango. Utziko balu, ordezkoren bat agertuko litzatekeela uste dut; nahiz eta ez lukeen Keixak bezain errelebu luzea eskainiko, ez eta horrenbesteko dedikazioa ere".
Beitia martxa, lehenengoz Belokitik
Ohiko irteeretan GOIERRIkoek eta OSTADARrekoek nahi baino jende gutxiagok parte hartzen badu ere, Iñaki Beitia mendi martxan partaidetza bikaina izaten da. Antolaketa lanean, ordea, hemen ere jende falta somatzen dute. Luis Albisuak esan digunez, "hasieratik talde bera dabil antolaketa lanean. Jendeari deialdia luzatu diogu, baina ez da hurbildu".
Bestalde, Jose Mari Aztiriaren ustez Beitiaren omenezkoaren partehartze datuak engainagarriak suerta daitezke. "Egun berezia da bi herriotan. Ez dut uste herriko mendizaletasuna neurtzeko termometro aproposa denik, festa bat da".
Aurtengo festa maiatzaren 22an izango da. Ibilbide luzeak 51,1 kilometro izango ditu eta motzak 26. Berrikuntza nagusia bi ibilbideak lehenengoz Belokitik pasako direla da. Horretaz gain, azpimarratzekoa da ibilbide luzea Murumenditik eta Matximentatik pasako dela.
Aztiriak eta Albisuak ibilbide motza egiten dutenak euren irteeretan parte hartzera animatu nahi dituzte. "Ibilbide motza egiten dutenek gure irteeretara lasai asko etor daitezke, txangoetako ibilbide gehienek Beitia martxako ibilbide motzak baino kilometro gutxiago baitituzte".