Santillan sindikatu munduan sartuta egon zen urte askotan. “Franco hil aurretik Pasionistetan-eta bilera asko egin genituen. Ondoren, sindikatuak legeztatu zirenean, Patrizioko enpresa-batzordean egon nintzen”.
55 urterekin aurrejubilatu zen, baina ez du aspertzeko astirik izan. Azken urteotan Gure-Txoko jubilatuen elkarteko Irri Makila antzerki taldean buru-belarri dihardu. “Irungo La Sallen hasi nintzen antzerki kontuan, baina ez nuen luzaroan jarraitu. Gero Legazpiko Beti Gazte taldekoek laguntza eskatu zidaten eta urte ba- tzuetan beraiekin izan nintzen”. Apirilean Pablok Irri Makila taldearentzat idatzitako azken antzezlana estreinatu da, jubilatuen III. Aste Kulturalaren barnean. “Idaztea atsegin dudanez, noizean behin antzerki talderako zer edo zer idazten dut. Goizetan egunkaria goitik-behera irakurtzen dut eta bertatik antzezlanetarako ideia asko hartzen ditut”.
Pablo Santillan asmatzailea ere bada, asmakuntza bat patentatua du behintzat. “Behin geriatrikotik neska bat etorri zen agure bat ohetik erori zela esanez eta emazteari hori saihesteko zer egin zitekeen galdetu zion. Buruari jiraka eta biraka hasi eta adinekoentzat eta haurrentzat segurtasun izara bat egitea lortu nuen”.
Pablo ez da geldirik egon zalea eta garai batean korrikalari fina ere izan zen. “Gaztetan atletismo asko egin nuen eta Espainiako txapeldunorde izan nintzen martxan. Behobia-Donostia lasterketa, maratoiak… egin nituen, baina meniskoa hautsi ondoren korrika egiteari utzi behar izan nion”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ez dut ezer izan nahi nuenik oroitzen.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Irakurtzea eta idaztea. Baita ekimen ezberdinetan parte hartzea ere, ez bainaiz geldirik egon zalea.
-Bizitzeko toki bat?
Urretxun oso gustura nago, asko kostako litzaidake Ipeñarrietatik irtetea.
-Gustuko aktorea?
Mr. Bean-en grazia asko atsegin dut.
-Gustuko antzezlana?
“Biblia osoa gutxi gorabehera” asko gustatu zitzaidan. Sarrerak bukatu zirela eta, “Cocidito Madrileño” ikusteko gogoz gelditu nintzen. Halako antzezlanak atsegin ditut.
-Gustuko korrikalaria?
Argixaon Diego Garciarekin entrenatzen genuen sarritan, baina gehien atsegin nuena Martin Fiz zen. Nire garaikoen artean, berriz, Mariano Haro.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Denak daude ondo.
-Egindako azken oparia?
Bilobari egindakoren bat izango da.
-Eta jasotakoa?
Kolonia.
-Data bat?
1954ko abuztuaren 25a. Egun hartan etorri nintzen Burgosetik Irunera eta orduan ikusi nuen itsasoa lehenengoz. Nirekin zihoan fraileari “¡Mecagüen la mar salada! esan niola oroitzen dut.
-Neska eta mutil izen bana?
Asier eta Maitane.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
“DV” eta kanpora joaten naizenean “El País”.
-Gustuko telebista saioa?
“Vaya semanita”.
-Bereziki gorroto duzuna?
Txutxumutxu saioak ez ditut batere atsegin, baina emaztearekin eta amaginarrebarekin jai dut!
-Liburu bat?
Orain “El Quijote” ari naiz irakurtzen.
-Filme bat?
“Mar adentro”.
-Soinu bat?
Saxofoiarena.
-Usain bat?
Larrosarena.
-Janari bat?
Kokotxak.
-Ura ala…
Ardoa eta ona bada, hobe!