Arantzazu, Jasone eta Jon Secundino Esnaola Musika Eskolako ikasle ohiak dira: Jonek pianoko erdi mailako ikasketak (grado medio) egin zituen, Jasone akordeoilaria da (nahiz eta beste instrumentu batzuk jotzen ere badakien: biolontxeloa, pianoa eta trikitixa) eta Arantzazu bibolinjolea da.
Arantzazuk azaldu digunez, bera eta Jasone izan ziren taldea sortzea erabaki zutenak. "Kalean elkartu ginen batean, musika ikasketak egin ditugunez, jendaurrean jo behar genuela erabaki genuen. Antio hor egoteak taldea sortzeko aukera eskaintzen zuela eta hari-laukotea sortzea pentsatu genuen. Baina hemen hari-instrumentuak jotzen dituen oso jende gutxi dago eta, azkenean, pianojole bat hartzea erabaki genuen. Jonekin gogoratu ginen eta halaxe hasi ginen".
Euren burua ezkontzetan jotzeko eskainiz, emanaldiak lortuko zituztela pentsatu zuten. "Inguruko jendea ezkontzen hasi zen eta Antion udaberrian astero ezkontzak daudela konturatu ginen. Zer edo zer berezia eskainiz gero, ez betiko organoa, emanaldiak lortuko genituela pentsatu genuen. Taldea Antioko ezkontzetan pentsatuz sortu arren, orain arte ezkontza zibiletan soilik jo dugu".
Ezkontzetatik kanpo ere jotzeko prest daude, noski. "Zerbaitetarako egon gara ikasten horrenbeste urte, baina hemen nahiko zaila da kontzertuak lortzea: asko mugitu behar duzu, zeure burua ezagutzera eman… Hori da gure asmoa: gure burua pixka bat ezagutaraztea eta ea hemendik aurrera emanaldi gehiago lortzen ditugun".
Izan ere, oso zaila omen da musikatik bizitzea. "Musikari klasiko asko gaude herrian, baina ez gaituzte ezagutzen. Musika Eskolatik ezin garela irten dirudi, baina horri aurre egitea erabaki dugu: herrian bertan zer edo zer egitea eta musika klasikoa ezagutaraztea. Dena den, Jonen moldaketei esker, denetik jotzen dugu. Hori dela eta, ia edozer egiteko prest gaude: bazkari edo afari aurreko cocktail-ean ere jotzeko, afariak amenizatzeko, ekitaldi instituzionaletan jotzeko… Bestalde, musikariarena lanbidea dela aldarrikatu nahi dugu".
Arantzazu, Jasone eta Jon gustura dira izan duten harrerarekin. "Duela ia urtebete elkartu ginen, baina hilabete batzuk pasatu ziren abian jarri ginenerako. Izan ere, jendaurrean hasi aurretik partiturak lortu behar dira, entseiatu, herrian kartelak ere jarri genituen… Lehen saioa iazko azaroan eskaini genuen: asteazken batean deitu ziguten larunbatean ezkontzen zirela esanez. Presaka eta korrika prestatu genuen arren, ondo atera zen. Izan ere, bikoteak gustuko zituen kantak jo genituen. Emakumearen Egunean ere jo genuen, Urretxuko Udaletxean, bi udalek deituta".
Hala ere, nahi baino kontzertu gutxiago eskaini dituzte. "Zorte txarra izan dugu: jatetxe batetik deitu ziguten San Balentin egunean jotzeko eta bi aste gauero entseiatzen eman ondoren, azken unean ez joateko esan ziguten. Errepertorio zabala prestatzeko balio izan zigun, gutxienez: ezkontzetarako obra klasikoak, Mendelssohn, Mozart, Ken7, Hertzainak…".
Jendea ez omen dago oraindik inor ezkontzetan jotzeko deitzera ohituta. "Ezkongaien koadrilako baten batek zer edo zer jotzen duenetan soilik jotzen da ezkontzetan, bestelakoetan ez. Dena den, jendeak geroz eta ezkontza politagoak eta bereziagoak nahi dituenez, geroz eta emanaldi gehiago izatea espero dugu. Orain arte ezkongaien senitartekoek deitu digute beti, gure emanaldia opari modukoa izan da".
Xamberrekoek argi utzi nahi dute, gainera, emanaldia nolakoa izango den bezeroekin adostea atsegin dutela. "Elkarlanean prestatzen ditugu emanaldiak eta ezkongaiek zein musika estilo atsegin duten jakitea gustatzen zaigu. Edozertarako prest gaude, jendeak deitu dezala lasai".