Noiz eta non hasi zinen lanean?
Ikasle garaian hiru edo lau uda eman nituen Irizarren lanean eta, gero, Eredu enpresan aritu nintzen. Soldaduzkatik etorri ondoren, Fagorrera bidali nuen nire kurrikuluma eta 1986an bertan hasi nintzen lanean.
Psikologia ikasketak egin zenituen, enpresa munduan lan egiteko asmoarekin?
Nire asmoa psikologia industrial arloan lan egitea zen eta zortea izan nuen. 1986an, 24 urterekin, pertsonal buru sartu nintzen Fagorren. Lau bat urte eman nituen postu horretan eta, gero, antolaketa, hautaketa eta formazio mundura pasatu nintzen. Hor beste bi edo hiru urte eman ondoren, oso egoera txarra bizi zuen Azpeitiko Danonara bidali ninduten giza baliabide kudeaketa zuzendari lanera. Han bost urte inguru eman ondoren, Fagorreko giza baliabide arduradun izatea eskaini zidaten. Duela lau urte, Antonio Cancelo presidenteak MCCko giza baliabideen kudeaketa eskaini zidan. Orain, berriz, "Hogar" saileko buru izatea eskaini didate. "Hogar" sailean Arrasateko Fagor Electrodomesticos, Oñatiko Fagor Industrial, Frantziako Brandt, Poloniako Wrozamet eta Azpeitiko Danona eta Grumal daude, besteak beste. MCCko zazpi lehendakariordetako bat izango naiz uztailetik aurrera.
Orain arte giza baliabideen kudeaketan lan egin duzu. Zer nolakoa izan da zure lana?
Antolaketa munduan lan egin dut, baina ez ekoizpen aldetik, baizik eta pertsonen aldetik. Beti esan izan dugu garrantzitsuena pertsonak direla eta horiekin aritu naiz. Egia esan, nahiko gustura ibili naiz. Taldeen antolaketan lan egin dut, baina ekonomia, finantza, estrategia… kontuak derrigor ikasi behar izan ditut. Psikologia ikasketak nahiko ahaztuta ditudan arren, erabiltzen dut psikologia.
Nolakoa da orain arteko zure lan eguna?
Bilera pila izaten ditut. Hiru arlo garrantzitsu jorratzen ditut: zuzendarien formazioa, baloreen munduaren berpiztea eta kooperatibak ez diren MCCren enpresetako langileen partaidetza bultzatzea.
Langileekin harreman handia izango zenuen orain arte…
Bai, aurrez-aurrekoa. Beti gustatu izan zait jendearekin harremana izatea eta lan munduan ere ez dut inongo esperientzia txarrik. Gauzak norberaren ikuspuntutik azalduz gero eta bestearen ikuspuntua kontuan izanez gero, normalean akordio batera heltzea lortzen da.
Sindikatuekin ere harremana izan al duzu?
Edesa erosi genuenean izan nuen harremana sindikatuekin. Polonian ere izan dugu eta, orain, Brandt-en ere izan beharko dugu. Sindikatuak negoziatzeko garaian gogor samarrak dira, baina akordio batera iritsiz gero, ez da beraiekin arazorik izaten. Guk gizarte-kontseiluak ditugu eta, nire ustez, hauen funtzionamendua hobea da sindikatuena baino. Izan ere, gizarte-kontseiluek lan baldintzei soldaten igoerari baino garrantzia handiagoa ematen diote.
Zuen eredua ez duzue saltzeko…
Ez dugu beste ereduak txarrak direnik esaten, baina guk geurean sinesten dugu eta onena dela uste dugu. Langileentzat nahiko positiboa dela uste dugu, nahiz eta berdin-berdin lan egin behar duten.
Langileen partehartzea diozuen bezainbestekoa al da?
Partehartzea lau arlotan ematen da: kudeaketan, emaitzetan, kapitalean eta estamentu instituzionaletan. Kapitalismo munduan, ordea, akziodunak dira estamentu instituzionaletan egoten direnak.
Baina langile xumeek enpresa benetan eurena ikusten al dute?
Baietz uste dut. Hor eredu oso ezberdinak daude. Irizarrena oso aurreratua dago, Fagorrena ere polita da… Langileek nahiago dute kooperatiba batean lan egin, erabakirik garrantzitsuenak eurek hartzen baitituzte. Sistema, hobetu daitekeen arren, nahiko sistema ona da.
Giza baliabideen arloan aritu zara urte luzetan, zer eskatzen diozu langile bati?
Zintzoa izatea eta hura berarena dela kontuan izatea. Langilea gainontzeko guztiak bezala inplikatu behar da proiektuan. Gu ez gaude dirua irabazteko, Euskal Herrian enplegua sortzeko baizik. Kooperatibak denboran jasangarriak izan behar dira, epe luzean iraun behar dute.
Nola ikusten dituzu egungo gazteak?
Gizartea aldatu egin da, baina ez dut uste garai batekoak hobeak zirenik. Egungo gazteek ere balore onak dituzte eta prestakuntza garai batekoa baino hobea da.
Beharko dute gaur egungo mundu mailako konpetentziari aurre egiteko…
Guk bi helburu ditugu: orain arteko produktuarekin jarraitu, berrituz, eta beste sektore batzuetan sartu. Urtero produktu berriekin negozio bat sortzea jarri dugu helburu.
Orain arteko bidea alde batera utzi behar duzu, zer nolakoa izango da hemendik aurrerako zure lana?
Oraingoa lanpostu exekutiboa da. Enpresak koordinatzen arituko naiz: kudeatzaileei eta langileei lagunduko diet eta denbora pila bat eskaini behar diot erosi berria dugun Brandt enpresari. Hango enpresa-kultura eta antolaketa aldatu behar ditugu pixkanaka-pixkanaka, bai han eta bai hemen bi erakundeek dituzten gauza onenak aprobetxatu behar ditugula uste dugu. Hurrengo bi edo hiru urteak nahiko gogorrak izango dira.
Euskal Herriko industria jarduera MCC bezain ondo ikusten al duzu?
Ondo ikusten dut, baina familia-enpresa asko daude eta hirugarren belaunaldikoak dira enpresa hauek kudeatzen ari direnak. Hirugarren belaunaldiko hauek dena egina jaso dute eta apustu handia egin beharko dute enpresa aurrera ateratzeko.
Nola ikusten duzu jaioterria?
Seguran bizi naiz eta ez dut asko ezagutzen hemengo egoera. Dena den, 20 urtetik hona sekulako aldea eman da. Duela 20 urteko egoera oso txarra zen eta orain industrialdeak daude, lana badago… Deba Garaian edo beheko Goierrin industria gehiago ikusten den arren, baikorra naiz. Azken batean, sekulako aldaketa eman da hemen azken urteotan.
MCCk ez al du Goierri Garaiara etortzeko asmorik?
Kontua ez da enpresak ekartzea edo ez ekartzea. Gure filosofia egitasmo bat duen jendearekin eskuzabalak izatea da. Kooperatibak ideia bat duten eta aurrera jotzen duten langileek sortzen dituzte. Urretxu, Zumarraga eta Legazpin ez da filosofia hori egon, baina Ormaiztegin, Ordizian, Legorretan eta Arrasate inguruan bai.