Nolatan hasi zinen golfean jokatzen?
Betidanik egin dut kirola, baina adin batetik aurrera zenbait kiroletan ezin da nahi bezain ondo moldatu. Lehen futbolean, squashean… aritzen nintzen, baina dagoeneko gorputzak ez zidan nahi bezain ondo erantzuten. Txirrindularitza, korrika egitea… aspergarri samarrak iruditzen zaizkit eta Madrilgo lagun batzuei golfa zenbat gustatzen zaien ikusita, kirol hau egitea erabaki nuen. Lagun horietako bat ehiztari amorratua zela eta orain golfean jokatzen duela ikusirik…
Nora jo zenuen?
Andoainera joan nintzen. Izan ere, lehengusu bat bertako Goiburu klubeko bazkidea da eta klub hau nahiko herrikoia da; merkea. Beste klub batzuetan akzioa erosi behar da: Jaizkibelen, esaterako, 24.000 euro ordaindu behar da. Goiburun, berriz, urtean 20.000 pezeta besterik ez da ordaindu behar.
Zer moduz moldatu zinen?
Handicap-a lortu arte ezin da zelaira irten. Hori dela eta, hasieran ikasteko entrenatu besterik ezin da egin. Nire irakaslea Pello Iguaran jokalari profesionala da eta hasi eta lau hilabetera handicap-a lortu nuen. Iguaranek nirekin gustura dagoela baina berandu hartu nauela esaten dit.
Zelaira irten ahal izateko handicap-a behar dela esan duzu. Zer da hori?
Handicap okerrena 36koa da. Horrek zer esan nahi duen? Normalean golf zelaiek 18 zulo dituzte eta ibilbidea 72 kolperekin osatzeko pentsatuak daude. 36ko handicap-a izatea zelaia 72 baino 36 kolpe gehiagotan osatzea da. Nik 13koa dut. Noizbait ibilbideren bat 75 kolpetan osatu izan dut, baina handicap-a txapelketatan soilik hobetu daiteke.
Txapelketa asko jokatzen al dituzu?
Ia astebururo txapelketaren bat dago hemen inguruan: Jaizkibelen, Basozabalen, Zarautzen… Nire klubak antolatzen dituen txapelketetan soilik ematen dut izena, bestela eguna alde batetik bestera emango bainuke. Txapelketa hauek amateurren artekoak diren arren, gure artean golferako soilik bizi den jendea ere badago.
Zenbat txapelketa irabazi dituzu?
Iaz Gipuzkoako Kopa irabazi nuen eta azken hilabeteotan beste bi txapelketa irabazi ditut, betiere nire handicap-ari dagokion kategorian.
Zeure buruari helbururen bat jarri al diozu?
Handicap-a dexente jaisteko esperantza dut, baina irakasleak helburu zeha-tzik ez jartzeko esaten dit. 0ko handicap-era heltzeko irakasten ari zaidala esaten dit, baina dagoeneko 38 urte ditut eta ez dakit helduko naizen. 0 eta 5 artekora heltzea espero dut.
Asko ari al zara hobetzen?
Bi urtetan asko hobetu dut, ez inor baino azkarragoa naizelako, asko jokatzen dudalako baizik. Izan ere, kirol honetan, jokatzeari utziz gero, asko galtzen da. Konfidantza eta konzentrazioa funtsezkoak dira. Kirol askotan aritu naiz eta ez dut hau bezain zaila den kirolik ezagutu.
Horren zaila izan arren, izugarri gustukoa duzue…
Golfean ez dago nori errua bota: ez arerioari, ez taldekideari, ez epaileari… Norberak zelaiaren aurka jokatzen du eta, lehiakorra izanez gero, akabo! Pilotari ondo ematen ikasi bezain pronto, izugarri gozatzen da. Azkenerako, esfortzu handirik gabe sekulako pilotakadak ematen ikasten da. Gainera, aire irekian egiten da, osasuntsua da, kirola egiten da… Edonork egin ditzake 18 zulo, baina etxera nekatua heltzen zara. Izan ere, 11-12 kilometro egiten dira eta hemengo zelaiak aldapatsuak dira. Bestalde, familian egin daitekeen kirola da. Izan ere, bakoitzak bere handicap-a hobetzeko jokatzen du.
Zenbat aldiz jokatzen duzu astean?
Hiru edo lau aldiz gutxienez. Dagoeneko ez dut beste zaletasunik. Jendea erratuta dagoela esan nahi nuke: kirol hau aberatsen kirola dela esaten dute, baina ez da gimnasio batera joatea baino garestiagoa. Eskiatzea baino askoz ere merkeagoa da. Golfarekin eskiarekin gertatu zena gertatuko da: duela 25 urte ia inork ez zuen eskiatzen eta egun jende asko joaten da eskiatzera. Nire ustez, hemendik urte batzuetara golfa oso kirol herrikoia izango da. Egungo arazo bakarra Andoainera joan beharra da, baina Oñatin eta Ordizian ere golf zelaiak egin behar dituzte. Jendea kirol hau egitera animatu nahi nuke.
Materiala ez al da garestia?
Marketinga dela eta, batzuek oso sarritan aldatzen dituzte makilak. Hori dela eta, bigarren eskuko merkatu zabala dago interneten. 25.000 pezetaren truke, bizitza osorako makil onak eros daitezke.
Etxekoek zer esaten dizute?
Gehiegizko zaletasuna dela eta, etxean arazoak dituen jendea ezagutzen dut. Ni asteburuetan ez naiz jokatzera joaten, bestela emaztea haserretzen baitzait. Neurria hartu behar zaio: nik asteburutan emaztearekin egoten naiz eta astegunetan golfean jokatzeko bi edo hiru ordu izaten saiatzen naiz. Dena den, nire emazteak ere jokatzen hasteko asmoa du.
Emakume askok jokatzen al dute?
Emakumeentzat primerako kirola da. Izan ere, ariketa egiten da, pisua galtzen da, eguzkia hartzen da… Andoainen primeran pasatzen duen lauzpabost laguneko emakume koadrila dago.
Dirudun jendearen artean ere sekulako arrakasta du…
Lehengo egunean, Arcanges-en nintzela, Alain Prost nire aurretik ari zen. Jende hori normalean zelai onetara joaten da. Clemente, Toshack eta Santos, esaterako, Zarautzera joaten dira. Futbol jokalari ia guztiek jokatzen dute golfean: De Paula, Kodro, Luis Perez… Carlos Garcia Athletic-eko jokalari ohia oso ona da.
Zer esaten dizute lagunek?
Nik golfean jokatzea arraroa iruditzen zaie, aberaskumeen kirola iruditzen baitzaie. "Ez nuen uste hala bukatuko zenuenik" eta halakoak esaten dizkidate, eskerrak niri ere adarra jotzea gustatzen zaidan!
Jokatzen duen herriko jende gehiago ezagutzen al duzu?
Laupabosten berri dut soilik eta ez da harritzekoa, ez baitugu golf zelairik gertu. Nire zaletasunak eromen punttu bat baduela onartzen dut, Andoainera joan-etorria egiteko ordubete behar baitut. Dena den, Oñatiko eta Ordiziako zelaiak egiten dituztenean herriko jende gehiagok probatzeko aukera izango du.