Nola heldu zara marrazki bizidunen mundura?
3D ikasketak egin nituen, etxean laburmetraia proiektu bat egin nuen eta proiektu hau konpainietara bidali nuen. Galiziatik eta Durangoko Baleukotik deitu zidaten, baina Galiziara joatea bizimoduz guztiz aldatzea suposatzen zuenez, Durangora joan nintzen. Lau urte daramatzat bertan.
Nolatan erabaki zenuen 3D ikasketak egitea?
Andoainen ikus-entzuneko ikasketak egin nituen, baina ez du animazioarekin inongo zerikusirik. Animazio ikasketak Donostian egin nituen, baina ez dute animatzen ikasten, XSI programa erabiltzen baizik. Orain Maya programa erabiltzen dugu lanean. Programa hau eta Softimage dira punta-puntakoak, munduko ekoizpen guztietan erabiltzen direnak.
Zer lan egiten dituzue Baleukon?
Duela urte batzuk tipo batek filma bat egin eta Goya saria eman zioten. Hori ikusita, enpresa sortzea erabaki zuen eta jendea hartu zuen. Gure lehen pelikula "Betizu" izan zen, duela lau urte. Pelikula kaskarra da, baina elkarrekin egin genuen lehen filma zela kontuan izan behar da. Ondoren "Unibertsolariak" filma egin genuen, aurrekoa baino hobea. Pertsonaia horiekin ETBrentzako 15 ataleko telesaila egin genuen. Iaz, berriz, "Olentzero" egin genuen. Bukatzeko, aurten "Olentzero"-ren bigarren atala egin dugu. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean estreinatu dugu eta gustura gelditu gara: orain arte egin dugun filmik onena da.
Zer esango zenioke jendeari "Olentzero eta subilaren lapurreta" ikustera joan dadin?
Nire ustez, merezi du. Animazioa gustuko duen jendeari eta Euskadin animazioa egitearen alde dagoen jendeari gustatuko zaiola uste dut. Nahiko ondo dagoela uste dut.
Zertan ari zarete orain?
Argentinan "Ratoncito Pérez" filma egiten ari dira, benetako irudiez eta animazioaz osatuta dagoena, eta gu animazioaren zati bat ari gara egiten. Ea gauzak ondo irteten diren! "Betizu"-ren bigarren zatia egiteko asmoa ere badagoela uste dut. Urtero film bat egiten dugu, Gabon inguruan estreinatzen dena.
Animazio zuzendaria zara, zein da zehazki egiten duzun lana?
Animatzeaz gain, zuzendariarekin batera pertsonaiak nola moldatu behar diren erabakitzen dut. Sei edo zazpi animatzaile gaude guztira. Enpresan hogei lagunetik gora gaude dagoeneko, baina ez ditugu filmak soilik egiten. ETBrako infografiak ere egiten ditugu, esaterako.
Haurrentzako filmak soilik egin dituzue…
Dagoeneko edozein gidoirekin filma egiteko eta Europa mailan lehiatzeko gutxieneko maila lortu dugu, baina dirua ez dugu guk jartzen… Dirua enpresaren jabeek jartzen dute eta lana egiteko modu bat dute: hemengo jendea ezagutzen dute, badakite dirulaguntzak non lortzen diren… Haurrei zuzendutako produktuetan arriskatzen dute euren dirua eta badakite horiekin aurrera egin daitekeela. Izan ere, halako film bat egiteko 50 milioi inguru behar dira.
Euskal Herria inguruan ere gauzak antzera al dira?
Galizian "Don Quijote" egiten ari dira eta, azken finean, Espainiako betiko kontua da. "La noche de San Juan" ere egin zuten… Normalean, hemen inguruan tokian-tokiko istorioak erabiltzen dira.
Helduentzako zer edo zer egitea gustatuko al litzaizuke?
Pixar etxearen filmatako istorioak ere haurrentzako dira, baina gidoiak eta elkarrizketak helduentzako modukoak dira. Azkenean, adin guztietako jendeak ikusten ditu film horiek. Ipuinak dira, baina beste era batera landuak daude.
Zer nolako filmak atsegin dituzu zuk?
Sartu nintzenean ez nuen ideia handirik. Orain, lanean Japonetik heltzen den guztia ikusten dugu. Izan ere, urte asko daramatzate honetan lanean eta izugarriak dira. Tim Burtonen animaziozko pelikulak ere atsegin ditut. Internetetik gauza asko jaisten ditugu, animazioaren kontua oso azkar baitoa. Izan ere, artea eta teknologia uztartzen ditu.
Zein da Japoniako eta EEBBetako animazioaren eta hemengoaren artean dagoen alderik handiena?
Guk zortzi hilabetetan egin dugu "Olentzero" filma, beti bezala nahi baino azkarrago egin behar izan dugu. Pixar enpresan, ordea, hiru edo lau urte ematen dituzte filma bat egiten. Aurrekontu aldetik, berbera: beraiek lehen mailan daude eta gu erregionalean. Animazio on-ona egiteko denbora asko behar da, baina guk ez dugu denbora hori.
Kanpora joatea gustatuko al litzaizuke?
Bai, baina lanean lagun dezente egin ditut eta gauzak gero eta hobeto egiten ari gara. Dena den, egunen batean lana falta bada-edo, kanpora joan beharko dut. Lan honetan jende asko batetik bestera ibiltzen da. Durangotik Galiziako eta Madrileko jendea pasatu da, esaterako. Gurekin ibilitako bat EEBBetan izan zen "El señor de los anillos" filmaren bideojokoa egiten.
Telebistan botatzen dutena zer iruditzen zaizu?
Kateek segurura jotzen dute eta normala da. Azken finean, dirua irabazteko makinak dira. Horregatik ibiltzen gara gu interneten, telebistan betiko gauzak botatzen dituztelako: betiko istorioak, antzeko gidoiak… Interneten denetik duzu, baina marrazki bizidunak haurrak telebistari begira egon daitezen besterik egiten ez diren produktuak dira.
"Shin Chan"-ek zeresan handia eman du azkenaldian. Zer iruditzen zaizu?
Gauzak kontatu nahi duzunaren arabera egin behar dira. "Shin Chan" telesaileko marrazkiak oso sinpleak dira, baina oso ondo funtzionatzen du eta hor dago gakoa. Marrazki oso ikusgarriek porrot egin dezakete eta elkarrekin hitz egiten duten bi pilotek arrakasta itzela izan dezakete. Garrantzitsuena gidoia da. Taldean lan egiten da eta oso garrantzitsua da guztiek ideia berberaren inguruan lan egitea. Guri hori lortzea apur bat kostatu zaigu. Hasieran bakoitzak bururatzen zitzaiona egiten zuen, hobeto zeritzona, baina diziplina apur bat behar da.