Desafioa jokatzeko asmoa omen duzue…
Inixio: Astelehenean desafioa adostu eta asteartean Itziarren denak jakinaren gainean zeuden dagoeneko. Beste komentariorik ez zegoen. Asteazkenean telefonotik deika nituen: Apustua egin al duk? Galduko duk!
Egoitz: Horra joan egin behar da, etxean geldituta ez dago ezer eta! Geldi egonda, jan besterik ez dute egiten!
Inixio: Jaten ematen egunean hogei duro edo gastatzen dira, baina garestiago irteten da idiak mugitzea. Iluntzean joan eta ordu eta erdi behar da gutxienez zer edo zer egiteko. Afiziorik ez daukanarentzat lan zaila da. Gure semea kamioiarekin ibiltzen da eta kamioia utzitakoan gozatu egiten du idiekin. Bestalde, idiak dauzkanak diru pixka bat ekarri nahi izaten du etxera, gastuak estaltzeko behintzat.
Zuen lehenengo desafioa da, Inixio.
Egoitz: Lehenengo desafioa? Sekula ez zarete joan jokora?
Inixio: Ez naiz sekula jokozalea izan. Gure aita zena bizi izan balitz, jokora ezta… Makina bat aldiz izan zituen idi onak, baina… Ez da ona, gainera. Proban ibilitako idiak ezin dira gero soroan arrastoan eraman, bizi ibiltzen ohitzen baitira.
Hemen afiziorik ez da falta…
Egoitz: Oraintxe hasi da hemen.
Inixio: Lehen ere beti izan da. Ni mutikoa nintzela, Urretxun gure aitak eta Beaingoak egiten zuten proba. Abenduko ferian izaten zen eta alkateak esaten zuen nortzuk parte hartu behar zuten.
Egoitz: Egun idi asko daude hemen. Probara 9-10 pare joaten dira… Ia baserri guztietan daude idiak.
Inixio: Mutikotatik ezagutu ditut idiak etxean. Beste asko utzita izan dira, baina orain jarri egin dituzte. Kale umeek ere ipini dituzte idiak eta!
Zergatik ari da ematen fenomeno hau?
Inixio: Urte batzuetan jendeak idiengatik diru dezente ordaindu du eta, horren pozarekin edo ez dakit zerekin, denak idiak jartzen ari dira. Puntan zebiltzanek gustatzen zitzaien idiarengatik bi milioi pezeta pagatzen zuten, igoal. Lehengoan albaitariarekin Ormaiztegitik Legazpiraino 60 iditik gora kontatu genituen. Honek zortzi bat izango ditu, honen aitonak beste lau bat edo gehiago izango ditu, gurean lau daude… Zumarragan ere mordoa: Urruztin, Igaraberrin, Aizpurun, Sagaspen, Elorriagan…
Egoitz: Orain bezainbeste idi-proba ez dira sekula izan hemen. Duela 6-8 urte, zuek pare bat, gure zaharra beste pare batekin, Elorriaga eta Urruzti, ez zegoen gehiago! Aurten 9 pare egon dira Zumarragako proban!
Inixio: Hurrengo urtean beste bi pare gehiago egongo dira igoal, gainera!
Inguru honetan horrenbeste idi daudela eta, zer esaten dizue kanpoko jendeak?
Inixio: Batzuek zuek zoratuta zaudete esango dute. Bigarren idi parea jarri eta… zer pentsatzen duzue zuek?
Egoitz: Nik idiekin ez dut oraindik zorrik egin. Beti zer edo zer kobratzen da. Gastutarako adina ateratzen da.
Hemendik kanpora ere ez zarete gaizki moldatzen, beraz.
Inixio: Geroz eta okerrago, geroz eta lehia handiagoa baitago. Dena den, Legazpin idiak ipini dituztenak kale umeak dira eta aspertu egingo direla uste dut. Izan ere, haiek idiak probarako prestatzerako bospasei urte beharko dituzte. Idiak kanpora irteteko moduan jartzeko zazpi bat urte behar dira.
Egoitz: Batzuk, lehen proba egin eta kendu egin behar dira. Onak gutxi irteten dira, gainontzeko kiroletan bezala.
Inixio: Gizonek bezalaxe, animaliek ere berezkoa behar dute.
Nondik ekartzen dituzue idiak?
Inixio: Zamora, Galizia eta Portugal alde horretatik. Hemen bertan ere ari dira idiak hazten, baina hemen jaiotakoak ez dira oraindik onak irten. Hona bi edo hiru urterekin ekartzen ditugu eta, ondoren, lauzpabost urte izaten ditugu baserrian prestatzen. Igaraberrik hemen jaiotako idi pare bikaina atera zuen Zumarragan, baina ez zuten kolperik. Idi pare on batek jenioa, petxua, preparazioa… behar ditu, gizonak bezalaxe.
Berezko dohainez eta prestaketaz gain, dopinaz ere asko hitz egiten da…
Inixio: Drogatu egiten dituztela asko esaten da. Futbolariak, txirrindulariak… gizonak drogatzen ari dira eta ganadua drogatzea gaizki iruditzen zaio askori.
Egoitz: Nik hori etxean ikusi dut: gure zaharrak lehen beti botila bana kafe eta sei bat zentramina ematen zizkien. Duela bost urte dopin kontrolak hasi ziren eta dagoeneko ez dago hori egiterik. Hala ere, droga asko dago. Ez dakit zer sartzen zaien, baina asko. Dirudun jendeak positiboa ematen ez duen produktu bat erabiltzen du. Hori emanez gero, idi zaharrak aurrera joaten dira. Zaldiak bezala joaten dira!
Inixio: Idia balio ez duelakoan saldu, horiek hartu eta aurreko puntara atera dute. Lana bukatu eta idiak gelditu ezinda. Ezin eutsi! Hiruzpalau gizon aurrean jarri eta hala ere, aurrera.
Dopina dela, besteak beste, idi-probak astakeria direla iruditzen zaie askori.
Inixio: Ormaiztegin idi-probak antolatzekotan ibili dira eta zinegotziak animaliei tratu txarra ematen zaiela esan du. Zenbatek egurra ematen die idiei, baina Urretxu eta Zumarragan ez da halakorik egiten. Hori plaza itxietan eta dirua jokatzen den tokietan ematen da.
Egoitz: Idi-probak baino okerragoak dira zezenak… Gure idiak gu baino hobeto zainduak daude. Gauean mantatuta lo egiten dute eta!
Inixio: Ordu erdian lan pixka bat egin behar dutela? Hortxe daude gizonak bizikletan-eta… Idiak berotu egiten dira, baina drogarik eman gabe badaude, ez dira hondatzen. Urretxun proban ibili, joan etxera, mantatu, jaten eman, utzi, hurrengo egunean askatu eta jolasean ibiltzen dira.
Santa Lutzitan zure idiak aitonaren idiekin eta Elorriagakoekin neurtuko dira Egoitz, zer esperantza?
Egoitz: Irabazteko esperantzarekin beti, baina, kontuz!
Inixio: Elorriagak ere, pisu librerako behintzat, idi onak du. Bi plazaren barruan edo sartuko dira. Probarik finenak hemen jokatzen dira: dirurik ez da jokatzen, baina joaten direnak sailkatzera joaten dira. Giro ona egoten da, Santa Lutzitan jendea latz egoten da ikusten.
Egoitz: Hondarra bota eta bota ari dira eta plaza izorratzen ari dira niretzako, zailtzen.
Inixio: Plaza luzea ere bada eta motzean ohitutakoak bete egiten dira.