Idazteko zaletasun handia al duzu?
Egia esan, ez. Kazetari lanean idazten dut, baina hortik kanpo ez dut batere idazten. Duela bi urte izan nuen Ondarroako lehiaketa honen berri eta, gaia interesgarria iruditu zitzaidanez eta gehienez bi orrialde idatzi behar direnez, zer edo zer idaztea erabaki nuen. Erabakigarriena lanaren luzaera mugatua izan zen, alfer samarra bainaiz. Bi orrialde idazteko gai izango nintzela pentsatu nuen.
Zer dela eta iruditu zitzaizun hain interesgarria gutun testamentua idaztea?
Gutun bat idaztea nobela bat idaztea baino errazagoa da, norberaren paranoiak idazteko aukera ematen baitu. Dena den, bigarren lan hau ez dut gutun moduan idatzi. Bestalde, gaiak ironia lantzeko aukera ematen duela iruditzen zait.
Nolakoa izan zen iaz aurkeztu zenuen gutuna?
Iaz gutun nahiko normala idatzi nuen, testamentu modukoa. Bururatu zitzaizkidan tontakeria guztiak bata bestearen atzetik idatzi nituen eta, azkenean, aipamen berezia irabazi nuen. Iazko gutuna emazteari eta seme-alabei zuzendua zegoen. Ondasun bezala pitokeriak utzi eta halakoak egin nuen. Harrituta gelditu nintzen aipamen berezia eman zidatela esan zidatenean. Iazko lehen saria Leire Bilbaok irabazi zuen eta aipamen bereziak Xabier Mendigurenek, Enbeitatar batek eta nik irabazi genituen.
Aurtengora iazkoak animatuta aurkeztuko zinen…
Aipamen berezia lortu nuenez, aurten ere aurkeztea erabaki nuen. Txukun samar atera zitzaidala pentsatu nuen, baina ez nuen inondik inora uste irabaziko nuenik. Ezinezkoa zela uste nuen. Beno, partida berean bost penalti huts egitea (Jose Luis izeneko atezain bitxi baten aurka) ere ezinezkoa zela uste nuen eta Amorrorturen gizonek egin zuten.
Zer nolakoa da 600 euroko saria eman dizun gutuna?
Testamentua absurdoa da eta bost lerro besterik ez ditu. Gainerakoan bost lerro horiek idaztera nola iritsi naizen kontatzen dut: taberna batean nire abokatuarekin elkartu nintzela, pixkanaka whisky-ak edaten hasi ginela, burua galdu nuela eta, agirien artean ibiltzeaz nazkatuta, aho-zapi-txo batean idatzi nuela emazteari zuzendutako testamentu ulertezina.
Pertsonaia nagusia bete-bete eginda dagoen bankeroa da. Arrazoi bereziren batengatik hautatu al zenuen halako pertsonaia?
Pertsonaia nagusia mozkortu eta drogatzearen ideia Hunter S. Thompson estatubatuarraren "Miedo y asco en Las Vegas" liburutik plagiatu nuen. Pertsonaia zentzurik gabeko gauza xelebreak esan eta egiten jartzeko bide ematen zidala ikusi nuen. Lanbideari dagokionez, koadrilako jendearen lanbideen artean aluena zein den pentsatzen jarri eta azkar asko hartu nuen erabakia: bankero peseteroa!
Epaimahaiak zure lanaren orijinaltasuna, ironia eta hizkera azpimarratu zituen. Zer diozu zuk?
Hori izan daiteke, euskaraz nik baino txukunago idazten duten milaka pertsona egongo dira. Euskaragatik irabaziko ez nuela jakinik, banekien baita ere gaiari norabide berezia eman beharko niola. Iaz irabazi zuenak gaia serio hartu zuen, baina ni, horrela idatzita, ez noa inora.
Sari honek alferkeria alde batera utzi eta gehiago idaztera animatuko al zaitu?
Gehienez bi orriko luzerak erakarrita idatzi nuen eta berdin jarraituko dut. Beste lehiaketaren bateko gaiak erakartzen banau, orri gutxi idatzi behar baldin badira eta idazteko denbora eta gogoa badut, idatziko dut. Normalean, etxera heldu eta ez naiz idazten jartzen. Eseri eta telebista ikusten dut, lagunekin poteatzera irteten naiz, futbolean jokatzera joaten naiz… edozer idazten hasi baino lehen. Dezente irakurtzen dut, baina idatzi lanean bakarrik. Kasualitatez asteburu pare bat etxean gelditu nintzen eta horiek baliatu nituen testamentu gutuna idazteko.
Ondarroan zure zain izango dira…
Beharbada datorren urtean berriro aurkeztuko naiz. Ea datorren urtean sari banaketa eguna, Santu guztien eguna, asteburua tokatzen den. Izan ere, animatzen hasi ginenean alde egin behar izan genuen sari banaketaren ondorengo afaritik.