Nolatan hasi zinen eskubaloian?
Urretxun jaio nintzen, San Martin auzoan, baina Logroñoko salestarretara joan nintzen ikastera. Han, 1970ean, 10 urte nituela, benjamin mailako taldea sortu genuen. Talde hartan GALek hil zuen Oñaederrak jokatzen zuela oroitzen dut.
Noiz hasi zinen Goierrin?
Ikasketak utzi nituenean. Goierri desegin zenean nesken eskubaloi taldea sortu zen eta hori entrenatzen hasi nintzen, orduan sortu zen Urolako eskubaloi saila.
Zenbat urterekin itzuli zinen Logroñotik?
17 urterekin. Jubeniletako azken urtean hasi nintzen Goierrin, Juanito Dominguezekin. Senior mailan Larrarekin, Mitxel zenarekin, Juanfranekin, Ramonekin, Etxanizekin… jokatu nuen.
Garai hartan zaletasun handia zegoen.
Bai. Garai hartan hasi zen eskubaloia hemen. La Salle taldean jokatu zutenek Goierri taldeko saila sortu zuten eta ni etorri nintzen urtean jubenil mailako taldea ateratzeko asmoa zuten. Urretxuko jaietan txapelketa bat antolatu zuten eta hor jokatu genuen jokalariekin atera zuten talde hori. Arabako jubenil mailako selekzioan nengoen eta horrek hona etortzeko balio zidan.
Noiz arte jokatu zenuen eskubaloian?
20-21 urte bitartean, gero 9 urte eman nituen epaile lanetan. Jokalari faltagatik Goierri desegin zenean utzi nion jokatzeari. Epaile lana, berriz, familiagatik utzi nuen. Garai hartan Zumarragako alkate zenaren babesa nuen, baina Lehen Mailako partidak epaitzen nituen eta horrek asteburuero Bartzelonara, Madrilera… joan beharra suposatzen zuen.
Nolatan hasi zinen epaile lanetan?
Federazioan sartu nintzen, animatu egin ninduten, ikastaro pare bat egin nituen eta ondo moldatzen nintzenez… Lehen Mailako epaile gazteena nintzen. Egun Ohorezko Mailan dauden taldeak zeuden, San Antonio adibidez.
Nolatan ez zinen Ohorezko Mailara igo?
Horra gora heltzen zarenean, gauza arraroak ikusten dira. Ni gustura nenbilen, baina manipulazioak ezin nituen jasan. Hori eta familia zela medio utzi nuen. Dena den, oraindik noizean behin partidaren bat epaitzen dut.
Entrenatzen, neskekin hasi zinen.
Ondo hasi ginen eta epe laburrean arrakasta izan genuen: bigarren urtean txapeldunordeak, hirugarrenean txapeldunak. eskolartekoan Euskadiko txapeldunak izan ginen, mutilen taldeak sortu ziren…
23 urte daramazu Urolako taldeak entrenatzen, erraz esaten da…
Urolan gauden kideok taldez aldatzen dugu: urte batean nesken taldea hartzen dugu, bestean kadete mailakoa, hurrengoan kadeteena… Aurten senior mailako bigarren taldea entrenatzen ari naiz. Taldez aldatzea komeni da, jokalariek jende ezberdinarengandik gauza ezberdinak ikas ditzaten. Urte batean zonalde honetako infantil mailako selekzioa entrenatu nuen. 14 mutil haietatik 8 Espainiako selekziorako hartu zituzten eta oso pozgarria izan zen.
Horrenbeste urte eskubaloian, ez al zaude nekatuta?
Biloba dut eta familiaz gozatzeko gogoa dut. Jende berriari tokia utzi nahi nioke, gazteagoei eman entrenatzeko ardura. Dena den, Urolatik alde egiteko asmorik ez dut. Izan ere, jende premian gaude. Aurten entrenatzeari uzteko asmoa nuen, baina ez zegoen ordezkorik. Nire beharrik ez dagoenean utziko dut. Inork ez nau behartzen, baina garai batean norbaitek, doan, jokatzera irakatsi bazidan…
Horretan gauzek okerrera egingo zuten.
Bai, bai… Tristea da, baina egun edozer gauza antolatzen duen edozein enpresari gustura asko ordaintzen diogu eta ez gara deus kobratzen ez duten bolondresei euren lana eskertzeko gai. Eskubaloian jokatzeari utzi duten gazteei laguntza eskatu eta ezetz esaten dute. Bolondres lana galtzen ari da: entrenatzaileak, direktiboak, delegatuak… falta dira, denetik. Gizartea asko aldatu da eta ez dago astean sei bat ordu eman nahi duen jende asko. Gazteekin lan egiteko pazientzia behar da, baina oso pozgarria da.
Kirol arloan gabezia txikiagoa al da?
Jokalariak badaude eta eskubaloizaletasunak osasun ona du. Alebinetako taldea dugu, kadete taldeak ez du partidarik galdu, jubenil taldera beste kiroletatik etorritako jokalariak daude…
Horrenbeste urtetan jarraitu baduzu, gustura ibili zaren seinale.
Bai, bai. Goierri emaitza onak lortu zituen lagun taldea zen, kluba baino. Gainera, herriaren babesa genuen: Gernikako Arbola plazan jokatzen genuen eta herritarrek talde eurena zuten. Egun dugun zaletu kopuruaz ere harro gaude.
Jokalari bikainak atera dituzue.
Egun, Susana Fraile, Iker Serrano eta Naiara Elgarresta punta-puntan daude. Markel Beltzak ere Bidasoan jokatzen du. Horrek zaletasuna bultzatzen du eta lanean jarraitzeko gogoa ematen du. Taldekook beraietaz oso harro gaude. Susana, adibidez, oso umetan hasi zen gurekin. Lehen partida Bizkaian jokatu zuela eta ez zela baloia gogor botatzen ausartzen gogoratzen dut: ez zion atezainari minik egin nahi. Halako esperientziak oso politak dira, ea jende gehiago etortzen den atzetik.
Gazte onak al datoz?
Kadete taldean bi edo hiru gazte oso on badaude. Senior taldean ere oso jende ona dugu: Joseba Garmendia "Txamako", Aimar Elgarresta…
Hori guztia ez da kasualitatea…
Oso lasai eta umil lan egin dugu eta, pixkanaka, emaitzak lortu ditugu. Neska-mutilak gurekin gustura aritu direla uste dut. Gazte askok agurtzen naute kaletik noanean eta ez da seinale txarra.
Gazte asko ezagutu dituzu, baina bat edo beste oso berezia izango da.
Susana Fraile Zelai-Ariztin eskubaloian jokatu nahi zuen bakarra zen. Hori dela eta, Labeaga eskolakoekin, nire alabarekin-eta, hasi zen. Umea zenetik ezagutzen dut, beraz. Iker ere kuttuna dut. Futbolean ez zebilen gustura. Eskubaloian jokatzera animatu nuen eta gustatu egin zitzaion. Gainera, koinatuaren iloba da.
Bukatzeko, pasadizoren bat kontaiguzu.
Sekula ahaztuko ez duguna presidentea bere emazteari giltzurruna transplantatu behar ziotelako Burrianatik ziztu bizian itzuli zenekoa da. Abenduaren 27an operatu zuten eta dena primeran irten zen.