Ia bi hilabete pasatu dira antzezlana estreinatu zenutenetik, gustura al zaudete?
Azaroaren hasieran estreinatu genuen Barakaldon eta, ordutik, Euskal Herriko hainbat tokitan izan gara: Lizarran, Donostian, Gernikan… Ikusi duten gehienek Ramon Barea zuzendariak lan ona egin duela eta aktoreon lana txukuna dela esan dute. Antzezlanak ia bi ordu irauten duenez, apur bat mozten saiatzen ari dira.
Zertan datza antzezlana?
Izenburu bereko liburuaren moldaketa da. Liburu hau psikiatra batek idatzi zuen eta hein handi batean autobiografikoa da. Psikiatra ospetsu hau nazkatu samar dago erabakiak hartzeko erabiltzen dugun prozedura mugatuaz eta bere bizitza dadoen esku uztea erabakitzen du. Erabaki bat hartu behar duen bakoitzean aukera guztiak idatzi eta dadoa botata erabakitzen du zein aukera hartu. Azkenean, besteak beste, lana eta emaztea galtzen ditu eta hilketa bat leporatzen diote. Oso komedia garratza da.
Zein da zure papera?
Zazpi aktorek parte hartzen dugu eta gehienok hiruzpalau pertsonaia egiten ditugu. Nik ospitalean dagoen gaixoarena, fundamentalistarena, gaixo masokistarena eta New Yorkeko polizia inspektorearena egiten dut. Aktore nagusia Mikel Losada aktore gaztea da eta honek pertsonaia nagusia bakarrik egiten du. Losada Kutsidazu bidea, Ixabel pelikulako aktore nagusia ere bada.
Gustura al zaude zure lanarekin?
Denbora dezente neraman taldean, antzerki talde profesional batekin, lan egin gabe, Manolito Gafotas egin genuenetik hain zuzen ere. Izan ere, azkenaldian tabernetan, gaztetxeetan, kultur etxeetan… bakarrizketak egiten ibili naiz. Egun, Illargui okindegian lan egiten ari naiz eta bi lanak uztartzea oso gogorra izan da. Lantegiko lana eta antzerkikoa zeharo ezberdinak dira eta aldi berean biak egitea zoramena izan da. Oporraldi bat baliatu nuen entseiuak egiteko eta Illarguin lan egiten dudala ere ahaztu nuen ia. Dena den, errealitatea beste bat da eta lantegian lan egin beharra dago familia aurrera ateratzeko. Antzezlan hau opari modukoa da.
Esfortzuak merezi du, beraz.
Hilean bost bat emanalditan parte hartzeko moduan naiz, baina hortik gora gehiegitxo da niretzat. Dena den, istorio txukuna badago, beti merezi du eskenatokira igotzeak.
Telebistan, zinean… beste lanen bat ba al duzu?
Telebistatik eta zine mundutik deitzen didate oraindik ere, baina oso gauza puntualak egiteko. Orain jarduera artistikoarekin inongo zerikusirik ez duen mundu batean nabil, baina oso ondo hartu naute eta oso gustura nago. Lanbide bat ikasteko aukera eman didate eta hori uzteko pertsonaia nagusiren bat eskaini beharko lidakete.
Okindegiko lanera moldatzea ez zen erraza izango.
Gogorra izan zen: egunero ordu berean, toki berera eta jende bera ikustera joan beharra izan zen gogorrena. Izan ere, aktoreok gure lanean egiten dugunaren kontrakoa da. Gogorra izan zen, baina edozertara moldatzeko gai gara.
Gainera, egitasmoren bat edo beste izango duzu buruan...
Bi egitasmo ditut eskuartean, herrian bertan. Alde batetik, Oskar Cadierno lagunarekin balio handiko bi pertsonaien arteko buruz burukoa prestatzen ari naiz. Antzezlan komikoa da, gaurkotasun handikoa eta ausarta. Komedia bikaina izango dela esango nuke, jendearen gustukoa izan daitekeena. Juduen munduaz hitz egin behar dugula eta pertsonaia nagusiak Abraham eta Samuel izeneko bi judu direla soilik esan dezaket.
Eta bigarren egitasmoa?
Antzerki tailerrekoek euren antzezlan bat zuzentzera gonbidatu naute. Heriotza osoa dugu aurretik izenburuko komedia da. Antzezlan hau tailerreko kideek eta Jose Luis Padronek landu zuten, baina bere garaian bazterrean gelditu zen. Bai tailerrekoek eta bai Padronek zer edo zer egiteko gogoa zuten eta honi heldu diote. Jose Luis bera oso gogotsu ikusten dut. Antzelana euskaraz estreinatuko da, Santa Isabel ondoren-edo.
Nola ikusten duzu antzerki mundua?
Ez dut desenkantu hitza erabili nahi, baina oso gogor lan egin eta deus ez lortzea gerta daiteke. Jendeak denbora-pasa arina besterik ez du nahi. Dagoeneko antzerkiak ez du ezer iraultzen, aldatzen edo berritzen. Ikusleek antzokitik atera eta berehala ahazten dute ikusi dutena.