Hirugarren adinekoentzako egoitzetan bizi dena gertutik ezagutzeko Urretxuko Egunerako Zentrora jo dugu. Apirilaren 22an 12 urte beteko dira ireki zela. Aitor Gago, Agurtzane Regorigo eta Izaro Idigorasek hasieratik lan egiten dute bertan. Loren Orobengoak, berriz, bi urte eta erdi daramatza.
Aitor Gagok Matia Fundazioan lan egin zuen hiru urtez, herrira itzultzeko aukera suertatu zitzaion arte. "Ez nuen ikasten jarraitzeko gogorik eta Matian lan egiten zuen izebak bertan jendea behar zutela esan zidan".
Agurtzane Regorigok ere Donostian lan egin zuen Urretxun hasi aurretik. "Gurutze Gorriaren ospitalean erizain laguntzaile izan nintzen bi urtez, gero bi udatan Zumarragako ospitalean lan egin nuen eta, azkenik, hemen hasi nintzen".
Izaro Idigorasek, berriz, Urretxuko Egunerako Zentroa besterik ez du ezagutu. "Gutxitu psikikoen heziketa ikasten ari nintzen eta bukatu baino pixka bat lehenago hemen hasi nintzen". Bukatzeko, Loren Orobengoak erizain laguntzaile ikasi zuen eta beti zaharrak zaintzen lan egin du.
Gago, Idigoras eta Regorigo izan ziren Egunerako Zentroa abian jarri zutenak. "Hasi ginenean egunerako zentro bat zer zen ere ez genekien, Urretxukoa lehenengotakoa izan baitzen. Guk hiroruk antolatu dugu eta atera dugu aurrera. Hasi aurretik Donostiara joan ginen han zeudenak ikustera, baina ez zuten hemen egin nahi zenarekin zerikusirik. Besteak 9.00etan ireki eta 17.00etan ixten dira. Hau, berriz, beranduago ireki eta ixten da. Hala, afaria ere hemen ematen diegu; behar gehiago asetzen ditugu".
Hasierako garaiak ez omen ziren batere gozoak izan. "Dena berria zen, bai zaharrentzat, bai Udalarentzat eta bai guretzat. Ez zuten etorri nahi, ez baitzekiten nora zetozen. Etorri eta gero ez zirela etxera bueltatuko uste zuten. Orain informazio gehiago dago eta familiarekin etortzen dira ikustera".
Familia askorentzat ere gogorra da senitarteko bat Egunerako Zentroan uztea. "Oraindik askori kosta egiten zaie, kontzientzian harra izaten dute. Dena den, geroz eta zahar gehiago daudenez eta behar gehiago dituztenez, jendea jada kontzientziatua dago: badakite zer nolako tokia den, zein jendek lan egiten duen… Hau beti dago beteta".
Zaharrek ere ez dute jada horrenbesteko trabarik jartzen. "Askok elkar ezagutzen dute eta badakite hemendik etxera joaten direla. Batzuei gogorra egiten zaie etxea uztea, baina bi egunetan moldatzen dira. Gainera, etxean baino zaintza handiagoa jasotzen dute, antzeko egoeran dagoen jendearekin daude, jarduerak dituzte…".
Gago Idigoras eta Regorigo egunerako zentroak bizi izan dituen aldaketa guztien lekuko izan dira. "Hasiera batean oso talde txikia ginen: 7-8 aitona-amona besterik ez genituen eta orain, berriz, 30 bat ditugu. Tarte batean 12-16 izan ziren, baina gero handitu egin zen".
Langile kopuruak ere gora egin du, noski. "Lehen hiruok besterik ez geunden eta dena egin behar genuen. Orain monitore bat ere badago, txostenak egiten dituena eta animazioaz arduratzen dena. Dagoeneko gure lana soilik, auxiliar lana, egiten dugu: zaharrei harrera egin, zaindu, bazkaria eta afaria eman, garbitu, behar dituzten sendagaiak eman…".
Zaharren senitartekoekin harremana ere badute, noski. "Denetik dago. Batzuk hemen utzi eta euretaz ahazten dira. Beste batzuk, berriz, egunero-egunero etortzen dira edota deitu egiten dute".
Egunerako zentrora joaten diren zaharren ezaugarriak ez omen dira aldatu urte hauetan guztietan. "Antzera etortzen dira. Ondo daudenak ez dira hona etortzen. Diputazioak jarritako mediku batek galderak egiten dizkie eta erantzunen arabera euren menpekotasun maila zehazten du".
Gehienetan okerrera egiten duen jendearekin lan egitea oso gogorra da. "Lan polita da, baina oso gogorra da eta gutxi baloratua dago, batez ere ekonomikoki. Udalak enpresa bati kontratatu dio zerbitzu hau. Bestalde, fisikoki oso neketsua da. Izan ere, pisu handia mugitu behar da. Gainera, jendeak okerrera nola egiten duen ikusten dugu eta hori oso gogorra da. Beste batzuk dagoeneko oso gaizki etortzen dira hona eta euren lekua ez litzateke hau izan behar".
Gure lau solaskideek diotenez, ez dago erabat ohitzerik. "Pertsonekin lan egiten dugu eta, askotan, hemendik atera ondoren etxera eramaten ditugu hemen bizitakoak. Aspaldi sartu direnak pixkanaka okerrera egiten ikustea oso gogorra da. Askori kariñoa hartzen diegu. Beraietako batzuek ere maitasuna ematen dute".
Juani Bergara: “Zaintzaileak oso ondo portatzen dira”
Zumarragako Areitzagabaso baserrian jaiotako Juani Bergara Urretxuko egunerako zentroa ireki eta berehala hasi zen bertara joaten, beteranoena dugu beraz. Zaintzaileek dagoeneko beraiek baino gehiago agintzen duela diote. "Hori oso zaila da, sorgin samarrak dira eta", dio Juanik txantxetan.
Gustura omen dago. "Zaintzaileak oso ondo portatzen dira, bai nirekin eta bai besteekin ere; baina norberak ere jakin egin behar du portatzen. Batzuk ez dira ondo moldatzen ez zaintzaileekin eta ezta gurekin ere. Ez nau asko eragiten, dagoeneko denetara ohituta bainago. Hemendik pasatu diren guztiekin… Ahazten ez direnak ere ikusi ditut".
Ez omen zaio eguna luze egiten. "Denetik egiten dut: hemen dagoen lehengusu batekin jokoan egin, haizea hartzera irten…".
Gaixorik heldu zen, baina egun gauza asko bere kabuz egiteko gai da. "Enkarguak egiteko-eta ateratzen naiz. Bestela, alabarekin bizi naiz. Hemen ez nagoenean etxeko lanetan eta bilobekin laguntzen diot, alabak bestela ere nahiko lan badu eta".
Rakel Blanco, Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzorde burua
"Autonomoak diren pertsonek herriko zerbitzuak erabiltzea nahi badugu, garraio publikoa ospitale ingururaino heltzea bideratu behar dugu. Ez dugu bertan geldirik egotea nahi, euren autonomia bultzatu nahi dugu".
"Askotan beharra badago, baina ez nahikoa diru eta beste behar batzuek lehentasuna dute".
"Zain daudenen zerrenda luze samarra da eta batzuek 8 hilabete eman izan dituzte zain. Dena den, zerrendaren kontua erlatiboa da: batzuetan gizonezkoentzat tokia badago, baina zerrendan gizonezkorik ez, esaterako. Bolada kontua da. Zoritxarrez, tokiren bat libratzen bada, norbait hil delako da".
"Adineko sendiak euren kargu dituztenek ere laguntza behar dute. Hori dela eta, hitzaldiak-eta izaten dira eurentzat".
"Egin behar diren guztiekin Foru Aldundiak 2008rako egin duen beharren azterketan azaldutako premiak asetuko dira, baina badakigu errekurtsoak beharren atzetik joan ohi direla. Hauek guztiak abian direnerako premiak handiagoak izango dira, segur aski".
Faustino Orbegozo geriatrikoa:
Menpekotasunen bat duten pertsonei zuzendua dago. Tokiren bat libre gelditzen denean geriatrikoak Aldundiari jakinarazten dio eta honek, bere eskaera zerrendan oinarrituta, nor bidali erabakitzen du. Geriatrikoaren jabea Fundazioa da, baina ez du funtzionamenduan parte hartzen. Hau Udaleko zinegotziek, alderdi politikoetako ordezkariek, elkarteetako kideek eta Mertzedariatarrek osatzen duten batzorde gidariaren esku dago. 48 lagunentzako tokia dago eta bertan psikologia, ileapaindegi, animazio, garbiketa, sukaldaritza, medikuntza, podologia… zerbitzua eskaintzen da. Bertakoak han bizi dira, baina batzuek autonomia apur bat dute eta herrira jaisteko moduan dira. Hori bultzatzen da, gainera. Geriatrikoko plazak balio duenaren zati bat Aldundiak ordaintzen du eta bestea zaharrak edo bere familiak. Zumarragako Udalak animazio soziokulturalerako dirulaguntza ematen du urtero. Geriatriko berria irekitzen denean, hau itxi egingo da. Faustino Orbegozo Fundazioak eta Udalak ez dute erabaki oraindik zer egin hutsik geldituko den eraikinarekin.
Geriatriko berria:
Iazko urte amaieran proiektuak aurkezteko lehiaketaren oinarriak argitaratu ziren. Lehiaketa irabazten duen enpresak 6 hilabeteko epea izango du azken proiektua aurkezteko. Urte bukaeran-edo hasiko da obra eta 18 hilabeteko epea izango dute bukatzeko. 2008an irekitzea espero da, beraz, gutxienez 106 lagunentzako tokia izango duen eraikina. Gelen %60 Foru Aldundiaren esku izango da eta gainontzeko %40a zerbitzua kudeatuko duen enpresaren esku izango da. Gela guztiak indibidualak izango dira eta komuna izango dute.
Egunerako zentroa:
Autonomoak diren pertsonei zuzendua dago, nahiz eta praktikan menpekotasuna dutenak gehiengo zabala diren. Autonomoak diren pertsonen kasuan, zati bat eurek ordaintzen dute eta bestea Udalak. Urretxuko Egunerako Zentroak 30 lagunentzako lekua du. Zumarragan Foru Aldundiak beste bat egin behar du, geriatriko berriaren ondoan. Hau 25 lagunentzako izango da. Urretxukoan goizeko 11:00etan sartzen dira eta iluntzeko 20:00etan atera, afalostean. Afariak ematen dituen egunerako zentro bakarra da. Bertan animazio, garraio, jangela, garbiketa eta osasun zerbitzua ere eskaintzen zaie. Garraio zerbitzua Gurutze Gorriak eskaintzen du.
Jubilatuen egoitzak:
Herri bakoitzak berea du, Urretxun Aterpe eta Zumarragan Gure Txoko, baina joatea atsegin duten gehienak bietako bazkideak dira. Hala, bai batak eta bai besteak 1.000 bazkide inguru dituzte. Bertan, hainbat ekintza dituzte: abesbatza, antzerki taldea, ikastaroak, bingo-jokoa, karta-joko lehiaketak, dantzaldiak, hitzaldiak… Itarte Etxeko obra bukatzen denean eta Kultur Etxea egiten denean Zumarragako jubilatuek eraikin osoa izango dute eurentzat. Besteak beste, podologia zerbitzua eta informatika gela jartzeko baliatu nahi da. Bestalde, Zumarragako Udalak Leturietan bigarren jubilatuen egoitza egiteko asmoa du herriaren goialdean bizi direnentzat. Aurten ireki nahi da eliza zegoen tokian.
Apartamentu babestuak:
Geriatriko eta egunerako zentro berrien inguruan Zumarragako Udalak apartamentu babestuak egin nahi ditu. Asmoa gutxi gorabehera besteak irekitzen diren garaian irekitzea da. 45 metro karratuko 35-40 apartamentu egingo dira. Rakel Blanco Gizarte Zerbitzuetako batzorde buruaren ustez zerbitzua eta eskakizun zerrenda Udalak kudeatu beharko lituzke. Apartamentu hauek autonomoei zuzenduak daude. Zainketa behar handirik ez duten baina euren etxeetan bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten adinekoei, etxeaz gain, otordua eta zainketa eskaintzen zaie bertan. Helburua euren bizi-kalitatea hobetzea da.
Zentro sozio-sanitarioa:
Geriatrikoa egin behar den eremuan Osakidetzak lursail bat du eta Rakel Blanco zinegotziak begi onez ikusiko luke bertan zentro sozio-sanitarioa egitea. "Donostiako Antiguo auzoan badago, baina nire ustez inguru honetan ere behar da", dio Blancok. Horretarako, Osakidetza eta Foru Aldundia ados jarri beharko lirateke. Zentro sozio-sanitarioa ospitala eta zaharren egoitza arteko zerbitzua da: ospitalean alta jaso, baina geriatrikoan edo etxean izan dezaketen zainketa baino handiagoa behar dutenentzat.
Telealarma:
Zerbitzu honen eskaria igo egin da azkenaldian. Berau lortzeko telefono linea besterik ez da behar. Etxean bakarrik bizi den zaharrak botoi bat duen lepokoa jartzen du eta erorketaren bat-edo duenean botoiari eman. Hala, larrialdi zerbitzuek bere deia jasotzen dute.
Itziar Agirre, Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzorde burua
"Geroz eta urte gehiago bizitzea lortzen ari gara, baina ez bizi kalitatean gero eta gorago egitea. Adin batetik aurrera jendeak dependentzia handia du".
"Jubilatuaren Egunean geroz eta jende gutxiagok parte hartzen du eta jubilatu jende asko ez da Aterpera joaten. Gure ustez hori zenbaiten artean irudi txarra duelako da. Hori dela eta, itxuraldatu egin nahi dugu; besteak beste euskaldundu. Izan ere, Aterpera joaten direnek ez dute jubilatu kolektibo osoa ordezkatzen. Distortsio bat dago, Urretxu ez baita jubilatuen egoitzan ikusten den bezalakoa".
"Gainera, jubilatuen bizi baldintzak aldatu egin dira. Lehengoek pentsio txikiagoak zituzten eta Aterpe diru gutxi zuten horientzat aukera zen. Egun, gehienek pentsio txukunak dituzte eta ez dute euren burua jubilatuen egoitzan ikusten. Beste jarduera batzuk antolatu nahi ditugu jubilatuen egoitzara beste jende mota bat erakartzeko".
"Egoitza pila bat egiten ari dira Plan Gerontologikoaren arabera, baina datorrenari aurre egitea ez da erraza izango. Foru Aldundiko aurrekontuaren zati handiena Gizarte Zerbitzuentzat da dagoeneko. Urretxuko Udalean ere partidarik handiena guretzat da, alde handiarekin gainera".
"Alargunei pentsioa igotzen zaien heinean, beraiei ematen diegun dirua beste zer edo zertarako erabili ahal izango dugu".
Etxez etxeko laguntza:
Zumarragan 74 lagunek jasotzen dute laguntza hau eta Urretxun 60ren batek. Etxeko lanetan, dutxatzen… laguntzen zaie, baina egiteko gai diren horiek guztiak egiten jarraitzea bultzatzen da. Gizarte langileek bakoitzaren beharraren arabera laguntzen diete. Batzuk egoitza batean egoteko premian dira, baina tokia lortu bitartean laguntza hau jasotzen dute. Duela gutxira arte Udal bakoitzak bere tarifak eta araudia zituen etxez etxeko laguntzari zegokionez, baina duela gutxi bateratu egin dira.
Larrialdirako laguntzak:
Ahaidekoaren diru sarrera aurrera egiteko nahikoa ez denean ematen da. Eusko Jaurlaritzak ematen ditu, baina Udalek tramitatzen dituzte. Itziar Agirre Urretxuko zinegotziaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak ematen duen dirua ez da legeak dionaren arabera behar duten guztiei behar adina emateko heltzen. "Behar duten guztiei ematen diegu, baina ez behar bezainbeste. Eusko Jaurlaritzari diru gehiago emateko eskatzen diogu, baina legeak dionaren arabera, diru asko da eman beharrekoa".
Oinarrizko errenta:
Tramitazioa Udalek egiten dute, baina Eusko Jaurlaritzak ematen du dirulaguntza. Inongo diru sarrerarik ez dutenei edo pentsio oso txikia dutenei, oinarrizko errentaren %85era heldu arte ematen zaie. Hau jasotzen duten batzuek larrialdirako laguntza ere jasotzen dute, oinarrizko errentarekin ezin baitute dituzten gastuei aurre egin. Azken bi laguntza hauek jasotzen dituzten asko alargunak dira. Urretxun, adibidez, 18 urtetik gorako 90 lagunek jasotzen dituzte laguntza hauek eta horietatik 30 bat alargunak dira. Izan ere, alargunek senarraren soldataren edo pentsioaren erdia soilik kobratzen dute.
Beste zerbitzu batzuk:
Adineko senitartekoak euren kargu dituzten familientzat ere zenbait zerbitzu daude. Hala, Aldundiaren Sendian programaren barne, asteburuan Egunerako zentrora eraman ditzakete. Bestalde, oporretan egoitzara eramateko aukera dago. Harrera familiak ere badaude, Nagusilaneko adinekoek beste adineko batzuei laguntzen diete… Rakel Blancok estima handian du Nagusilanekoen lana. "Batzuentzat zein besteentzat oso ona da. Jubilatuek denbora asko dute eta beste batzuei laguntzea oso onuragarria da eurentzat. Laguntza jasotzen dutenentzat, zeresanik ez".