Noiz hasi zinen ibiltzen?
1997an-edo Zumarragako kiroldegiak ikastaro bat antolatu zuen eta orduan ikasi nuen, Beasaingo batek irakatsita. Dena den, joan aurretik dezente kontrolatzen nuen dagoeneko. Lehen ikastaro hura Beloki pilotalekuan eman zen eta oso giro ona genuen. Pentsa, ikastaroa bukatu ondoren parte hartu genuenok astean behin gauez elkartzen ginen ibiltzeko! Denborarekin jendea apur bat nagitu egin zen eta bakoitza bere aldetik ateratzen hasi ginen.
Zer ikasten da halako ikastaro batean?
Lehenengo oreka lantzen da. Ondoren aurrera joaten eta galgatzen ikasten da. Galgatzen ikastea oso garrantzitsua da: batzuk zuhaitzei helduta gelditzen dira… Gero atzeraka ibiltzen, oztopoak gainditzen… ikasten da. Izan ere, gehienetan kalean patinatzen dugu eta hor beti dago oztoporen bat. Ikastaroetan hockeyan ere jokatzen dugu. Ikasleei asko gustatzen zaie eta beldurra galtzeko oso ariketa ona da: jendea partidan murgiltzen da eta patinen gainean ari dela ahazten du.
Ikastaroak pilotalekuan ematen dituzuela esan duzu, hori al da patinatzeko tokirik egokiena?
Bai, hortik ateratzen garenean komeriak… Izan ere, pilotalekuan patinek askoz ere hobeto irristatzen dute eta dena errazago ateratzen da. Patinatzaileok Zelai-Ariztiko pilotalekuan eta Pagoetako parkean ere ibiltzen gara. Bidegorria ere ondo dago. Trintxeran, berriz, ez du horrenbeste irrist egiten. Garai batean, lehen ikastaroan parte hartu genuenok gauetan elkartzen ginenean, herriari buelta eman geniola oroitzen dut; baina hori arriskutsu samarra da. Bidegorrian oinezko batzuen errietak entzun behar izaten ditugu, baina kasurik ez egin eta kito! Dena den, argi dago bertan poliki ibili behar dela.
Negua ez duzue garairik onena izango…
Euria egiten duenetan ez dugu non patinatu. Irrist egiten da eta, gainera, errodamenduetan ura sartuz gero, akabo! Pilotalekuak alokatu egin daitezke, baina ez dakit patinetan ibiltzeko hartzen utziko liguketen. Hurrengo ikastaroan izena ematen dutenekin hitz egin beharko dut eta, beharbada, bukatzen dutenean, pilotalekua alokatzen saiatu.
Noiz hasi zinen ikastaroak ematen?
Duela bizpahiru urte. Zumarragako kiroldegitik deitu zidaten. Lehen ikastaroan parte hartu genuenon zerrenda erabilita egingo zutela pentsatzen dut. Haurrei bi edo hiru udatan irakatsi diet eta helduei beste hiru aldiz. Helduen klaseak lau larunbatetan jarraian ematen ditut eta ordu eta erdiko luzapena izaten dute.
Haurren eta helduen artean alde handiak izango dira.
Haurrei jolasen bidez irakasten diet. Helduei gehiago kostatzen zaie, baina hauentzat ere jolasak oso lagungarriak dira. Azken ikastaroan 12 laguneko bi talde izan ditut.
Zer nolako jendeak ematen du izena?
Adinaren aldetik, denetik egoten da: azken ikastaroan gazteenak 18 urte izango zituen eta zaharrenak 45 bat. Normalean emakume gehiagok parte hartzen dute, baina gizonezkoak ere etortzen dira. Hori asko gustatzen zait, bestela patinaketa emakumeon kontua dela dirudi. Ikastaroa hasiberrientzat pentsatua dago, baina denetik dago. Patinak lehen aldiz jartzen dituztenak kikilduta etortzen dira, baina azkenean moldatzen dira. Batzuek ikastaro baten baino gehiagotan parte hartzen dute, hala badakite ibiltzen jarraituko dutela. Izan ere, bakarrik irtetea kosta egiten da.
Noiz izango da hurrengo ikastaroa?
Udaberri aldean izango dela uste dut. Dena den, neguan ere antola daiteke, klaseak estalpean izaten baitira.
Zaletasunak gora egin al du?
Bai. Nire ustez lehen jendeak beste batzuk ikusi eta kuriosidadea sentitzen zuen, baina ez zuen nola hasi. Ikastaroek zaletasuna zabaltzen lagundu dute. Jendea patinatzera animatu nahi dut. Ikastaroetan, ikasteaz gain, primeran pasatzen dugu. Kirol osoa eta dibertigarria da.
Asko ibiltzen al zara?
Udaberritik aurrera ia gauero irteten naiz, engantxatu egiten du. Erlaxatzeko oso lagungarria zait, patinatzen ari zarela eguneroko buruhausteak ahazten baitituzu.
Luzaroan ikastaroak ematen jarraitzeko asmoa al duzu?
Patinaketa entrenatzaile titulua atera nahi dut. Horretarako, Iruñera joan behar da. Tituluarekin nire kabuz ikastaroak antolatzeko aukera izango nuke eta edozein kiroldegitan neure burua aurkezteko ere errazago izango nuke. Klaseak ematen jarraitu nahi dut. Izan ere, lan hau asko atsegin dut eta jendea gustura ari dela ikusita, orduan eta gusturago lan egiten da.