27 urte eta gero, nola ikusten duzu Urretxu-Zumarraga?
Aldatuak aurkitu ditut. Etxebizitza asko egin dira. Lehen kanpoaldean kokatzen genituen auzoak orain ia herri erdian daude. Azpiegitura aldetik, aldaketa handiak aurkitu ditut. Nahiz eta saihesbidearekin trafikoa kanpoaldetik bideratu den, herri barruan kotxeak gainezka daude.
Gizartea ere asko aldatu da.
Oraindik ez dut neure burua horretaz hitz egiteko gai ikusten. Izan ere, orain arte alde ona besterik ez dut ikusi. Ez dut inorekin inongo gaietan sakondu edota bere arazoez hitz egin. Senideen eta lagunen artean ere ez dut aldaketa handirik nabaritu, kartzelara bisitan joaten zirenekin bainabil. Bertsolari Txapelketako bi kanporaketatan izan nintzen eta hor bai nabaritu nuela aldaketa handia! Gaiak, bertsolarien gaztetasuna, gaiak lantzeko modua… Nork esango zidan niri bertsolariek homosexualitateaz hitz egingo zutenik!
Ordenadoreak, telefono mugikorrak… berriak izango dira zuretzat.
Ordenadorea erabiltzen ez dut ikasi oraindik, ilobak laguntzen dit. Mugikorra badut, baina ez dut oso gustuko. Gehiegi erabiltzen dela iruditzen zait. Asmakizun ona da, baina neurrian erabiltzen jakin behar da. Guk geuk sortzen ditugu beharrak.
Nola sentitzen zara, etxean adibidez, gelaz gela arazo, burdinazko ate edo barrote gabe ibiltzen?
Oso ongi. Egia esaten badizut lehenengo momentutik beti ateak irekita eta barroterik gabe egon izan banintz bezala sentitu naiz. Dirudienez nire inkontzienterako ere, ezohikoa barrote artean egotea zen. Ez naiz sekula esnatu rekuentoen zain edo espetxean nagoela pentsatuz.
Nolakoa zen irten aurretik kartzelan bizi zenuen egoera?
Nahiko lasaia. Aurretik egon nintzen espetxeetan bizi baldintzak askoz ere gogorragoak izan nituen. Adibidez, Malagan isolamenduan 6 urte izan nintzen inor ikusi gabe, beti bakarrik. Topasen berriz, nahiz eta lehenengo graduan egon (Malagan bezala) modulu arrunt batean nengoen eta gosaria, bazkaria eta patioko lau orduak beste presoekin batera egoten nintzen, honek suposatzen duenarekin, hau da, beste presoekin (kide edo sozialak) harremanak izatea eta eguneroko gorabeherak konpartitu ahal izatea.
Nola aldatu da, politika penitentziarioa urte hauetan? Eta bizi baldintzak?
Hasieran preso politiko gehienak Euskal Herritik urrun baina bi edo hiru kartzelatan geunden. Dispertsioa dela eta, sakabanatuak, asko bakarrik eta gehienak oso baldintza gogorretan aurkitu ginen. Horri aurre egiteko eta bizi baldintza duinak lortzeko borroka asko burutu behar izan genituen. Gaur egunean, dispertsioa eta sakabanaketa mantentzen da, ikasteko aukerak lehen murriztuak baldin baziren, orain ezinezkoa da, matrikulatzen ere ez baldin baitituzte uzten. Komunikazio mailan bisitan joan daitezkeen senitarteko eta lagunen kopurua gutxitua izan da, espetxe gehienetan hamar lagunetara mugatu dute. Kode zaharrekin legez dagozkien erredentzioak ez dira aplikatzen eta borroka bidez lortutako zenbait lorpen, behin eta berriz kentzen dituzte, eta abar luze bat.
Garai batean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ordezkaria izan zinen. Ze arazo aurkitzen ditu kolektiboak beste eragileekin harremanak izateko orduan?
Alde batetik gobernuak ahal zituen eta dituen traba guztiak (eta asko dira) jartzen ditu. Hala ere, nire ustez kalean dauden eragile gehienek ez dituzte indarrean jartzen presoekin harremanak izateko mekanismo guztiak. Askotan entzuten diegu euskal presoek, kolektibo gisa, gainerako eragileekin harremanak izateko eskubidea dutela; baina hori aurrera eraman edo gauzatzeko ez dituzte bitarteko txikienak ere ipintzen.
Ze egoeratan dago EPPK?
700 bat euskal preso, 70 kartzelatan sakabanatuak daude. Hala ere, traba, presio eta abar handia gaindituz, kolektiboa batuta dago, eta egoera edo edozer gairi buruz (sailkapenak, sailkapen) ekarpenak egiteko prest.
Orain bisitan joatean, nola bizi dituzu bisitak kristalaren beste aldetik?
Pozik joaten naiz bisitetara. Gogorra bada kristal baten atzetik ikusi eta egon beharra, mingarriagoa da, niretzat behintzat, bisita bukatu ondoren maite dituzun lagunak eta kideak han utzi beharra. Horrez gain, orain hobeto konturatzen naiz dispertsioak zer suposatzen duen presoen senide eta lagunentzat.
Kode penalaren aldaketak zer suposatu du presoentzat?
Bizi guztirako kartzela zigorra suposatzen du.
Urte asko egon zara kartzelan eta oso garai ezberdinetako kide asko ezagutuko zenituen, nolakoak izan ziren zuen arteko harremanak?
Esan behar dut, azkeneko urteetan belaunaldi aldaketa nabarmentzen hasita nengoela, hala ere, beti izan ditut harreman onak, maitagarriak eta kide askorekin oso sakonak.
Azaldu, mesedez, zer den isolamendu egoeran egotea.
Kontuan izan behar da, isolamenduko moduluetan egoera desberdinak daudela. Batzuetan euskal presoz beteak egon daitezke, nahiz eta bizi baldintzak murriztuak izan, kideen elkartasuna, berotasuna eta abar hor daude. Baina gehienetan, isolamenduko moduluetan euskal presoek bakar bakarrik egon behar izaten dute. Egoera hauek, gehienetan oso gogorrak izaten dira. Kartzelan bere eskuetan zaudela sentiarazten dizute eta gainera horrela dela badakizu. Hori beste kideren baten babesik ez duzunean oso gogorra da, momentu txar asko pasatzen dira.
Nola bizitzen da presoak Euskal Herriratzeko aldarriarekin eginiko gose greba bat?
Gose greba egitea oso gogorra da bai fisikoki eta bai psikikoki ere. Ez da berdina gainera, kideen babesarekin egin edo bakarrik egin behar izatea, espetxe edota moduluan besterik ez dagoelako. Hala ere, eskubideen alde borrokatzeak gaitasuna ematen dizu indarrak berrituz aurrera jarraitzeko.
Bukatzeko…
Denoi eskatuko nizueke, Euskal Presoen estatu politikoaren aldeko eskaera aldarrikatzea, kolektiboaren izaera politikoa onartzen badute, aurrerapauso handia izango da gatazkaren konponbidean.