Nolatan otu zaizu laburmetraia egitea?
Zinea izugarri atseginIker Alvarez dut eta gidoiak idazten saia nintekeela pentsatu nuen. 2000 eta 2002a bitartean lau gidoi idatzi nituen, baina ezin nituen lehiaketetara aurkeztu: luzemetraia gidoientzako edota dagoeneko eginda dauden laburmetraientzako lehiaketak soilik daude. Hori dela eta, hainbat ikastaro eta bizpahiru laburmetraia egin dituen Asier Okarizekin harremanetan jarri nintzen. Nik idatzitakoa gustatu egin zitzaion eta lanean hasi ginen.
Lan polita izan al da?
Abentura oso polita izan da. Lehen eginbeharra teknikariak eta aktoreak lortzea izan zen. Teknikari gehienak ikasleak dira eta aktoreak, berriz, maila onekoak dira. Txakur txikirik ezin geniela eman azaldu genien eta oso ondo portatu dira. Ekipo teknikoa, berriz, Ategorrietako Larrotxene Kultur Etxeak utzi digu. Zailena grabaketa egiteko guztioi ondo zetozkigun egunak topatzea izan zen.
Non grabatu duzue laburmetraia?
Ekainaren 12an, 13an eta 26an grabatu genuen Zumarragako Gurrutxaga baserrian, Donostiako Gros auzoko zubian eta Donostiako bi pisutan. Oso egun gogorrak izan ziren, baina interesgarriak. Izan ere, lan honetan badakizu nola hasi, baina ez nola bukatuko duzun. B plana ez, Z plana ere behar izan dugu.
Gustura al zaudete egindako lanarekin?
Beti dago zer hobetua, baina zein baliabide izan ditugun ikusita, biok pozik gaude. Lan teknikoaren arduraduna Asier izan dela eta zuzendaritza artistikoaz biok arduratu garela esan beharra dago.
Igandean estreinatu behar duzue.
Donostiako Guardetxea lokalean estreinatu behar dugu, baina gutxienez Zumarragan ere eskaintzea gustatuko litzaiguke. Bestalde, lehiaketetara aurkezteko asmoa ere badugu. Nork daki…
Ez diguzu istorioaren berri eman.
Laburmetraiak gurasorik ez duten bi anaien istorioa kontatzen du. Nagusiak agintzen du eta bera gelditu da gurasoen diruarekin. Arrakasta, neska ederra… bereak dira. Gazteak anaiaren neska laguna bahituko du dagokion dirua lortzeko eta bizimoduz aldatu ahal izateko. Ezin dut gehiago kontatu… Gazteleraz grabatu genuen eta euskarazko azpitituluen arduraduna Oihane Zabaleta izango da.
Gidoiak idazten jarraitu behar al duzu?
Bai, zinea atsegin dut eta idaztea barrenak husteko ariketa bikaina da.
Senegalgo haurrentzat ere lanean
Susi laburmetraia lehenago estreinatzeko asmoa zuten Biainek eta Okarizek, baina, hainbat gorabehera medio, atzeratu egin da. Izan ere, iazko urte bukaeran, Antziñe Biainek hilabete eman zuen Senegalen amaetxe batean laguntzen. "Laneko lau neska joan ginen, tartean Jone Goenaga herritarra. Jonek emaginekin lan egin zuen eta beste hiruok laborategian. Eraman dugun materiala egindako lana baino garrantzitsuagoa izan da. Bestalde, eman duguna baino gehiago jaso dugula esan beharra dago", dio Biainek.
Senegal hegoaldeko Djola etniakoekin egon dira eta zoragarriak omen dira. "Paisaia izugarria da eta jendea oso abegikorra eta maitagarria. Barre asko egiten dute eta sekulako lasaitasuna eta barne bakea dituzte. Eureetakoak sentiarazi gaituzte".
Toki zoragarria izan arren, arazoak ere badituzte eta horiek konpontzen laguntzera joan dira. "Zumarragako eta Donostiako ospitalek emandako sendagaiak eta laborategiko materiala eraman ditugu. Oso ondo portatu dira eta badugu zer eskertu. Lankideek emandako eskola materiala ere eraman dugu".
Lankide baten bitartez izan dira Senegalen. "Hura han izana da eta gutun bat bidali genuen joateko asmoa azalduz. Gustura hartuko gintuztela erantzun ziguten". Biainek eta bere lagunek Afrikan 35 urte daramatzaten moja batzuei bidali zieten gutuna. "Eskola bat sortzeko asmoz joan ziren eta bertako emakumeek amaetxea behar zutela esan zieten, haurrak etxean edo zuhaitz batean izaten zituztela-eta. Hori dela eta, moja haietako bat Espainiara itzuli eta emagin izateko ikasi zuen. Jendeak asko maite ditu, amaetxe hau denbora luzean bakarra izan baitzen".
Horretaz gain, eskola ere badute. "Hezkuntza oinarrizkoa da, jasotzen ez duten haurrek prostituzioan edo aberatsen etxeen lanean bukatzen baitute", dio Biainek. Hezkuntza publikoak ez ditu haur guztiak hartzen eta askok ez dute pribatua ordaintzeko baliabiderik. Norbaitek haur hauei laguntzeko asmoa izango balu, Antziñe Biainekin harremanetan jartzea besterik ez du.