Noiztik korrika egiten duzu, Gorka?
Aspalditik, baina Behobia-Donostia 1997an egin nuen lehenengoz. Garai hartan korrika gutxi eta parranda asko egiten nuen, baina pixkanaka hobetzen ari nintzela ikusi nuen eta… Hasieran astean hiru egunetan entrenatzen nuen ez oso serio, gero hirutan serio, lautan, bostetan… Gainera, oraindik hobetzeko adinean nagoenez… Gure gorputzaren, ahalmenaren, muga aurkitzearren egiten dugula esango nuke.
Zeintzuk dira orain arte egin dituzun lasterketa garrantzitsuenak?
Lehen maratoia 23 urterekin egin nuen, bat edo bi bakarrik izango ziren gazteagoak. Gero mendiko maratoia egin nuen lehenengoz. Errepideko bi maratoi egin ditut, 2003an eta 2005ean, eta markarik onena 3 ordu eta 26 minutukoa dut. Aizkorriko maratoia ere bitan egin dut, 2004an eta 2005ean, eta markarik onena 5 ordu eta 54 minutukoa dut. Behobia-Donostia, berriz, sei aldiz egin dut.
Ez duzu gutxi entrenatuko…
Igandean, bidegorrira joan beharrean, krosetara joaten gara. Atseginagoa da eta, gainera, geure buruari gehiago eskatzen diogu. Maratoia prestatzeko maratoi erdi pare bat egiten ditut, Aizkorrikoa prestatzeko bizpahiru mendiko lasterketa…
Urte osoa korrikan ematen al duzu?
Aizkorrikoa maiatzean denez eta Donostiakoa azaroan, urte hasieratik maiatzera lehen fasea da eta Urretxuko festen ondoren azarokoa prestatzen hasten naiz. Udan eta abenduan asko kostatzen da entrenatzea.
Nolatan erabaki duzu Saharako maratoia egitea?
Aspalditik nuen gogoa. Alde batetik kirol erronka da eta, bestetik, herri sahararra ezagutzeko aukera ematen du. Izan ere, lasterketak Tindufen erbesteratutakoen kanpamentuak zeharkatzen ditu eta kanpamentuan bertan, familiekin, hartuko dugu ostatu. Kirolari dagokionez, oso erronka gogorra da: beroarengatik eta basamortuko haizearengatik, batez ere. Antolatzaileek burua estaltzeko zapia eta eguzkitako betaurrekoak eramateko esan digute. Bi kilometro eta erdiro ura emango duten arren, norberak berea eramatea ere gomendatzen dute. Psikologikoki ere lasterketa gogorra da, ibilbidea ia zuzena baita eta paisaia ez baita batere aldatzen.
Nork antolatzen du lasterketa?
Herri sahararrarekin elkartasuna helburu duen nazioarteko elkarte batek antolatzen du. Maratoia proba nagusia da, baina 5, 10 eta 21 kilometroko lasterketak ere badaude. 15 herrialdetako lagunok parte hartuko dugu. Lasterketa beti otsailaren 27aren inguruan izaten da: errepublika sahararraren independentzia egunaren inguruan.
Maratoia egitera joan behar den besterik ezagutzen al duzu?
Ez, baina badakit iaz 6 edo 7 euskaldun joan zirela. Ingurukoak apur bat txundituta daude Saharara joan behar naizelako, baina ez zaituzte bertan noraezean uzten. Antolakuntza oso ona da: ibilbidea markatua dago, ura ematen dute, gure atzetik autoa joango da… Gogorra izango da, baina gogorragoa da bertako errefuxiatuen bizitza.
Eurak ezagutzeko asmoa ere baduzula esan duzu.
Larunbat honetan irtengo gara Madriletik eta martxoaren 3an itzuliko gara. Bertako jendea ezagutzea oso garrantzitsua da niretzat. Euren aldeko lasterketa da eta parte hartzaile bakoitza familia batekin izango da bere dendan.
Nola prestatu duzu lasterketa?
Neure kontu egin dut prestaketa, beti bezala. Ez nekien nola prestatu, baina asfaltoko maratoi baten eta mendiko baten arteko zer edo zer espero dudanez, bietan ibili naiz.
Saharako maratoiaren ondoren, zer?
Aizkorrikoa eta Donostiakoa egiteko asmoa ere badut, baina nahiago dut pausoz pauso joan. Apur bat beldurtuta nago, ez baitakit ondo nola nagoen. Izan ere, iaz Donostiakoa oso nekatuta bukatu nuen, batez ere psikologikoki, eta abendura arte oso gutxi entrenatu dut. Dena den, azkenaldian gogor aritu naiz eta Andoni Ormazabalek ondo nagoela dio. Gainera, nahiago dut joan eta porrot egin, etxean penaz gelditu baino.
Azken urteotan hainbat herrialdetan izan zara elkartasun lanetan, Sahararaz gain, beste nonbaitera joateko asmorik ba al duzu?
Asmoa badut, baina zenbateko oporraldia dudan ikusi behar… Nire ametsa Palestinara joatea da, baina ingeles maila altua eskatzen dute. Hori dela eta, errazagoa da Hego Amerikara joatea. Berriro Chiapasera joatea ez legoke gaizki, hauteskunde urtea baita.