Nerea, Maite eta Karmele Madinak 33, 29 eta 25 urte dituzte eta gurasoen eskutik hasi ziren kantuan, Nereak ondo oroitzen duen moduan. "Gurasoek San Martin parrokiako abesbatzan abesten dute eta sekula ez dugu irrati-kasetik izan autoan, beti kantuan ibili gara. Denetik abesten genuen, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz. Gure lehengusuek beti Tio Madinaren autoan joan nahi izaten zuten".
Sei anaia-arreba izanik, giro ederra izango zen Madinatarren autoan… "Antxoni asko gustatzen zaio abestea eta ahots polita dauka, Garik ahots txarra du eta Aitor ez da zalea".
Nerea izan da musika ikasketak osatu dituen bakarra. "Piano, solfeo irakasle eta pedagogia musikal ikasketak egin nituen eta Bergarako Musika Eskolan lan egiten dut. Pianoa beti jo izan dut etxean eta besteek kantatu egiten zuten. Partiturak nituen eta bi ahotsetan abesten irakatsi nien. Gero, Andoni sartu zen, Maiteren mutil laguna". "Mutil ahotsa asko nabari da. Izugarri betetzen du. Gainera, jendearen aurrean abesten ohituta dago eta bera da guri lasaitasuna ematen diguna", dio Karmele Madinak. Euren emanaldiak apur bat gehiago janzteko, Nereak teklatu txiki batekin akonpainamendua egiten du.
Osaba-izeben zilarrezko ezteietan eta lehengusuen ezkontzetan hasi ziren jendaurrean abesten. "Jendeak entzun ahala, deitzen hasi ziren. Duela bost bat urte hasiko ginen etxetik kanpoko ezkontzetan abesten. Gero, Kilometroetan herriko taldeekin egin zen jaialdian abestu genuen eta Txalaparta Egunean eta Urretxuko jaietako txistularien alardean ere parte hartu dugu", diote Madina ahizpek.
Gipuzkoako kantu txapelketan ere parte hartu zuten, duela bi urte. "Aurtengoan ez dugu parte hartu, Andoni ez baitzegoen prest. Ez zaizkio lehiaketak gustatzen. Gainera, txapelketak prestatu egin behar dira eta guk denbora gutxi dugu. Duela bi urte egin zen hartan, halakoetara jendea oso ondo prestatuta joaten dela konturatu ginen".
Garikoitz Lizarraga eta Iñaki Larrañaga trikitilariek ere eskaini diete elkarrekin emanaldiren bat prestatzea, baina horretarako ere denbora falta dute. "Denbora da arazoa. Nereak bi haur ditu, Maitek eta biok ordutegi ezberdinak ditugu lanean… entseatzeko arazoak ditugu", dio Karmele Madinak.
Hala, Madina ahizpek kontzertuen aurreko asteetan entseatzen dute batez ere. "Ni naiz andereñoa, errieta egiten duena", dio Nereak txantxetan. Denetik abesten dute, "baina gehienbat euskal kantuak. Izan ere, horiek dira abesteko deitzen digutenei gehien gustatzen zaizkienak. Jendeak dezente deitzen du ezkontzetan-eta emanaldiak eskatzeko".
Gurasoak pozik dituzte, noski. "Etxeko giroan hasi ginen abesten eta hortik dator dena. Familiako ezkontzetan guk abesten dugu, baina bazkalostean lehengusu guztiok batera abesten dugu. Familia kantuzalea gara".
Familia girotik sortutako taldea izanik, zenbait aje dituzte. "Xabier Barriolak mikrofono gabe abesten ohituta gaudela nabaritzen dela esaten digu beti. Mikrofonoarekin ez dago ahots guztia atera beharrik, baina guk ahotsa behartzeko joera dugu. Hala ezin da kontzertu luzerik eskaini. Hori dela eta, ahotsa lantzea ondo egongo litzateke".
Dena den, Nerea eta Maite abesbatzan abestutakoak dira. "Maite eta biok Kimetsen abestu genuen eta bi urtetan Pagoetako Irimo-Azpi korua zuzendu nuen. Umea izan nuenean, utzi egin behar izan nuen", dio Nereak.
Aipatu bezala, Madina ahizpek denetik abesten dute; baina badute abesti bereziki kuttuna dena: Ai zer plazera. "Nerearen ezkontzan eta Kilometroetan abestu genuen eta jendeak asko eskatzen digu. Askotan abestu dugu eta jendea aspertuko ote dugun beldur gara. Bestela, Benitoren eta Mikel Laboaren abestiak asko gustatzen zaizkigu”, dio Maitek.
Normalean, ezkontideek gustuko dituzten abestiak eskaintzen saiatzen dira. “Euren senitartekoek deituta joaten gara eta lehenago zein abesti gustatzen zaizkien galdetzen diegu".