Bake ederra hartuko zenuten…
Horixe bakea… Lehenengo lursailak bakarrik saldu zizkion aitari. Dirurik gabe gelditu zen berriro eta etxea saldu zigun gero. Etxe handia da, baina bertan bizi ginen eta hura nahi… Ondoko baserria gerra aurretik gurea zen dagoeneko. Guk ganaduarentzat-eta erabiltzen dugu, baina lehen bertan beste familia bat zegoen. Neskazahar eta mutilzaharrak ziren, azkenean ospitalera… nik ez nituen ezagutu.
Haurtzaroan ederki asko ibiliko zineten etxe puska honetan….
13 anai-arreba gara eta etxea erosi genuenean guztiok hemen bizi ginen, aitarekin, amarekin eta amamarekin. Etxea handia da, baina betetzen genuen. Jaietan-eta, gainera, Mendizabalgoekin elkartzen ginen: haiek beste 14 ziren. Ederki ibiltzen ginen, jolasean… aita haserretu arte.
Zenbat gela ditu?
Gela handiak ditu. Ganbarak, adibidez, buelta osoa ematen du. Dena erabiltzen dugu. Lehen alde batean artoa, bestean patata eta sagarra, belarra, gurdia, egurra… izaten genituen.
Nahiko lan emango du etxe hau mantentzeak…
Hori du okerrena, mantenua. Orain erreteila egitekotan gara. Hartu genuenetik berrikuntza asko egin behar izan ditugu. Garai hartan hiru gela zituen eta ondoren beste hiru atera genizkion beste aldean. Diru pixka bat ikusten badugu, beti obrak… Dena den, moldatzen gara. Udalak esan zidan hartuko zigula, baina ez dugu saldu nahi.
Garai bateko nagusiak ondo zaintzen al zuen Ipeñarrieta?
Raimundok, Carmen Alonsoren lehen senarrak, berarentzako gela egin behar zuela eta, leiho borobilak egin eta besteak mugitu egin zituen. Hasi eta berehala gerra heldu zen, obra gelditu zen eta kito. Oraindik errepiderik ez zegoen eta materiala gurdian hartzen zuten behean. Gora heldu orduko, galtzadan tripi-trapa, erdia galtzen omen zen.
Noiz egin zen errepidea?
Raimundo hori Foru Aldundiko jendearekin etortzen zen hona noizean behin. Gela bat hartzen zuten, sukaldaria ekartzen zuten, sekulakoak egiten zituzten… Halako batean, Raimundok hemen bidea egiteagatik 10.000 duro emango zizkiela esan zien Foru Aldundikoei. Urretxuko alkatea ere, Elgarresta, hemen egon zen. Foru Aldundikoak joño! 10.000 duro dirua duk. Txanda hartuko diat esan omen zuen. Hasi eta zazpi urte behar izan zituzten egiteko. Haren dirua kableak ipini eta pinuak jaisteko erabili zuten alproja batzuek. Dirua gastatu zela eta gelditu egin zen. Gero, beste beroaldi batean, egin zen. Nik 13 urte neuzkala bukatu zen obra, 1952an. Beste aldea, Ipeñarrietatik datorrena, Juanito Arbizu alkate zela egin zen. Ordurarte bidean zepa zegoen.
Umetan askotan jaisten al zineten baserritik herrira?
Eskola Santa Barbaran genuen, maistra etortzen zen bertara. Hiru ahizpen artean 39 ume zituzten. Orain tabernako jangela dagoen tokian ematen ziguten klase. Sekulako hotza egiten zuen han. Bolada batean ez ziguten euskaraz hitz egiten utzi. Euskaraz egiten bagenuen itsulapikora hainbeste bota behar genuen. Behin 15 bat urte beteta, kalera gehiagotan jaisten hasi ginen. Umetan, berriz, mezatara eta santanastasietan-eta bakarrik joaten ginen. San Joan eguna zen handia guretzat. Elgarresta alkatearen semea, Pedro, herrena zen eta San Joan goizean behorra hartu eta kalera joaten nintzen hura Santa Barbarako meza nagusira ekartzeko. Arratsaldean, berriro behorrean hartu, eta etxera eramaten nuen. Hori zen San Joan eguneko nire lana eta horren truke eskupekoa ematen zidaten, hori zen ederra!
Noiz utzi zenuen eskola?
Ordurako, 11 bat urterekin, utzi nuen Santa Barbarako eskola. Etxera: idiak, behiak eta ardiak. Beti horiekin borrokan! Bi pare idi, dozena erdi bat behi eta 100 bat ardi genituen.
Nolatan gelditu zinen zu baserrian?
Anaia zaharrena eta lau arreba ditut zaharragoak. Aita gaztea zen, anaia zaharrenak andrea ekartzeko ere familia galanta zen eta andrearen etxera ezkondu zen. Arrebak ere kanpora joan ziren eta hurrengo mutila ni nintzen. Gainera, niri gustatu egiten zitzaidan baserriko lana.
Eta, zer nolako giroa baserrian?
Baserrian ez dago giro txarra, baina kalean ona. Lehen ez zena. Ni mutikoa nintzenean, kalean mutikoak jateko ogirik gabe zeuden. Baserrian jatekoa zegoen eta kalekoak gustura etortzen ziren hona. Orain, berriz, kalean dena dugu. Kaleko jendea oso ondo bizi dela iruditzen zait. Baserrian ere orduan baino hobeto bizi gara, baina baserri hutsetik bizi denak gogor saiatu behar: ganadu asko, esne asko atera behar, asko mugitu behar… Egun, baserri hutsetik bizi diren gutxi daude.
Zu, adibidez, baserri hutsetik bizi zara.
Tarteka, hona edo horra, idiekin jornalera joan izan naiz: basoren bat atera behar zela… Jeronimok eta Luxiak hemen basoak hartzen zituzten eta haiekin joaten nintzen idiekin jornalera. Orduan ez zegoen errepiderik eta pistarik eta idiekin lan egin behar zen. Lan astuna eta txarra zen, askotan bustia, penosoa.
Basoan bakarrik ibili al zara etxetik kanpo idiekin?
Mundo Mejorreko etxeak egiten ere ibili nintzen. Goizean 8.00etarako han egon behar izaten nuen idiekin, langileak bezalaxe. Han 8.00etan egoteko, 5.30ean jaiki behar izaten nuen: idiei jaten eman eta 6.45ean idiak uztartzen hasi, 7.00etarako idiak uztartu eta 8.00etarako lantokian pronto. Gauean ere, han lan egiteari 6.00etan utzi ondoren, beti egoten zen zer edo zer egiteko. Orduan bigarren idi parea ekarri genuen. Aita oraindik sasoiko zegoen eta berak etxean lan egiten zuen.
Idiekin lan handia egindakoak zarete.
Dena idiekin. Idia egun guztia uztarrian egoten zen lehen. Garai honetan hasten ginen soroak zeuzkanarentzat lanean, goldearekin. Sei edo zortzi lekutara joaten ginen goldera: Berriotxoa, Altamira, Patrongoa, Alkortanekoa, Pagoeta… Ordaintzen zuenak lana kurioso egitea nahi izaten zuen eta asko ibiltzen nintzen. Sasoi honetan beldurrez izaten nintzen askotan: etxean egin behar dut ba ekinaldi bat!, baina baten bat etortzen zen eta etxekoa utzi behar.
Zuek idizaleak izan zarete beti.
Idiek lan asko egiten zuten orduan. Ederra gertatu zitzaidan behin. Garia ebakita eta jaso egin behar. Zakurra gurdipera joan zen, idiak ostikoa tiratu zion eta gurdia jo zuen. Ordutik, idi hark ez zion ostikoak emateari utzi. Atzean edozer gauza ikusita, ostikoa jotzen zuen. Idia kendu behar izan nuen. Altamirakoak utzi behar izan zidan idia eta, azkenean, erosi egin nion.
Behiak ere beti izan dituzue.
Bai, uztarrirako ere bai. Idiak kanpoan zirenean, askotan behiekin lan egiten genuen. Lanerako erabiliz gero, esne gutxiago ematen zuten. Dena ezin.
Nekazaritza batzordean ere aritutakoa izango zara.
Koinatua, Arrieta, alkate izan zen garaian egin zen hemen baserritarren batzordea. Orduan, 1982an, osasun kanpaina abian jarri zen eta askok ganadua kendu behar izan zuten. Herriari laguntasuna eskatu genion eta Udalak zenbait botika doan ipini zituen. Ekimen horrek oraindik jarraitzen du.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Oso gaizki. Iaz eman zioten Espainiari saldu beharreko esnearen kupoa eta hori onartzearren diru bat agintzen diote. Diru horrekin poztu eta baserritar askok esne behiak kendu dituzte. Guk behiekin jarraitzen dugu, idiak karrozatarako eta probatarako besterik ez: kapritxoa. Esnea da gure baserriaren oinarria, baina ez digute uzten produzitzen. Kupotik gora entregatzen badugu zentralera, salaketa jartzen digute.
Seme-alabaren batek baserrian jarraituko al du?
Denek kanpoan lan egiten dute. Kanpora begira daude, etxean daudenak ere. Baserriko lanak ez du ordurik. Izagirretarrok urte asko daramatzagu Ipeñarrietan, baina ez dakit aurrerantzean zeinek mantenduko duen. Teilatua ondo ipini nahi dut, hori eginda puska baterako segurantza izango dugu. Baten batek helduko dio: hemendik bista ederra dugu eta kalean lan eginda bizitzeko ez da leku txarra. Jornal batekin mantentzeko etxe garestia da, hori bai. Orain aitak agindu egiten die, baina aitak agintzen ez dien garaian, akaso, bakarren batek helduko dio. Gurasoen ondoan gaur ez du inork egon nahi.