Noiz eta nolatan hasi zinen kirolean?
Ikastolan hasi nintzen, eskola kirolean. Lehen kirol gehiago egiten genuen. Egungo haurrek betebehar gehiegi dituzte. Guk kirolean jartzen genuen arreta eta eskola orduetatik kanpo ere hori zen gure jarduera nagusia. Egun, ordea, ordenadoreak-eta dituzte.
Futbola zen, gainera, ia kirol bakarra.
Ez zegoen aukera asko, baina eskubaloia ere jokatzen zela gogoratzen dut. Ume gehiago zeuden, talde gehiago, eta gehienok futbolean aritzen ginen. Federatzeko 14 urte behar ziren eta egun alebin mailan hasten dira: Urolak 11 urteko mutikoak ditu. Gu zor-tzigarren mailan sartzen ginen.
Garai hartan ohore handia zen Urolarako hautatua izatea.
Egun ere ohorea da. Umeak ilusioz hasten dira, baina gero… Gizartea asko aldatu da. Talde batean sakrifizioa, entrenatzaileari errespetua… behar dira eta egun zailagoa da haurren motibazioari eustea. Haurrek bizimodu erosoagoa dute eta batzuei kosta egiten zaie taldean eskatzen den erritmoari eustea.
Nola oroitzen duzu Urolan hasi zinen garaia?
Urte hartan 8. mailako mutiko asko geunden eta Urolak beste talde bat sortu zuen, Zumarraga izenekoa. Izan ere, ezin zituen maila berean Urola izeneko bi talde izan. Urola izenekoan "Bixio" Aranburu, Urmeneta, Elizondo… zeuden. Zumarraga izenekotik, Aitor Iraola eta ni bakarrik heldu ginen lehen taldera.
Zer ibilbide osatu zenuen lehen taldera iritsi aurretik?
Infantiletan bi urte eman nituen eta gero jubenil mailara pasatu nintzen. Infantil mailako bigarren urtean Gipuzkoako selekziorako hautatu ninduten. Talde hartan Luis Perez Realeko jokalari ohia zegoela oroitzen dut. Urolak jubenil mailako bi talde zituen eta hasieratik nagusian aritu nintzen. Hiru urte eman nituen maila horretan. Gogor borrokatu behar izan nuen postua lortzeko, baina lehen urtea oso ondo bukatu nuen.
Orduan elkartuko zinen, gerora, urte luzetan, zure taldekideak izan zirenekin.
Jubeniletako lehen urtean beraiekin jokatu nuen, baina lehen taldean elkartu nintzen beraiekin behin-betiko, ni baino urtebete zaharragoak baitira. Jubeniletan Ohorezko Ligara igotzea lortu zuten eta Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zutela uste dut. Onak ziren eta, gainera, Ikastola garaitik elkar ondo ezagutzen zuten.
Noiz jokatu zenuen lehenengoz talde nagusiarekin?
Garai hartan jubeniletan hiru denboraldi egiten genituen. Azkeneko bietan lehen taldearekin ere aritu nintzen. Lehen bi urteetan ez nuen jarraipen handirik izan, baina 1990-91 denboraldian hamaikakoan finkatu nintzen.
Hurrengo denboraldian Hirugarren Mailara igo zineten. Urolak sekula lortu duen balentriarik handiena da.
1991-92 denboraldian mentalitate aldaketa egon zen. Behetik gentozenak eta kanpoan aritutako batzuk (Iñaki Mendiluze, Clemente…) elkartu ginen: esperientzia eta gaztetasuna. Batzuk 18 urte inguru genituen eta besteak dagoeneko ezkonduta zeuden. Nahasketa oso polita izan zen. Bigarren sailkatu ginen eta igoera fasea jokatu ondoren igo ginen.
Denboraldi hartakoak al dira zure futbolari garaiko oroitzapenik ederrenak?
Bai. Aurreko denboraldia Alavel Aficionados taldearekin bukatu nuen eta igotzeko zorian izan ginen. Etxera itzultzea eta igoera lortzea oso gauza polita izan zen. Jesus Mari Biain eta Iñaki Aldalur jarri ziren entrenatzaile eta eurak izan ziren itzultzeko esan zidatenak.
Argixaon sekulako giroa bizi izan zen.
Zaila izango da berriro halakorik ikustea. Partida batzuk grabatuta daude eta Argixao jendez gainezka ikusten da. Jokalariek ordukoa bezalako giroa ezagutuko balute, gauzak beste era batera ikusiko lituzkete.
Nolakoa izan zen Hirugarren Mailako esperientzia?
Igoera lortu ondorengo lehen denboraldia ez nuen Urolan jokatu. Zenbait eskaintza izan nituen eta garai hartan 2.B mailan zegoen Beasain taldera joatea erabaki nuen. Gertutasunagatik, ez nuen autorik, eta Realarekin harreman estua zuelako joan nintzen bertara. Miguel de Luzek ere eskaintzak izan zituen eta Realaren bigarren taldearekin entrenatzera joan zen.
Zer moduz 2.B mailan?
Aldaketa izugarria nabaritu nuen. Futbola beste era batera bizi zen. Beasainen diru dezente irabazten zuten jokalariak zeuden, batzuk Lehen Mailan arituak. Urtebete besterik ez nintzen egon: hasieran entrenatzaileak apenas eman zidan aukerarik eta otsailean hasi nintzen jokatzen. Ondoren, Lizarrako taldearen aurka, belauna hautsi nuen. Halako lesioa izanda, kontratua luzatuko zidatela uste nuen, baina udan beraiengana zuzendu behar izan nintzen ez zidatela luzatu behar jakiteko. Zorionez, Urolak itzultzeko aukera eman zidan.
Hurrengo urteetan eman zenuen onena.
Urtebete kosta zitzaidan osatzea. Regional mailako taldean hasi eta bigarren itzuliko bigarren partidan jokatu nuen lehen partida talde nagusiarekin. Zalantzak nituen, baina taldeko goleatzaile nagusi bukatu nuen. Hurrengo denboraldian 16 gol sartu nituen. 1995-96an eta 1996-97an, berriz, Hirugarren Mailako goleatzaile nagusia izan nintzen. Urte hartan jaitsi ginen, Sansek maila galdu zuelako.
Ordurako, Urolak sekula izan duen talderik onenaren gainbehera hasia zen.
Exigentzia oso altua zen: aurredenboraldia oso goiz hasten genuen, entrenamendu gogorrak genituen… Hirugarren Mailan eman genuen azken denboraldia hasi aurretik oso garrantzitsuak ziren jokalari batzuek futbola utzi zuten eta asko nabaritu genuen.
Zuk, ordea, futbolean jarraitu zenuen.
Jaitsi ginenean 2.B mailan zegoen Elgoibar taldera joan nintzen eta hurrengo denboraldia Hirugarren Mailako Lagun Onaken eman nuen. Nekatu egin nintzen eta etxera bueltatzea erabaki nuen.
Aurkitu zenuen Urola eta zuk ezagutu zenuena oso ezberdinak izango ziren.
Bi denboraldi gehiago eman nituen eta 2000. urtean, 30 urterekin, utzi nuen. Ordurako beteranoena nintzen, Iñaki Aranzadik urtebete lehenago utzi baitzuen. Beterano papera ez nuela bete esan beharra dut, hain ziren desberdinak nire pentsaera eta gazteena… Egoera oso aldatua zegoen: nik ezagututako inplikazioaren eta aurkitu nuenaren arteko aldea handia zen.
Ba al dira egun 30 urteko jokalariak Urola bezalako taldeetan?
Egun jokalariek ez diote jokatzeko gogoari horrenbeste urtetan eusten. Gure garaian ez zegoen, adibidez, eskiatzera joateko aukerarik edo ohiturarik. Gure bizitzaren ardatza kirola zen. Egun, nahiz eta partidak larunbatetan jokatzen dituzten…
Ez zara bidetik atera: ondoren entrenatzailea izan zinen.
Delfosek Iñaki Aranzadiri eta bioi taldea entrenatzea eskaini zigun. Elkarrekin hitz egin eta baietza ematea erabaki genuen. Egoera zaila zen, jokalari batzuk nirekin aritutakoak baitziren. Lehen urtean Preferente mailara igotzea lortu genuen, baina zenbaitek jokalariei gehiegi eskatzen geniela leporatu ziguten. Izan ere, Iñaki eta biok serioak eta zorrotzak gara. Hirugarren denboraldirako taldea asko aldatu behar izan genuen eta ez genuen mailari eustea lortu. 2004-05 denboraldia izan zen azkena.
Orain, berriz, kirol zuzendaria zara.
Nire lana kirol helburuak ezartzea eta klubaren maila hobetzeko ahaleginak egitea da: entrenatzaileak hautatu, talde bakoitzaren helburuak ezarri, taldeetan sortzen diren arazoak konpontzen saiatu… Entrenatzaileekin harreman zuzena dut.
Bizitza osoa daramazu futbol munduan, zer da kirol hau zuretzat?
Futbolaren eraginez naiz naizen bezalakoa. Futbolak heziketa, lagunak, bizitzeko era bat… eman dizkit. Bestalde, bizi izan ditudan egoera larriei aurre egiten ere lagundu dit. Ezaguna banaiz, futbolagatik da. Honen bitartez, kirolarekin zerikusia duen ikasketak egin ditut eta nire bizitza kirolaren inguruan antolatu dut.
Urolak estatua jarri beharko dizu…
Egun, gazteek klubari mesede egiten ari direla esaten dute. Bere garaian guk kirol errendimendua eman genuen eta klubak bizitzeko era bat eman zigun. Niretzat Urola oso garrantzitsua izango da beti.
Egun arte martzialetan ere bazabiltza.
Beti izan ditut gustuko. IVEF ikasten ari nintzela, ikasgai bat judoa zen, baina futbolaria nintzen eta ezin nuen landu. Futbola utzi eta berehala, kiroldegian, Paternaini nire nahia azaldu nion eta probatzeko esan zidan. Duela bi urte taldekako txapelketa jokatu nuen Madrilen. Izugarri gozatu nuen. Iaz, berriz, Zumarraga Hiria txapelketa irabazi nuen. Aurten, Espainiako txapelketan parte hartzera animatu naute eta brontzezko domina lortu dut. Futbolean urte asko eman ditut, baina sekula ez dut Espainiako txapelketa batean parte hartzeko aukera izan. Gozatzeko asmoz irten nintzen eta txapeldunaren aurka bakarrik galdu nuen. Gainera, munduko txapeldunordea da.
Bukatzeko, egungo haurrek kirol gutxiago egiten dutela esan duzu. Zer esango zenieke gurasoei?
Gurasoek garrantzia handia ematen diote euren seme-alabak ingeniari-edo izateari eta partikular askotara apuntatzen dituzte. Kirolaren garrantzia ahaztu dute, euren heziketan ezinbestekoa da. Umeei kirol munduarekin harremana izaten utzi behar diete eta kirolaren balioa ulertu eta dagokion garrantzia eman.