Zer esan dezakezu Gorka Quevedo idazten ari den liburuaz?
Diaporamarekin istorioaren zati bat osatu genuen, Xabierren azken urteak kontatzen baititu. Hori osatzeko argazki bilduma bat egitea pentsatzen nuen, argazki oso onak baitzeuden eta diaporaman ez baitziren denak sartu. Gorkari, ordea, liburua egitea otu zitzaion. Xabierrek mendian egunero idazten zuen eta liburuan berak idatzitako egunkarietako zati asko azaltzen dira.
Asko idazten al zuen?
Etxean ez zuen idazteko ohiturarik, baina mendian zegoenean egunero idazten zuen. 10 bat egunkari idatzi zituen, ondo eta landuta. Sentitzen zuena eta gertatutakoa idazten zuen. Bestela, jazotakoa eta ikusitakoa ahaztu egiten dugula esaten zuen. Komunismo mendira heldu zen eguneko testua oso-osorik sartu dugu, oso ondo azaltzen baititu sufrimendua eta nahia.
Gorkak ere bere ukitua eman zion.
Xabierrena gertatu zenean, Gorka Chiapasen zegoen eta, egun haietan gurekin egon ezin izanagatik, arantzatxoa sartuta zuela uste dut. Telefonoz sarritan deitu zuen eta primeran portatu zen, baina… Sekulako lana egin duela esan behar da: Xabirekin mendian ibilitakoak elkarrizketatu ditu, kolaborazioak berridatzi ditu, nik haurtzaroari buruz idatzi dudana berrikusi du…
Diseinua, berriz, Ane Miren Ormazabalek egin du.
Lan bikaina egin du. Ideia oso politak ditu eta liburuari freskura eman dio. Bestela ere irakurtzeko arina da, Gorka Quevedok esaldi motzak erabiltzen baititu. Lan handia egin dute: irailean hasi ginen martxoan, Xabierren urtebetetze egunean, ateratzeko. Azkenean ekainaren 14an aurkeztuko dugu.
Zer aurki dezakegu liburuan?
Hurrenkera bat jarraitu behar izan dugu eta horretarako mendikateetan oinarritu gara. Liburu hasieran Xabierren haurtzaroa kontatu dugu eta, gero, Euskal Herriko mendiak, Pirinioak, Alpeak, Andeak, Elurretako Gepardoaren egitasmoa eta Himalaya dira atalak. Gainera, Iñaki Alvarezek Cervino mendiaz idatzi du, Jon Marotok Huascaran mendiaz, Xabiren testuak tartekatuta daude… Nire ustez, lan txukuna egin dugu.
Zer gehiago esan dezakezu?
160 orrialde inguruko liburua atera da. Tamainaz txikia da. Zorte handia izan dugu, Urretxuko Udala gastu guztiak ordaintzeko prest agertu baita. Salmentarekin lortutako dirua itzultzeko besterik ez digu eskatu. Guk, ordea, dirua herrian mendizaletasunarekin lotutako zer edo zer egiteko inbertitzea eskatu diogu Udalari: rokodromo bat-edo. Ideia gustatu egin zitzaien, baina oso berde dago oraindik. 1.000 ale eskatu behar ditugu eta liburua bospasei eurotan salduko dugu. Zoritxarrez, diaporamaren DVDa ezin izango dugu liburuan sartu, bertan erabilitako musikagatik asko ordaindu beharko baikenuke.
Diaporama, liburua, beharbada rokodromoa… gustura izango zara.
Borobila aterako litzateke. Hemendik urte askora hor egongo da liburutxoa, zer edo zer gertatu zela, pertsona bat egon zela… ezagutzera ematen duena. Hori da honen guztiaren helburua.
Zer eragin izan du hilabete hauetan guztietan Xabierren bizitza ezagutzera emateko lanean aritu izanak?
Badakit etorkizunean hau guztia egin izana eskertuko dudala. Hasieran gogorra izan zen, baina hor geldituko da egindako guztia. Ez da gauza bera argazki guztiak armairuan edukitzea edo erakusgarri izatea. Honek guztiak gauzak askoz ere normalago ikusten, lasaiago hitz egiten, gauza askori zentzua ikusten… lagundu dit.
Gasherbrum IIra espedizioa ere honi guztiari lotuta dago?
Azkena ematea da. Gauzak okertu egin ziren eta orain zuzentzen ari dira. Honek guztiak horretan lagundu dit. Ez dut Xabierrengatik bakarrik egiten, baita niregatik ere. Hau guztia Xabierrengatik egin dut, GIIa gu bion egitasmoa zen… baina orain nire bideari ekin diezaioket.
Izan ere, GIIra elkarrekin joateko asmoa zenuten.
Mendi horretara Xabirengatik joango naiz. Konpromezu hori genuen. Ez da kontzientzia garbitzeagatik, ez da zorra, anaiari eskaini nahi diodan zer edo zer da. Berak ireki zidan bide batetik jarraitu nahi dut. Hasiera batean erreparua ematen zidan: anaiari gertatutakoa eta gero, berriro joatea ez da samurra. Baina berak nahi zuena hori bazen, nahi dudana egiteari utzi behar al diot?
Eskerrak emateko modu bat dela ere badirudi.
Nik mendiaz dakidan guztia berari esker da. Bera baino nagusiagoa nintzen, baina bera nire oso aurretik zegoen. Askotan gogoratzen naiz nola mendia oinez igotzea eskalatzen igotzea baino nahiago nuen. Eskalatzea konpromezu handiagoa da. Orain, berriz, anaiak zioena ulertzen dut. Khan Tengrin eta Povedan egon ginenean, ez nuen ulertzen beste mendi batera joateko zer behar zuen. Orain, berak ireki zidan atetik aurrera egin nahi dut eta konbentzituta nago. Galduta ibili naiz eta orain gauzak argiago ditut.
Anaia zen, beraz, gidaria.
Nire papera pasiboagoa zen. Nahiz eta beharbada ez dirudien, Xabi zuhur samarra zen. Baina berak egin zuena horren denbora gutxian egiteko ausarta izan behar zen. Mendian batzuetan arriskatu egin behar da. Ezetz esaten duenak, Txindokira eta Piriniotara joan dadila. Mendi handietan arriskua dago, gustatu ala ez. Ni anaia baino beldurtiagoa nintzen eta lasaitasun puntu bat ematen nuen. Gainontzeko guztian, Xabi osoa zen. Bakarrik ere ibiltzen zela ikustea besterik ez dago. Nik, ordea, ez dut neure burua bakarrik ibiltzen ikusten. Segurtasun handia ematen dit beste bat lotuta izateak. Bestalde, segurtasuna ematen nion: badakizu anaia beti hor egongo dela. Gainera, osagarriak ginen: berak potentzia eta teknika handiagoa zuen eta nik fondoa.
Orain herren sentitzen al zara?
Berarekin mendizale bezala egiten ari nintzen. Beste maila batean zegoen eta askoz ere gehiago jartzen zuen mendira joaten ginenean. Oso harreman ona genuen.
Iaz ere mendira joan zinen…
Ekuadorrera joan nintzen. Hausnarketa urtea izan zen, baina bertan benetan atsegin dudana mendia dela sentitu nuen… Oier Plazaolarekin joan nintzen eta bera izan da azken urtebetean, era batean edo bestean, Xabier anaiaren papera hartu duena.
Horretaz hitz egingo zenuten.
GIIra joatea egitasmo handiegia iruditzen zitzaion eta ulertzen dut. Ez daki zer den kanpamentu nagusi bat, ez da altuera horretan egon… Niri berbera gertatu zitzaidan Khan Tengrira joan nintzenean. Gustuko ere badut, orain berarekin Xabik nirekin zuen papera hartu baitut. Hein handi batean, niregatik datorrela uste dut. Beragan berak eman ezin didan zer edo zer bilatzen ari naizela esan zidala oroitzen dut. Egia da, baina, aldi berean, mendia beste norbaitekin konpartitu nahi dut. Beste pertsona bat ondoan izateak segurtasun handia ematen du, lotuta daramazun laguna benetakoa da eta Oierrek paper hori betetzen du.
Zenbat lagun zoazte?
Perun Arrasateko batzuekin elkartu ginen eta oso ondo elkar ulertu genuen. Eurak ere animatu ziren. Azkenean lagun dezente joango gara: Koke Lasa eta Pedro Garcia ere badoaz. Pedro Xabiren oso laguna zen eta oso ondo portatu da beti gurekin. Koke, bestalde, bere irakaslea izan zen. Entrenamenduak eta lan uztartzea oso gogorra da, baina Xabiren hitzak indarra ematen didate. Izan ere, Himalayatik deitu zuenean hangoarekin liluratuta zegoen eta bizitzan behin gutxienez joan behar dela uste dut.
Himalayan biziko duzuna oso sakona izango da.
Hala da. Kanpamentu nagusian, eguraldi hobearen zain zaudela, asko pentsatzen da eta horren bila ere banoala uste dut. Izan ere, sekulako erritmoan bizi gara eta ez dugu ezertan pentsatzeko astirik. Lasai egoteko gogoa dut.
Gainontzekoak ere espedizio berezi bateko kide direla jakingo dute.
Gertukoek bai. Ez dugu horretaz hitz egin, halakoetaz aritzea kosta egiten baita, baina nire ustez eurek ere badakite gauza berezia dela.
Zenbat denbora emango duzue bertan?
Ekainaren 17an goaz eta abuztuaren 13an itzuliko gara. Londonetik Islamabadera goaz eta gero bizpahiru eguneko bidaia dugu autobusez. Ondoren, 10-13 eguneko trekkinga dugu. Altuerara moldatutakoan, igoerari ekingo diogu. Oraingoz, bide arruntetik joateko asmoa dugu. Bestalde, zortzietatik hiruk GIra igotzeko baimena ere ordaindu behar dugu.
Aurreragokoetan pentsatu al duzu?
Altuera horretan nola nabilen ikusi nahi dut. Ondo ibiliko naizela uste dut, orain arte ez baitut arazorik izan. Asmo asko ditut buruan, baina Oier ere zer moduz moldatzen den ikusi nahi dut. Zortzi milakoen bidea jarraitzeak ez nau konbentzitzen. Han goran zirkoa dagoela ikusten badut… Masifikazioak magia kentzen dio mendiari. Egun, zortzi milakoak egitea eta zazpi milakoetan gauza berriak egitea da nagusi. Bigarren aukera askoz ere nahiago dut: iritsi eta inongo erreferentziarik gabe biderik onena aurkitu behar da. Dena den, zortzi milako bat egin beharra dago: gorputza probatu beste egitasmo batzuetan sartzeko. Zazpi milako asko gustuko ditut, Alpeetako sei ipar aurpegiak egitea gustatuko litzaidake, Piriniotan gauza berriak egin, mendiko lasterketak… Urrutira joateko ohitura dugu eta etxe ondoan gauza oso politak daude egiteke.