Ondo moldatzen al zara lehiaketetan?
Duela lau bat urte hasi nintzen eta beno… Bi urte dela, Katalunian bigarren saria lortu nuen eta iaz Gipuzkoan lehenengoa. Orain bi txapelketa daude: haiena eta gurea.
Herrian kontu honetan zabiltzan bakarra al zara?
Bai. Elkarteko gipuzkoarrak, bata Urnietakoa eta bestea Tolosakoa dira.Aspalditik al dituzue ardiak etxean?
Betidanik dugu ganadua. Hala, ganadu kontu guztia, gustukoa dut. Dena den, etxerako adina ardi besterik ez dugu.
Nolatan hasi zinen lehiaketetan txakurrarekin?
Etxerako hartu genuen txakurra, Border Collie arrazakoa, duela bost bat urte. Gero, ordea, erakustaldi eta lehiaketetan atera-tzeko gogoa sortu zitzaidan.
Zu zeu arduratu al zinen txakurrari erakusteaz?
Ni neu, ordu asko sartuta. Baina, nola gustuko lana den… Asko jardun behar da. Txakurra erosi ondoren, berari irakasteko ikastaro batera joan nintzen. Ordura arte, lehengo erara ibiltzen ginen.
Probetxugarria izan al zen ikastaroa?
Egin eta gero, askoz ere hobeto moldatzen naiz. Metodoa ingelesa da: lau hitzekin dena egiten da. Ezkerretara joan dadin "ezker", eskubitara joan dadin "eskubi", ardiak ekartzeko "ekarri" eta eramateko "eraman". Metodo honekin, txakurrek azkar eta ondo ikasten dute. Gainontzekoak nahasgarriagoak dira.
Zer behar du txakur on batek?
Berezkoa, asko. Batetik bestera, sekulako aldea izaten dute. Batzuei besteei baino gehiago kostatzen zaie ikastea.
Txakur bakarra al duzu?
Orain bi ditut, biak arraza berekoak. Hemengoak ere gustatzen zaizkit, oso politak dira. Batzuek lana ondo egiten dute, baina jenio biziagoa dute. Gure elkartean denetarik erabiltzen dugu: gorriak, hemengoak eta pinttoak.
Txakurrak berezkoa behar duela esan duzu. Eta artzainak?
Pazientzia, zakukada, baina gustukoa dugunez… Gainera, txakurrari kariño handia hartzen zaio. Horrela erakutsitako txakurra ez dugu saltzeko… Etxeko lanetan egiteko erabiltzen dugu batik bat, baina urtean erakustaldi batzuk baditugu eta mendira ere eramaten dugu.
Ardizain elkarteko kidea zara.
Lehenago beste elkarte batean geunden, baina ez geunden gustura. Haiek lana egiteko beste era bat dute eta guk geurea sortu genuen. Bizkaitarrak, nafarrak eta gipuzkoar gutxi batzuk gaude.
Zein da beste elkartearen eta zuenaren arteko aldea?
Haiek, ardiekin ibiltzeaz gain, banderen ariketa egiten dute. Ardiak alde batera jartzen zaizkio eta, bestean, banderak. Txakurrak bandera artetik bidea egin behar du, baina zaletasuna du eta zuzenean arditara joaten da. Beti eusten egon behar dugu eta ez dute lana ondo egiten. Gure ustez, lan horrek ez du garrantzirik eta, hala, gure ariketa guztiak ardiekin dira. Egunero egiten diren horiek.
Gauza berriak ere egiten dituzue…
Oñatiko lehiaketak ospe handia du, baina, gure ustez, ez da horrenbesterako. Beti gauza bera egiten dute eta jendea nazkatzen hasia da. Guk ariketa berriak probatzen ditugu: inbutu bat pasatzea, ardi batzuk bakarrik apartatzea… Bestalde, antzarrekin eta behiekin erakustaldiak egiten ditugu.
Animalia batekin edo bestearekin aritu, aldea egongo da. Txakurrak ez al dira zoratzen?
Edozein ganadurekin lan egiteko gai dira. Dena den, aldea badago, noski: behiengana indar handiagoarekin sartu behar dira, ardiengana leunago eta antzarrengana leunago oraindik. Berehala ikasten dute animalia bakoitzarekin nola ibili