Pentsatzen jarri eta, zenbat pertsonarekin hitz egin ote dut beti, ezagututako egunetik gaur arte, hika? Gutxirekin. Iñaki zen horietako bat. Zerbait baldin bazen, beste ezeren gainetik, euskalduna zen Goetxe. Euskalduna hizkeran, euskalduna jarreran, euskalduna pentsaeran… janzkeran ere euskalduna zela esango nuke, txantxa bat eginez. Bizarra beltza zuela ezagutu nuen, urdintzen nola joan zitzaion ikusi nuen… baina bizarrik gabe ez. Nik uste, abestiak dioena egitea erabaki zuela, alegia, askatasuna lortutakoan kentzeko asmoa zuela. Burugogorra zen, gero! Iskanbila gutxikoa eta konstantea zen, nekaezina. Ez zuen egun batean zerbait aginduko eta hurrengoan ahaztuko. Helburua finkatu eta segi, segi, urtea joan eta urtea etorri. Ke arteko makina bat bileratan egondakoa naiz berarekin, eta ez nion sekula entzun paperean jartzen zuena lan gehiegi izango zela, edo zailtasunak zituela, edo ez zuela mereziko… "Hasi egingo gaituk, eta ikusiko diagu noraino ailega-tzen garen". Bakarrik geratzeko beldurrik gabe. Hark segi egingo zuen. Aberri Egunean Izazpiko tontorrean ikurrina ipini behar zela eta han joaten zen Iñaki, Atxurzatik gora, bandera motxilan hartuta. Baita berehalaxe azaldu ere ikurrina gurutzean, haizeak dantzatuta. Nola igotzen zen, ordea, gurutzearen puntaraino? Burdinezko eskailera bat zeukan, ote artean ezkutatuta, eta hartaz baliatzen zen. Irailaren 3an, gurutzean krespoi beltzeko ikurrina madarikatua jarri beharra zegoela eta, eskailera bila hasi ziren lagunak, eta kostata aurkitu zuten. Ez zeukan galtzeko. Beotegiko Arranoarena ere kontatzekoa da. HBk hogei urte bete zituela eta, altzairuzko Arrano Beltza enkargatu zion artisau bati, berak eramandako marrazkiaren arabera egin zezan aginduz. Erdian bertso bat ezarri zion eskulturari. Eta Beotegi mendiko arkaitzean josi zuen, Ezkioren gainean pare-parean. Norbaitek bota egin zuen handik gutxira, tiro eginda. Berriro jarri zuen Iñakik eta han dago oraindik, ikusi nahi duenaren-tzat.
Alkatetzarako aurkeztu, herritarrek aukeratu eta… hamabi urtez Ezkio-Itsasoko alkate. Gehi beste lau zinegotzi. Hainbeste maite zituen emazte eta seme-alabei kendutako ordu asko, fabrikatik irten eta mendian bueltatxo bat eman ezinda geratutako egun asko, Goetxera joan eta baserriko lanetan laguntzeko aukerak ere berak nahi baino gutxiago… Ez nion inoiz entzun "nekatuta negok" edo "beste bat aurkeztu dadila". Hildakoez beti esaten da pertsona ona zela, baina ez da beti egia; Iñakiren kasuan, bai. Ezker Abertzaleko militante goitik beherakoa zen, eta izango da agian horregatik ondo ikusten ez zuenik; zer egingo zaio, ba. Gizon gisa, herritar gisa, ez dut uste inor gaizkiesaka arituko denik Iñakiz. Izan ere, asko ematen eta ezer jasotzen ez duen pertsonaz nola gaizki hitz egin? Zehatzago esanda; ezer materialik ez zuen eskuratu, eta are gehiago, uste dut bere lagunek ere ez geniola behar bezala erakutsi zenbat eskertzen genion zen bezalakoa izatea, baina sinestuta nago kontent zegoela bere buruarekin, bere ideien eta maite zituenen alde jokatu zuelako beti, harrokeriarik gabe baina tinko. Eta hori, Leteren abestiak dioen bezala, gauza ederra denik ez ukatu niri.
Besarkada handi bat, Iñaki, hagoen tokian hagoela. Beste bat Begoñari, Aiorari eta Beñati, eta zorionak horrelako senarra eta aita izan duzuelako. Apustu egingo nuke Iñakiri behin baino gehiagotan etorriko zitzaiola burura Laboaren abestia zuei begiratzean: "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak". Zein harro egongo hintzatekeen egun gogor hauetan hire zuhaitz-ardaskek minaren ekaitzari nola eutsi dioten ikusi izan bahu, Iñaki. Eta azkeneko besarkada Goetxeko sukalderaino bidali nahi dut. Mila esker Joxepa, Euskal Herriari horrelako semea eman diozulako, eman diguzulako.