Urretxuar petoa zaren arren, ez zinen bertan jaio.
Ez, Zaragozan baizik. Aita hangoa nuen eta ama bertara ezkondu zen, baina, bi hilabete nituela, 1925ean, hil egin zen. Orduan, ama hona itzuli zen. 13 hilabete egin zituen ezkonduta eta 23 urte zituen. 15 urte nituenean ezkondu zen berriro.Gogorra izango zen aitarik gabe haztea.
Beno… osaba-izebak gazteak eta ezkongabeak ziren oraindik eta "mimoak" ez zitzaizkidan falta.Non bizi zineten?
Osaba-izebak baserrian ezkonduta nituen eta, amak lan egiten zuenez, beraiekin bizi ginen Ertsolegin. 16 urterekin, Rodriguezen hasi nintzen lanean. 37 urte eman nituen bertan eta, gero, beste 13 Matia Fundazioan. Bertan, masajista lana egin nuen. Aspalditik nenbilen lan horretan, hasieran etxean bakarrik.Nolatan hasi zinen masajeak ematen?
Txirrindulariekin hasi nintzenean, batera eta bestera joaten ginen eta besteen txirrindulariei masajeak ematen zizkietela eta nireei inork ez zizkiela ematen ikusi nuen. Etxebarrenekin (Realeko medikua izan zenarekin) banuen harremana eta irakasteko eskatu nion. Baietz esan zidan eta Donostiako San Antonio klinikara joaten hasi nintzen. Lanetik irten, trena hartu eta Donostiara. Etxebarrenek esku ona nuela eta jarraitzeko esan zidan. Hori dela eta, liburu batzuk erosi eta gehiago ikasi nuen.Jende asko pasako zen zure eskuetatik…
Bakoitzak milioi bat eman izan balit, asko izango nituen! Tartean, kirolari asko izan ziren: aizkolariak, harrijasotzaileak, korrikalariak… Diego Garcia zena ere, adibidez, hona etortzen zen.Gainera, garai batean masajista gutxi izango zineten.
1962an hasi nintzen eta inguru honetan, besterik ez zegoen. Hona, Legazpikoak, Beasaingoak, Zegamakoak… etortzen ziren. Bronkio arazoekin hasi nintzenean utzi nuen, duela bi urte. Izan ere, masajeak ematea gogorra da, esfortzu handia egin behar da eta besoetan indarra behar da. Bestalde, masajista batek esku onak behar ditu. Gaixoak mina non sentitzen duen esaten du, baina mina nondik datorren aurkitu behar da. Errazena txirrindularien eta korrikalarien hankak lantzea zen, bizkarrean lan egitea gehiago kostatzen da. Txirrindulariekin hasi nintzen eta beraiei masaje ematea oso gustuko nuen.Nolatan halako txirrinduzaletasuna?
Mutikotan hasi nintzen ibiltzen. Osabarena zen bizikleta. Behin, erori egin nintzen, jipoia eman zidan eta bizikleta gehiago ez hartzeko esan zidan. Nik, ezkondu eta lehenengo gauza txirrindua erostea izango zela esan nion. Halaxe erosi nuen. Egun zikloturistek egiten dituzten martxak, nik, bakarrik egiten nituen: jaietan kostaldeko itzulia egiten nuen, beste batean Urkiolatik Gasteiza joan nintzen eta Altsasutik itzuli… Emazteak nahiago zuen ni bizikletan ibiltzea txikiteoan baino. Garai hartan ez zegoen zikloturistarik, baina txirrindulariak bai: Txokolatero, Askasibar zaharra, Eguzkitza, Florentino Alberdi…Inguruko errepide guztiak ezagunak izango dituzu…
Nire gogorrena Eitzako aldapa zen. Sordorenera nekatuta heltzen nintzen, arnasarik gabe… Asko kostatzen zitzaidan igotzea. Urkiola, Deskarga… ondo igotzen nituen, baina Eitza…Orduan egun baino seguruagoa izango zen errepidean bizikletan ibiltzea…
Askotan gogoratzen naiz hemendik Zumaiara bi autok soilik aurreratzen zidatela. Errepidean ibiltzen ziren txirrindulariak ere askoz ere gutxiago ziren. Bizikleta asko zeuden, baina jendeak lanera joateko erabiltzen zituen. Gutxi ikusten ziren ni ibiltzen ziren tokietan.Frantzian askoz ere zaletasun handiagoa zegoen.
Mujikari omenaldia egin genionean Frantziatik hona bizikletan etorri ziren asko, baita emakumeak ere. Ez horren urrun jendea nola ibiltzen zen ikusteak, inbidia eman zidan. Orain, emakume gehiago ikusten da bizikletan.Noiz hasi zinen lehiaketa munduan?
Ezkonduta nengoen dagoeneko txirrindularitzan murgildu nintzenean. 1960an Goierriko Itzulia antolatzen hasi ziren eta hiru urte jarraian eman genituen antolaketan. Bestalde, bizikleta alokairu denda zuen Odriozolak jubenil mailako taldea ateratzea proposatu zidan eta horretan ere murgildu nintzen. Txirrindulariekin joaten nintzen entrenatzera eta moldatzen nintzen, ez nintzen atzean gelditzen.Makina bat txirrindulari pasako ziren zure eskutik…
Odriozolaren taldean bizpahiru urte eman nituen, Urmenetarekin hiruzpalau eta "Sociedad Ciclista Beasaindarra"-n ere aritu nintzen. Gero, Amelio Mendijurrekin hasi nintzen. Motza eta potoloa zen eta denboraldi batetik bestera asko gizentzen zen. Behin, horrela ezin genuela jarraitu esan nion eta, txirrindularitza gustuko bazuen, ziklo-krosa egitea komeni zitzaiola. Halaxe, Zaragozara eraman nuen. Hamabost egun eman genituen bertan entrenatzen. Handik, hobetuta etorri zen. Hemen, Santa Barbara genuen entrenatzeko tokia. Eguraldi txarra egiten bazuen, Irigoieneko txabolan aritzen ginen. Goizeko seietan gimnasia egiten genuen eta, gero, errepidean aritzen zen.Gorputz heziketan ere aditua zara.
Mariano Galarza txatarreroa zen lanbidez, baina txirrindularitzan oso sartua zegoen. Bi liburu bikain eman zizkidan eta haietan azaltzen zena ikasi nuen.Negozio kaxkarra egingo zenuen zuk txirrindularitzan…
Afizio hutsez lan egin dut. Nire poza, txirrindulariak ondo zebiltzala ikustea zen: Mendijur, Penagarikano, Ezkioko Osinalde…Nolakoa zen egun bateko prestaketa, egungoaren aldean?
Antzekoa, baina oraingoa baino garbiagoa. Orduan ez zen gauza arrarorik hartzen eta jendea ibili behar zelako ibiltzen zen. Lehen ere zer edo zer izango zen, baina ez orain bezain lotsagabe. Pertsona batek laguntza behar du hiru asteko lasterketa egiteko. Kontua, laguntza hori garbia edo zikina izan da. Bestalde, lehen, orain baino askoz ere diru gutxiago zegoen: txirrindulariak furgoneta batean joaten ziren lasterketetara eta ni motorrean. Kirolariek kamiseta bat eta bizpahiru tubular besterik ez zituzten.Etxetik kanpo denboraldi luzeak emango zenituen.
Munduko hamahiru ziklo-kros txapelketetan izan naiz, masajista, Espainiako selekzioarekin. Lehenago, 1969an edo, herriko lagunekin Bruselara joan nintzen munduko txapelketa ikustera. Oso zaleak ginen. Janaria hemen hartu eta lau eguneko bidaia egin genuen: bat han eta beste hirurak autoan. Parisen gelditu ginen gaua pasatzera. Moulin Rouge-eta ikusi genituen. Frantziako Tourra ikustera ere joaten nintzen. Ezagutu dudan txirrindularirik onena Merckx izan da, bere jarraitzaile sutsua nintzen. Garai batean Loroño eta Bahamontesen artean borroka latza zegoen eta ni Loroñozalea nintzen. Hemengoa zen eta…Zure eskutatik pasa zirenen artean, nor azpimarratuko zenuke?
Onena, Mendijur. Aparteko indarra zuen. Pena gazte joan zela. Hala izan ez balitz, txirrindularitzatik biziko zen. Esprinean baldar samarra zen, baina, bestelakoan, ziklo-kroserako oso aproposa zen. Bere hirugarren edo laugarren lasterketan, Ormaiztegin, ondo eramaten bazuten oso ona izango zela entzun nien federaziokoei. Nik berari ez nion halakorik esan, gogor saiatu beharko zela baizik.Zu ere gogor saiatuko zinen…
Garai hartan ez zegoen prestatzaile fisikorik. Masajistak egiten zuen dena: medikuarena, prestatzailearena… Babesleak heldu zirenean banandu ziren lan hauek guztiak.Txirrindularitza jarraitzen al duzu?
Lehen autoa hartu eta lasterketak ikustera joaten nintzen, baina orain ez. Telebista eta egunkari bitartez jarraitzen ditut probak. Martin Perdiguero eta bere koadrila nituen gustuko, baina egun batetik bestera zikinduta azaldu dira… Non ibili naiz ni?, diot neure buruari.Zer dela eta atsegin duzu horrenbeste txirrindularitza?
Kirol oso konpletoa da. Suabe-suabe eginez gero, ez du kalterik egiten.Semeek ere kirol hau maitatzea lortu zenuen.
Bi semeak zikloturistak izan dira eta biloba errepideko lasterketetan aritu zen. Orain, berriz, triatloian dabil. Oso ondo ari da. Etxe gutxitan izango dira gurean bezainbeste bizikleta. Semeak hiru bat izango ditu eta nik erabiltzen nuena ere gordeta du.Ezkondu zinenean erosi zenuen hura?
Harekin bakarrik ibili naiz! Peugeot markakoa da. 11 kilo pisatzen zituen, baina farola, tinbrea, parrila eta guardabarrosa zituen. Ibiltzeko, arina zen. Lanera bizikletan joaten nintzen egunero, Rodriguezera. Beste egun batzuetan, Azkoitira, Santa Barbarara… joaten nintzen. Pasiatzeko espeziala zen! 30 bat urte izango dira ibiltzeari utzi niola, Donostian lanean hasi nintzenean. Handik itzultzean, etxean ere masajeak eman behar nituen…Zaletasunik badagoela uste al duzu?
Bai… Gorka Ruiz de Gordoa ona datorrela dirudi, baina gero zer egingo duen… Bestalde, horrenbeste zikloturista ikusteak inbidi pixka bat ematen dit, baina Aginagatik-eta oinez datozenek ematen didate handiagoa. Izan ere, 1998an auto batek kolpea jo zidan eta ez dut horrenbeste ibiltzerik. Oso zalea nintzen. Istripua izan nuen egun hartan bertan, autoaren bila nindoan. Legazpitik Barrendiolara oinez joateko ohitura nuen. Lehen 70 kilotik gora ezin pasa eta, orain, 86tik ezin jaitsi…