Zer esperientzia duzu kirol munduan?
Urolan bi denboraldi eman nituen: bata infantil mailan eta bestea jubeniletan. Gero eskubaloian hasi nintzen eta sail horretako zuzendaritza batzordeko kidea ere izan nintzen. Badakit, gutxi gorabehera, zertan ari naizen; baina futbol saila oso handia da. Eskubaloikoa familia baten modukoa da: hemen ditugun jokalarien herena ditu.
Nolatan heldu zara presidente kargura?
Kirola beti izan dut gustuko eta bere alde lan egiten saiatu naiz, baina, semea izan genuenean, utzi egin behar izan nuen. Orain mutikoa Urolan jokatzen hasi da. Apur bat nahi gabe, beste apur bat bultzatu nautelako eta beste apur bat gehiago atsegin dudalako… presidente karguan nago. Gurasooi bilera batera deitu ziguten eta klubaren ardura hartzea eskaini ziguten. Ez genuen irtenbiderik, aurreko zuzendaritzakoek uzteko asmoa baitzuten. Zortzi guraso azaldu ginen bilera hartara eta sei gelditu egin gara. Nire asmoa talderen bat entrenatzea zen, baina…
Zenbat lagun zabiltzate taldean lanean?
Benetan garrantzitsuak lehendik zeudenak dira, guk utzitakoan jarraitu egingo baitute: tabernaz eta zozketez arduratzen direnak, delegatuak… Gu, federazioarekin zerikusia duten gaiez arduratzen gara batez ere. Guztira, 16 bat lagun gaude.
Gogotsu hasiko zineten…
Kirol zuzendaria da taldeko pertsonarik garrantzitsuena. Iaztik abian den futbol eta hezkuntza plangintza erakutsi digu. Gure asmoa, jokalariak hasieratik heztea da: guztiek jokatzea, oinarria hartzea, mailaz igoko diren heinean oinarria aberastea eta lehen taldera heltzen direnerako futbolean jokatzen jakitea. Bestalde, lehen taldearen aurtengo helburua mailari eustea da. Lehen taldeak lehiatzea du helburu eta gainontzekoak hezkuntza proiektuaren parte dira.
Orain arte ondo lan egin al da?
Bai, baina ez du nahi bezain emaitza onik eman. Gora eta behera dabilen taldea lortu da. Lehen taldea Gipuzkoan erreferentea izatea nahi dugu: Beasain eta Tolosaren parekoa. Urola Preferenteko talde indartsuetako bat izan behar da, aldizka Hirugarren Mailara igotzeko aukera izango duena. Hori lortzea bospasei urte kostako zaigula uste dugu.
Oinarria harrobia da, beraz.
Lehen lehiatzeko lan egiten zen. Talde bakoitzean hamaika jokalariekin lan egiten zen. Maila guztietan primeran lehiatzen ziren, baina, bata ikastera kanpora joaten zela eta, bestea, aspertzen zela, bost soilik heltzen ziren lehen taldera. Taldeko 18 gazte lanean jartzea lortzen badugu, denek jokatzea eta ikastea, gehiago izango dira lehen taldera helduko direnak. Urolari gertatu zaiona Espainiako selekzioari gertatu zaion antzekoa da: beheko mailetan tituluak lortzen dituzte, baina talde nagusiarekin ez. Zergatik? Jubeniletan txapeldunak izan zirenek ez dutelako euren taldeetan jokatzen. Saskibaloian, ordea, urrezko junior guztiek minutuak izan dituzte ACB ligan.
Urretxu-Zumarragako harrobiarekin Hirugarren Mailara heltzeko aukera dagoela uste duzula esan duzu.
Gazte-gaztetik ondo lan eginez gero, belaunaldi onak suertatuko dira. Urolak ia 300 jokalari eta 10 talde dituela kontuan izan behar da. Preferenteko goialdea da gure tokia, ez dugu zertan azken urteotan pasa ditugun beldurrak pasa beharrik. Denboraldia ondo hasi dugu, baina ez gara fio. Aurten 18 talde besterik ez gaude eta aurreko denboraldietan baino talde bat gehiago jaitsiko da. Duela bi urte, zortzigarren jardunaldian bigarrenak gindoazen eta, hala ere, jaitsi egin ginen.
10 talde dituzue.
Nesken bi talde ditugu: batean 17 jokalari ditugu eta bestean 12. Bigarrengo talde honetarako jokalariak behar ditugu, bestela ezin baitira lehiatu. Mutilen artean, Futbol 8ko bi talde, kadete mailako bi, infantil mailako beste bi, jubenila eta lehen taldea ditugu.
Gaia aldatuz, zer moduz lehendakaritzan eman dituzun lehen hilabete hauek?
Lan handia izan dugu. Orain arte, federazio kontuetan aritu gara, batez ere. Diru kontuak ondo eraman direla uste dugu eta orain arteko bidea jarraitzen saiatu behar dugu. Bidaien kontuarekin arazoa dugu, talde gehiago baititugu eta, gainera, prezioak igo baitira. Kostea 12.000 euro igo da, baina estaliko dugula uste dugu. Babesleekin hitz egin dugu eta jendea laguntzeko prest dagoela dirudi.
Zein da Urolaren aurrekontua?
Denboraldi honetan 150.000 eurotik gorakoa izango da. Iaz, udalek 24.000 euro inguru eman zuten, baina aurten diru gehiago jartzea espero dugu. Gogotsu ikusten ditugu eta, gainera, gai berri bat aurrera ateratzea nahi dute: futbol eskola.
Zer esan dezakezu eskola horretaz?
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Realaren ekimena da, azken honek gaztetxoak futbolean lehenago hastea nahi zuela eta. Gipuzkoan 8-10 eskola egongo dira eta horietako bat guri eskaini digute. Udalek eskaintza onartzea nahi dute. Teorian, 2007 hasieran jarriko da abian eta 8 eta 11 urte bitarteko gaztetxoentzat izango da. Entrenatzaileak tituludunak izango dira, Realak eta Aldundiak jarraipena egingo dute… Guk entrenatzaileak eta instalazioak besterik ez ditugu jarriko. Eskolari esker, gaztetxoak trebatuago helduko dira Urolara.
Beste berrikuntzarik ba al duzue?
Urretxu-Zumarragako ikastetxe guztiekin hitzarmena sinatu dugu. Formazioa bikoitza dela uste dugu: alde batetik futbola dago eta, bestetik, hezkuntza. Hori dela eta, hilean behin ikastetxeetako ordezkariekin bilduko gara eta gazteek gurean zer jarrera duten azalduko diegu. Bestalde, eskolan jarrera txarra duenak, ez du Urolan tokirik izango. Pertsonak heztea da gure lana, gutxi batzuk soilik bizi baitaitezke futbolari esker.
Talde gehiago, futbol eskola… Argixaon ba al dago horrenbesterako tokirik?
Udalari anexoa konpontzeko eskatu diogu eta egingo duela esan digu. Lehengo moduan uztearekin, pozik gara: lurrezkoa, baina zulorik gabe.
Jokalariak, zuzendaritza, udalak… bazkideez hitz egitea falta zaigu.
Jokalari ohiei laguntza eskatu diegu. Izan ere, gezurra badirudi ere, lehen taldean jokatu duten herritarren %10 soilik da bazkide. Jokalarien gurasoak, berriz, karneta ateratzera behartzen ditugu. Beste toki batzuetan, seme-alaben azterketa medikoa eta fitxa ordaindu behar izaten dute eta garestiagoa da. Egun, 500 bazkide inguru ditugu. Azken denboraldiotan, hortxe gabiltza. Kanpaina egitea pentsatu dugu, baina aurrerago izan beharko du. Izan ere, bi hilabete daramatzagu lanean eta egunero gaueko 9etan irteten gara Argixaotik.
Gurasoek zuen ahalegina estimatzen dutela uste al duzu?
Beraiekin bilera bat edo beste egin dugu. Seme-alaben eredua dira eta jokamolde egokia erakutsi behar dute. Arerioak eta epaileak errespetatu behar dituzte, seme-alabei puntualitatearen eta konpromezuaren garrantzia irakatsi behar diete… Euren laguntza behar dugula argi eduki behar dute. Horren barne, hemen lanean gaudenon lana errespetatzea sartzen da. Zer edo zer gaizki egiten dugula uste badute, Argixaon jakinarazi behar dute.
Bukatzeko, zer esan dizu zure anaiak?
Nire anaia hemen sartzea espero dut. Futbola izugarri atsegin du eta badaki berari zer eman dion. Hori dela eta, guk uzten dugunean, lekukoa hartuko duenetako bat izatea gustatuko litzaidake.