Jesus Mari Iturriotz, hiru aro ezagutu dituen fraidea
Noiz eta nolatan etorri zineten Pasiotarrak Urretxura?
Gure lehenengo etxea 1935ean ireki zen, gerra hasi baino apur bat lehenago. Gabirian etxea genuen, hemendik gertu, baina hura zokoan dago. Han apaizgaiak zeuden, bainuetxea izandakoan, orain baldosa lantegia den horretan. Nik ere hiru urte pasa nituen bertan. Toki handiagoa behar genuen, gure gazteak Tafallara edo Galiziara joan beharra baitzuten ikasketak osatzera. Hala, Irunen eta Urretxun ere etxeak ireki genituen. Bokazio asko ziren eta zabaltzen ari ginen. Gainera, Urretxuko leku egokia zen Gabiriari laguntza emateko. Izan ere, geltokia bertan dago.
Zer asmorekin etorri zineten?
Gure lan bereziak misioak ziren. Bestelakoan, gurean bizi. Bizitza erretiratua. Gero, 1968a arte, etxe hau teologia egiteko etxe egokia suertatu zen eta hemendik misioetan dauden asko pasatu ziren. Filosofiarako Tafalla genuen, nobiziaturako Angosto… Ni neu Gabirian hasi nintzen eta gero Deustuan, Euban, Angoston, Tafallan eta Urretxun izan nintzen. Hemen teologia bakarrik ematen zen. Garai hartan 70 bat lagun ginen hemen, horietatik 50 ikasleak. Lau ikasturte ematen ziren eta portugaldarrak ere etorri ziren.
Halako eraikin handia egiteko, denbora asko beharko zenuten…
Hasieran pabiloi zabal bat egin zen, hegoaldera begira. Hori erretirorako zen. Baina gero Urretxukoa ikasle gazteentzat toki egokia zela eta teologia ikastetxea egin zen. Horrekin batera eliza egin zen. 1950ean hasi ziren lanak, gutxi gorabehera, eta 1953an inauguratu zen. 1951n hasi ziren teologia klaseak.
Noiz eta nolatan utzi zenioten klaseak emateari?
1968an. Institutu guztiok ikasketak bateratzea erabaki genuen eta pauso nabarmena eman zen. Hala, hemengo ikasleak Deustura joan ziren eta euren etxea zena hutsik gelditu zen. Horrek zeresana izan zuen ikastolaren sorrerarekin.
Nola sortu zen Ikastola?
Hemengo ia guztiok euskaldunak ginen eta euskara maite genuen. Euskaldun giro nabarmena zen gure artean, sorreratik. Gure ikasleek euskara ikasteko eta alfabetatzeko aukera zuten. Ni neu hementxe alfabetatu nintzen. Herritarrei ere alfabetatze klaseak ematen zitzaizkien, euskarazko kultur ekimenei babesa ematen zitzaien… Ikastolen sorrera garaian, hemengo gurasoak gugana etorri ziren. Gure datuen arabera, 1967ko urriaren 3an eman ziren lehen eskolak: irakasle bat eta bi laguntzaile, guztiak emakumeak, eta 3 eta 6 urte bitarteko 100 haur hasi ziren. Bi gelatan banatuak, zeuden hasiera hartan. Hamar egun beranduago euskara ikasturteari hasiera eman zitzaion. Urte hartan 170 gazte inguru matrikulatu ziren.
Zer babes eskaini zioten Ikastolari?
Eskolak emateko toki bat eta babesa behar zuten. Legearen aurrean gu ginen irakasleak, nahiz eta lekaideok ez genuen klase bat bera ere ematen. Izan ere, andereñoek ez zuten titulurik. Hori dela eta, kanpotik, Medranotarrak-eta etortzen zitzaizkigun: "inspektorea hemen dabil, kontuz!".
Aurrerago zuek ere klaseak eman zenituzten. Zergatik?
Guk ere gure planteamenduak genituen eta tentsio uneak izan ziren. Izan ere, parrokia-eskola zen, baina bertan elizaren kontra egiten zela iruditu zitzaigun. Gainera, lokalak utzita zeuden eta akordio bat zegoen Ikastolakoekin: euskara eta erlijioa eman behar zituzten. Ordura arte funtzionamenduaren ardura gurasoen esku utzita genuen eta 1970ean-edo gure esku hartu genuen. Joxe Martin Kamino izan lehen zuzendaria, gero Joxe Agustin Berasaluze eta ondoren ni.
Noiz hartu zuen Ikastolak bere bidea?
Gure berezko lana ez zen eskolak ematea eta, gainera, fraide gutxi geunden. Ikastola hazten ari zen eta ezin genion behar bezala erantzun. 1971n 401 ikasle besterik ez zeuden eta 1981ean, berriz, 1.148. Izugarri hazi zen, kontrolik gabe. 1979ko azaroaren 15ean utzi genuen Ikastola gurasoen esku. Egun hartan sinatu genuen beraiekin hitzarmena.
Beranduago, Ikastolak bere eraikina erosi zuen.
1986an izan zen. Guk etxea berritzeko premia genuen eta Ikastolak eraikina erosi nahi zuen. Ikastolaren arazoa leku falta izan da beti. Ni zuzendaria izan nintzen garaian, guk zertxobait gehiago ematea bagenuela iruditzen zitzaidan, baina denok ez ginen iritzi berekoak. Izan ere, gure erretiroak handiak izan dira beti. Nire ustez, gaur egun ere, Ikastolak itxita ikusten du bere burua, ez ditu nahi bezalako lokalak.
Eraikinaren zati bat saldu zenutenerako, fraide gutxi izango zineten.
Bai. Egun sei gaude eta hiru 80 urtetik gorakoak dira. Gazteak hemen zeudenean beste bizitasun bat zegoen, noski. Aldaketak normal eman dira: Ikastolak bere bidea hartu du eta guk ez dugu horretaz zer esan. Ikastola joaten bada, gure etxea ere pikutara joango gara. Gauzak ondo egitea nahi dugu: gune bat aldatu behar bada, egoki egitea komeni da, askatasunez. Eliza defendatu dugu, inguruan merezi duen tokia izan dezala.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Parrokian gabiltza lanean eta horretan jarraituko dugu. Dena den, ez dago gehiegi esaterik. Sei etxe ditugu Euskal Herrian eta Urretxukoa ez da sendoena. Leku ona da lanerako eta gustura gaude, baina, nork daki zer izango den etorkizunean? Dena den, hau toki ona da eta inguruan ez dago beste komenturik.
Zer berezitasun duzue Pasiotarrek?
Kristoren pasioa da gure oinarria, ez pentsioa, nahiz eta batzuek pentsionistak deitzen gaituzten. Gure erretiroak Jesukristoren pasioa Jesukristo gurutziltzatuari begira bizitzeko dira. Etxe barruan bizi dugu nekaldia lehenbizi eta gero jendeari iragarri Jesukristogan agertu dela Jainkoaren maitasuna. Gure sortzailea gurutzeko San Paulo da eta hark garbi zeukan Jainkoaren maitasunaren erakusgarri bikainena Jesukristo gurutziltzatua dela. Ezin da egon hari begira, hark jartzen gaitu jendeari begira. Hori dela eta, aspalditik Amerikan gaude misiolari. Hemen bokazio gutxiago ditugu eta aurki hangoak etorriko dira. Misiolari bezala, ez hemengo etxeak zaintzeko.
Nola ematen duzue eguna?
Goizeko 7.30ak aldera jaikitzen gara eta errezatu egiten dugu. Bakoitzak bere gela dauka eta bulego bezala erabiltzen da. Pastoral lanak prestatu behar dira. Katekesia, adibidez. Haurrei eman baino, gurasoei eman nahi diegu, etxean eman dezaten. Bestalde, El Salvadorren laguntzen ari naiz. Bestelakoan, etxean pasatzen dugu denbora asko. Gauean, goiz erretiratzen gara. Harreman dezente dugu beste elkarteekin. Pilarika egunean, adibidez, hemen elkartu ginen.
Bukatzeko, Urretxun urte asko daramatzazue. Herrian estimatuak sentitzen al zarete?
Baietz uste dut. Aita Ramon, adibidez, oso ezaguna zen, lan asko egindakoa. Hil berri da, 95 urterekin. Jende askok galdetu digu beragatik eta eliza bete egin zen hileta elizkizunean. Azkenekoz etorri nintzenean ere harrera ona izan nuen. Bokazio gehiago egotea gustatuko litzaidake, hemen aurrera jarraitzea ziurtatzeko. Jaioterrian baino denbora gehiago eman dut Urretxun.
Leon Arrieta: Pagoetako fraideen gertuko gizona
Fraide pasiotarrak ezagutzen dituen urretxuar bat bada, hori Leon Arrieta da. Izan ere, bere familia inguru hartan bizi izan da beti, aita Nekaldiaren Kofradiaren sortzaileetako bat izan zen eta bera ere kidea zen. Oraindik parrokian parte hartzen du eta bertako diru kontuez arduratzen da.
Noiztik du harremana zure familiak fraideekin?
Aitak gaztetatik izan zuen harremana eurekin. Beti ezagutu nuen fraideekin hartu-eman ona zuela. Kofradiaren bitartez egiten zuten fraideek pastoral lana herriarekin. Kofradiak eragileak behar zituen eta horietako bat nire aita zen. Bere lanetako bat kuotak kofradia kideei kobratzea zen eta guk egiten genituen erreziboak, eskuz, mutil koxkorrak ginela.
Zure gazte garaian fraide asko izango ziren hemen.
Ikasleak etorri aurretik bospasei izango ziren. Gero, 100 bat. Kalean ez ziren asko ibiltzen, mendira joaten ziren asko. Oso etxekoak genituen eta gu ere oso etxekoak ginen, akolitoa izan nintzen… Solfeoa, txistua eta dantza ere bertan ikasi nituen, fraideen eta kofradiaren babesean. Orduan oso zaila zen euskal kultura kutsua zuen edozer ekintza kaleratzea. Halako erakunde baten babesean izan behar zen. Nire aitak eta berarekin zebiltzanak abertzaleak ziren eta hori aprobetxatzen zuten. Kofradia, berez, erlijio erakundea zen, baina ibilaldiak eta kultur ekintzak ere bultzatzen zituen.
Jende asko al zen kofradiako kide?
Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko asko, 400-500 lagun edo gehiago. Ez dakit zehazki zenbat, baina eliza bete egiten zen. Hasieran Gabonetan bakarrik ateratzen ginen kalera kantatzera. Gero, txistua jotzera eta dantzatzera ere ateratzen hasi ginen. Antiora egindako txango batean jo nuen txistua jendaurrean aurreneko aldiz. 6-7 urte izango nituen. Solfeoa irakatsi zidan Aita Eusebiok abesbatza ere bazuen. Dantza, berriz, Tomas Sadabak irakasten zuen eta txistua Ramon Esnaolak. Lehenago ere izan zen dantza talde bat eta hango kideak izandakoak gurera etorri ziren.
Gau Eskola ere izan zen.
Folklore giroko epea bukatu zen eta benetako kulturgintzari ekin genion. Orduan hemen errektore zen fraidea ez zen gureetakoa politika kontuan eta beldur ginen, ez genekien nola hartuko zuen. Gure ustearen kontra, ahal zuen guztia egin zuen Gau Eskolaren alde. Gutaz gain, bost fraide behintzat, irakasleak izan ziren eta ez ziguten batere kobratu, ezta argirik ere. Fraideen artean euskal giroa nagusi zen. Egun euskara munduan oso goran dagoen Xabier Mendiguren hemengo fraidea eta Gau Eskolako irakaslea izan zen. Bestalde, Legazpiko Gau Eskola Pagoetakotik sortu zela esan beharra dago. Gutako bi hara joaten ginen eskolak ematera. 50 bat lagun izango ginen Gau Eskola, antzerki eta halakoetan genbiltzanak.
Nolatan sortu zen antzerki taldea?
Geroxeago, 1960 inguruan. Gabiriakoari begira jaio zen hemengoa. Garai batean, Donostiako Maria Dolores Agirre taldea izango zen Euskal Herriko bakarra. Pazkoa bigarrengoan eta Santo Tomas egunean antzezten zuen. Gero, beste herri batzuetan ere sortu ziren taldeak. Gabiriak bikaina sortu zuen. Lan asko egin zuten eta obra asko antzeztu zituzten. Haiek ikusita, nire aitari hemen ere taldea eratzeko gogoa sortu zitzaion. Helburuetako bat Gau Eskolako ikasleei euskaraz aritzeko aukera ematea zen.
Zein ibilbide osatu zenuten?
Gipuzkoa mailan beste herri batzuk ere hasi ziren: Antzuola, Alegi, Tolosa, Legorreta… talde mordoxka sortu zen eta txapelketa antzeko zer edo zer egin zen. Elkartrukeak ere egiten genituen. Oso jaialdi politak egin ziren eta jendeak oso ondo hartu zuen. 20 bat lagun ginen eta 7-8 urte iraun zuen. 15 bat antzezlan prestatu genituen. Abadiñora ere joan ginen. Erramu Igandea zen eta ez zait sekula ahaztuko prozesioan lehenengoz Jesus asto gainean ikusi nuela.
Hori guztia ere Pasioaren Kofradiaren babesean egin zenuten.
Den-dena. Hala ere, emanaldi gehienetan izan genuen arazoren bat. Gobernu Zibilak notatxoren bat bidaltzen ez bazuen, Guardia Zibilak atera etortzen zitzaizkigun. Sociedad General de Autores delakoaren ordezkaria ere etortzen zen, erakundeari zegokion zerga eske. Manuel Lekuonaren, Nemesio Etxanizen… lanak antzezten genituen. Nire aitaren Bilboko lagun batek kofradiarentzat idatzitako lana ere antzeztu genuen. Ikuslego leiala genuen eta antzokia bete egiten zen.
Ikastolaren sorreran ere zeresana izan zenuten.
Nire ustez Ikastolak beste sorrera bat izan zuen. 25. urteurrenean azaldu ziren zenbait gauza ez ziren zuzenak. Ikastola hemen eta kofradiaren babesean sortu zen, beste inon ez baitzegoen halakorik sortzerik. Kofradiak lekua eta babesa eman zuen, baina kanpotik etorri zen eskaera. Bi lagun etorri zitzaizkien nire aitari eta beste bati Ikastola egiteko laguntza eske. Aitak berehala eraman zituen fraideengana. Ez zuten inongo eragozpenik jarri, alderantziz, ahal zuten guztia lagundu zuten. Bi andereño bilatu eta berehala hasi ziren. Gu ibili ginen etxez etxe ume bila. Garai hartan Ikastolak eragin handia izan zuen Urretxu-Zumarragan eta giro oso polita sortu zen. Pertsona askok jarri zuten dirua, baita seme-alabarik ez zutenek eta ezkondurik ez zeudenek.
Zergatik egin zuen behera kofradiak?
Aurrez, Gau Eskola utzi behar izan genuen. Euskaltzaindiak ofizialtasuna eman nahi zien eskola hauei eta, horretarako, La Sallekoen ikastetxeetan jartzea pentsatu zuten. Guri La Salle-Legazpira joatea eskaini ziguten, baina horretarako titulu bat atera behar zen. Tituluaren eta ofizialtasunaren beharrik ez genuela esan genien. Gure lana egiten ari ginela, inongo irabazirik gabe, eta horretan jarraituko genuela. Jende asko La Sallera joan zen eta gurea bertan behera gelditu zen.
Zer beste arrazoirengatik desagertu zen kofradia?
Hemen hiru fraide oso berezi izan ziren. Hirugarrena kanpora bidali zutenean galdu zuen indarra kofradiak, ezerezean gelditu zen, bere kasa. Ordezkoak ez zion behar adina indar eman. Ikastola hasi zenerako kofradia indarra galduta zen.
Asko aldatu dira gauzak hor goran.
Garai batean fraideek jendearekiko harreman gertuagokoa zuten. Egia esan, kaleko giroa ere aldatu da.
Beraiekin harremana duzu oraindik.
Hor gabiltza parrokia denetik ere. Kuotak kobratzeaz arduratzen naiz, besteak beste. Giroa hotza da eta jendearekiko hartu emana eskasa, askotan konpromisokoa. Aldaketa datorrela esaten dute eta ikusiko dugu noiz. Fraideak ere kezkatuta daude, zer egin ez dakitela askotan. Apaiz gutxi daude eta geroz eta zaharragoak. Zenbait tokitan eliztarrak ari dira elizak aurrera eramaten.
Geroz eta fraide gutxiago, Ikastola beste toki batera eramateko asmoa dago… ez al duzu pena apur batez ikusten hori guztia?
Ez, onerako baldin bada, zergatik ez? Eraikin berri bat egitea beti izango da ona Ikastolarentzat. Hau fraideei erosi aurretik ere hitz egin zen berria egiteaz, baina diru asko behar zen. Halako aldaketa bat ondo etorriko zaio Ikastolari, berria askoz ere egokiagoa izango da, hemen estu samar baitaude. Auzoari dagokionez, txarrik ez du ekarriko.