Txintxurreta eitzatarra da eta bertako pilotalekuan hasi zen. “Pilotan eta futbolean jokatzen genuen, baina futbola nahiago nuen. 20 urterekin seminariotik irten nintzen eta Beasaingoak etorri zitzaizkidan. La Salleko txapelketetatik-eta ezagutzen ninduten”.
Orduan, 1966an, Beasain Preferente mailan zegoen. Txintxurretak laster egin zuen gora. “Beasainen bi urte eman nituen eta gero Sansera joan nintzen. Bigarren urtean Realera igo ninduten, baina Eibar eta Racing taldeetara bidali ninduten utzita. Azken hau Bigarren Mailatik jaisteko zorian zen eta bi gol sartu nituen. 1972an Realak Bigarren Mailako Murtziara saldu ninduen. Lehen Mailara igo ginen, Elcherekin eta Racing-ekin batera”. Azken talde honetan estima handian zuten Txintxurreta, mailari eusten lagundu baitzien. Hala, hara itzuli zen. Ourensen eta Real Unionen ere jokatu zuen.
Hamar urte eman zituen futbol profesionalean, baina beste askori ez bezala, ospeak eta diruak ez zion burua galduarazi. “Tarte horretan, maisu-ikasketak, PREU (unibertsitatera sartzeko ikasturtea) eta filosofia egin nituen. Gainera, Eibarren jokatu nuen bitartean, Donostiako Marianistetan irakasle izan nintzen”. Txintxurretak ordaintzen ziotelako jokatzen zuela aitortzen du. “Diru horrekin etxean lagundu nuen, ikasketak egin nituen eta bi etxebizitza erosi nituen. Zaletasun hutsagatik ez nuke jokatuko”.
Soldata truke edozein tokitara eta postutara moldatzen zen. “Puntan jokatzen nuen, baina atzelari hasi nintzen. Beasainen pasatu ninduten aurrelari postura. Buruz moldatzen nintzen hobekien. 1972an, Sansen, 19 gol sartu nituen itzuli bakarrean. Eibarren nengoela, ni izan nintzen hiru maila nagusietan gol gehien sartu zituena eta sari bat eman zidaten”. Bi gol gogoratzen ditu bereziki. “Bata Beasainekin sartu nuen eta bestea Atotxan Sanserekin. Ikusleek zapiak atera zituztela oroitzen dut”.
Txintxurretak bere buruarengan konfiantza handia zuen, gainera. Behin egun zuen apustua gogoratzea besterik ez dago. “Eibarren nengoela, partida bat hasi aurretik, Iñaki Aierbe pilotari zumarragarrari hiru gol sartuko nituela esan nion. Lau sartu nituen!”.
Eibartarrek Esteban Txintxurreta estimu handian zuten, baina berak ere bihotzean darama Debabarrenako herria. “Eibarrek aukera handia eman zidan eta oso pozik egon nintzen bertan. Lagun asko egin nituen eta oraindik adiskideak ditut. Dena den, gainontzeko tokietan ere lagun asko egin nituen”.
Jokalari ospetsu asko ere ezagutu zituen. “Murtziara joan nintzenean, Irulegi zegoen han. Garai hartan Real Madril zen onena, baina Murtzian bertan argentinar oso onak zeuden. Dena den, gustukoenak Irureta eta Garate nituen. Realean atezainak ziren oso onak. Nire garaikoa Esnaola izan zen. Sansen Javi Elkoro, Inaxio Kortabarria eta ni ginen herrietakoak. Inaxio baino lehenago igo nintzen lehen taldera, baina bera benetan berezia zen. Defentsa da eta mareatu egiten nau!, pentsatzen nuen. Kategorikoa zen”.
Alde batetik bestera ibili zen, baina ez zitzaion batere gogorra egin. “Murtziara joatea gogorra egin zitzaidan, baina bizpahiru hilabetetan moldatu nintzen. Ourensera joatea ez zitzaidan hain gogorra egin jada”.
1976an hartu zuen erretiroa. “Bi urte neramatzan lanean eta horretara dedikatzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Real Unioneko entrenatzaileari esan eta taldea utzi nuen, baina Gabonetan itzultzeko esan zidan. Ezetz esan nion. Hainbat enpresatako ordezkari lanetan aritu nintzen eta 1991n lan egiteari utzi nion”.
Berak utzi zuenetik, futbola asko aldatu dela uste du, bai onerako eta baita txarrerako ere. “Orain sekulako abiadan jokatzen dute. Lehen baino partida hobeak ikusten dira, baina askotan ez da talde izaerarik ikusten. Talde moduan jokatzen genuen: korrika egin eta lagundu”.
Anoetara joateari utzi dio. “Realak hiru edo lau urte oso txar daramatza. Ikustera joateari utzi diot, haserretuta itzultzen bainintzen etxera. Bazkidea naizen arren, telebistan ikusten dut. Umeak iruditzen zaizkit, bigunak…”.