Arestian esandakoarekin ados nago, eta hau guztia aurrez esan behar dut orain kontatu nahi dudana kontestualizatzeko. Izan ere Informazio eta Komunikazio Teknologiek eta Internetek bestelako alternatiba komunikatiboak garatu nahi dituztenentzat potentzialitate handiak dituztela uste dut. Gaur egun, sekulako hedabidea antolatu ezin dutenek baliabide teknologiko errazak eta merkeak dituzte beren ikuspegia, iritziak edo informazioa azaltzeko. Eta zer esanik ez euskarazko hedabideak bultzatzen dabiltzanen edo gizarte-mugimenduen artean. Beste kontu bat da aukera hori erabiltzen ari ote garen edo ez. Internet informazio bide kritikoak eta alternatiboak erabiltzeko baliatzen ez bada globalizazio-tresna eta Estatu indartsuenen hegemonia-tresna bilakatuko da (bilakatu ez bada).
Orain urte batzuk, oraingo iraultzarekin konparatu dezakegun aldaketa teknologikoa eman zen. Autoediziorako tresna teknologikoak sortu ziren, tresna garesti eta konplexuak zirenak erabilterrazak eta merkeak bihurtu ziren, eta hortik etorri ziren emaitzak: aldizkariak, fanzineak, argitaletxe alternatiboak irrati libreak edo tokian tokiko telebistak. Euskal prentsan herri-aldizkarien eztanda eman zen eta hor kokatu beharko genuke, esaterako Otamotz Aldizkaria.
Internetek autoedizioak baino iraultza are handiagoa dakar. Hobe esanda, ekar dezake, baina salbuespen bikainez aparte, tamalez ez gara ari behar bezala aprobetxatzen. Hedabide-sare alternatibo, partehartzaile eta euskaldunak eratzeko aukera alferrik galtzen ari gara.
Eta oraingoan nik uste ez dugula aitzakiarik. Orain arte, honako arrazoi nagusiak erabili izan ditugu euskaraz nahiko hedabiderik ez dugula argudiatzeko: atzerapen historikoa, hizkuntza gutxiagotua garela eta baliabide gutxi ditugula. Euskaldunok hedabideen arloan atzerapen historiko eta baliabide-urritasunen kontrako borrokatu behar izan dugu. Beste hizkuntza-komunitateak baino beranduago hasi eta ahal bezala ahal dena egitea izan da orain arteko patu gaiztoa.
Oraingoan berriz ez daukagu ohiko bertsio hori hain erraz onartzerik. Lasterketa honetan bateratsu hasi gara beste hizkuntza-komunitateekin eta atzerapen kronologikorik ezin dugu aipatu. Hizkuntza gutxiagotua izatearen ondorio den baliabide falta Interneten ez da hain erabakigarria. Honakoan dirua ez da beste euskarrietan bezain faktore garrantzitsua.
Baina, orain arte, euskarazko hedabideetatik nahiko lotsati eta baldar heldu zaio hedabide-molde berriei. Bestetik, elkarteak eta makroegiturak sortu diren heinean, jende askoren "delegazionismoa" ekarri du. "Horretarako daude euskara elkarteak edo koordinakundeak", pentsatu du jendeak. Eta amaitzeko, dirulaguntzekiko morrontza. Diru laguntzarik ez badugu ez gara kapaz ezer sortzeko. Ez dut esan nahi dirulaguntzarik behar ez dugunik, inondik inora, baina gauzak egiteko diruaren zain ezin dugula egon argi daukat.
Orain edonork sor dezake blog bat, edota irratsaio bat egin edo bideoak igo. Gainera, erraz eta merke. Adibide bikainak baditugu herrian. Ez duela irakurlerik, ez duela eraginik. Bale. Nekatu bazara itxi eta beste gauza batera, baina behintzat ez dugu dirurik galdu. Eta ez da gutxi. "Egin ezazu behar duzuna" Public Enemy-ren leloa martxan jartzeko ordua da. Ez dago aitzakiarik.
Andu Lertxundik zioen Internet zortzigarren euskal probintzia izango dela. Otamotz.com ez da bertako hiriburua izango, baina parte hartzea sustatzeko, herria dinamizatzeko eta euskara interneten bultzatzeko balio badu gustura geundeke. Laster ikusiko dugu elkar.
Artikulu hau Josu Landak Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan idatzitako Informazioaren gizartea? artikuluan oinarrituta dago.
Josu Aztiria