Jose Mari, urretxuar peto-petoa zaitugu.
Urretxun jaiotakoa naiz, 1937an, Santiñe baserrian. Oso garai txarrean jaio nintzen, Gerra Zibilean. Gure gazte denbora oso gogorra izan zen: mila gertaera penagarri pasatu genituen eta gure etxean, beste etxeetan bezala, opresio handia izan zen. Lantegietan oso diru gutxi irabazten zen. Aitak Patrizio Etxeberrian lan egiten zuen eta ama baserrietan aritzen zen familia aurrera ateratzeko. Santiñetik Etxetxora joan ginen eta bertan bizi izan nintzen ezkondu arte.
Umetakoa garai gogorra bezala gogoratzen duzu, orduan.
Bost urterekin hasi nintzen eskolan eta ez nekien erdaraz hitz egiten. Euskara debekatuta zegoen eta burla egiten zidaten. Don Juan Zaitegirekin eta berari laguntzen zion Candido Agirreurretarekin hasi nintzen eskolan. Handik, Don Mateorengana pasatu nintzen. Hura oso erlijiosoa eta frankista zen. Errezatzea eta Cara al sol abestea ziren egin beharreko lehen gauzak. Gutxitan joaten nintzen eskolara. Izan ere, ama ekonomista ona zen arren, etxean lagundu beharra nuen. 10 bat urterekin egurra jasotzera joaten nintzen mendira eta gero gozo-dendetan saltzen nuen. Zaku bakoitza sei pezetatan saltzen nuen. Txatarra biltzailea ere izan nintzen. Aitak asteko 99 pezeta irabazten zuen eta nik egun bakarrean 105 pezeta atera nituela gogoratzen dut. Sarraldekoek eskoria errekara botatzen zuten eta guk hura handik atera, garbitu eta saldu egiten genuen.
Dena den, denborarik gehiena Irimo lantegian eman duzu.
13 urterekin sartu nintzen. Hango buruzagi batek ofizio bat irakatsiko zidatela esan zion amari eta hala hasi nintzen. Ordutik jubilatu arte Irimon lan egin dut.
Gaztaroa haurtzaroa bezain gogorra izan al zen?
Koadrilan gazteena nintzen, besteek nik baino sei edo zazpi urte gehiago zituzten eta ardo asko edaten zuten. Ni ere ardoa edaten hasi nintzen eta, gaztea nintzenez, lehenengoa mozkortzen nintzen. Gure etxean hori oso gaizki ikusia zegoen, nire aita behin ere ez nuen mozkortuta ikusi. 18 urterekin odola bota nuen ahotik eta urdaileko ultzera izan nuen. Ez zen zaila: asko edan eta erre, fundamentuzkorik jan ez… Amari ez zidala gehiago mozkortuta ikusiko agindu nion eta bete egin dut. Andregaia bilatu nuen, 21 urterekin, eta 26rekin ezkondu egin nintzen. Emaztea nafarra da, baina Elorrion bizi ziren eta bertan ezkondu ginen. Emaztea Sarraldenean neskame izan zen eta hala ezagutu genuen elkar.
Nolatan hasi zinen gizarte arloan lanean?
Berandu hasi nintzen, ezkondu ondoren. Gure etxean ez zuten ezer jakin nahi halako gaiez. Izan ere, familia erlijiosoa zen, Francoren gorabeheretan sartzea arriskutsua zen eta gure etxean ez zuten halakorik nahi seme-alabentzat. Baina Irimon konpentsazio kutxa zegoen, langileek baja hartzen zutenerako. Guk eta enpresak jarritako dirua zegoen bertan. Kutxa horren arduradun jarri ninduten eta horrela hasi nintzen halako gaietan. Dena den, gehien mugiarazi ninduena Burgosko Prozesua izan zen. Gertutik jarraitu nuen. 1975ean Irimon hiru hilabeteko greba egin genuen. Garai hartan Comisiones Obreraseko kidea nintzen. Sindikatu horrek dominatzen zuen, ELA ere bazegoen arren. Franco hil zenean, enpresa komitean sartu nintzen, dagoeneko LABeko kide bezala.
Urte haietan ez zen gozoa izango sindikatuan aritzea.
Lemoizko zentral nuklearraren aurka geunden eta ETAk ingeniari bat hil zuen. Greba orokorra konbokatu zuten eta guk ez genuen babestu. Handik aste betera Arregi hil zuten eta gu izan ginen greba konbokatu genuenak. Boto batean "Askasibar, Arrizabalaga y Azkarate son de ETA" jarri zuen norbaitek. Hura gu pistola batekin apuntatzea bezala izan zen. Garai hartan urdailetik operatu ninduten eta ia hilda etorri nintzen. Potros plazan OTANen sartzearen aurkako mitina zegoen eta joan egin nintzen, erdi hilda. Gauean heriotza mehatxuak izan nituen. Poliziak zirela pen-tsatu nuen eta beraiengana joan nintzen. Nire telefonoa zulatzeko eskatu nien eta deiak jasotzeari utzi nion. Handik gutxira LABeko bi lagun hil zituen poliziak kontrol batean eta Osaba taberna ondoan bilera baterako deia jaso nuen gutun bidez. Ez nion susmo onik hartu eta enpresa batzordean aurkeztu nuen. Tarte batean oso gaizki ibili nintzen. Mehatxu asko jaso nituen eta autoan egiten nuen lanerako joan-etorria.
Gainera, 1979an, lehen udal hauteskundeetan alkatetzarako aurkeztu zinen.
Herri Batasuna orduan ari zen sortzen, baina ni Organización de Izquierda Comunista (OIC-EMK) alderdiko kidea nintzen. Orduko EMK, Zutik da egun. ETAtik irtendako jendeak sortutako alderdia zen. LKI, EE, EIA… denok elkarrekin geunden LAB sindikatuan. Hauteskundeak heldu zirenean OIC-EMKrekin aurkezteko eskatu zidaten. Nitaz gain, independenteekin Juanito Arbizu aurkeztu zen, PNVrekin Caldeyf enpresako Etxeberria, Herri Batasunarekin Oñatibia medikua, PSOErekin Teofilo Portugal eta PCErekin Franco abizeneko bat. Emaitza txarra lortu genuen, 78 boto besterik ez. Garai hartan alderdi komunistak oso gaizki ikusiak zeuden eta sekulako disgustua eman nion amari. Dena den, berehala Herri Batasunan sartu nintzen eta ordutik alderdi horretakoa naiz. Hauteskunde batzuetan laugarren aurkeztu nintzen, baina ez naiz sekula zinegotzia izan.
Guraso elkarteko lehendakaria ere izan zinen urte batzuetan.
Hemen ez zen ezer antolatzen gazteentzat eta 70eko hamarkada bukaeran jaiero Urretxuko pilotalekuan dantzaldia antolatzen hasi ginen. Igandero orkestra bat ekartzen genuen eta defizitarioa zen, sarrera merke kobratzen baikenuen. Orquesta Mondragon ere ekarri genuen! Legazpin dantzalekua jarri zuten eta gurea, sekulako lana egin arren, gainbehera hasi zen.
Zure seme-alaben eskolan ere lan egin zenuen.
Orain Gainzuri den Juan XXIII ikastetxeko gurasoen elkarteko lehendakaria izan nintzen. Gainzuri gure lanaren emaitza da. Gure helburua euskal eskola publikoa bultzatzea zen, Ikastolari inongo inbidiarik izango ez ziona. Ikastolan aita Orbegozo zegoen presidente garai hartan, gizon jatorra. Ez zuten haur gehiago hartzeko tokirik eta toki eske etorri zen guregana. Euren ideiak guri pasatzea eskatu genien trukean. Asanblada gogorra izan genuen: jende asko izan genuen kontra, eskolan erdaldun asko baikenituen. Batek nahi nuen eskola ez nuela sekula lortuko esan zidan, baina lortu dugula uste dut. Azkenean, Gainzuri Zelai-Ariztiri nagusitu zitzaion.
Noiz jubilatu zinen?
80ko hamarkadan krisi handia izan zen: ez zegoen lanik, Irimok ez zuen altzairua ordaintzeko dirurik, inor ez zen enpresaz fidatzen eta ez zuen lehengaia lortzerik. Abuztu batean elkartu eta enpresako kudeatzaileak, Ramon Iriondok, ez zegoela irtenbiderik eta itxi egin behar zela esan zigun. Oporretara joandako lankide guztiak asanblada batera konbokatu genituen eta sozietate anonimo laborala (SAL) egitea erabaki genuen. Gu izan ginen Euskal Herrian lehenak. Martxan ipintzeko dirua behar zen eta Lan Ministeriora jo genuen. Calvo Ortega ministroarekin bildu eta 250 milioi pezeta lortu genituen. Irimon 700 bat lagun ginen, baina kooperatiba egiteko 500 soilik izan gintezkeen. Gure kudeatzaileak aurrezki kutxekin eta bankuekin ere negoziatu zuen eta bakoitzak 10 milioi jartzea lortu zuen. Banco Bilbaok ez zuen jarri nahi eta Bilbora joan ginen autobusean: bankuko egoitzan sartu eta pezeta batekin kontu korronteak irekitzen hasi ginen. Azkenean, banku guztiek dirua jartzea lortu genuen. Irimo zutik utzi genuen, baina 60 urterekin jubilatu ginen. 46 urte lan egin ondoren, soldataren %60 besterik ez nuen kobratzen.
Hala hasi al zinen jubilatuen eta alargunen eskubideen alde lanean?
Emazteari jubilatzen nintzenean dena utziko nuela eta nire denbora guztia berari emango niola agindu nion. Izan ere, sufrimendu handiko bizitza eman diot. Emaztea baino handiagorik ez dago niretzat: lagundu, animatu… egin nau. Jubilatu ondoren, etxera joan eta bere esanetara nengoela esan nion: ez Batasuna, ez LAB, ez ezer. Emazteak, ordea, ordura arte besteen alde lan egin nuela eta nire alde egiteko garaia zela esan zidan. Hala sartu nintzen Appalur-en.
Lan asko egin duzue. Gustura al zaudete orain arte lortutakoarekin?
Lan asko egin dugu eta asko egingo dugu. Alargunek senarraren soldataren %45a kobratzetik %52a kobratzera pasatzea lortu dugu. %70a eskatzen dugu. Aurre jubilatuei dagokienez, gutako batzuk %60a bakarrik kobratzen genuen, baina %70 lortu dugu dagoeneko. Gure helburua %100a eta paktuetan ordezkaritza lortzea da. Sindikatuek ez gaituzte behar bezala ordezkatzen. Eurek baino afiliatu gehiago ditugu eta alderdi politikoa aterako bagenu kolpe handia emango genioke gobernuari. Pentsionistok estatua xahutzen ari garela diote, baina diputatuek asko irabazten dute eta 11 urte lan egitearekin nahikoa dute %100eko pentsioarekin gelditzeko. Besteok 65 urte bete arte lan egin behar dugu horretarako. Aurre jubilatuei esan, lanean segituko dugula baina euren laguntza behar dugula.
Jubilatu ondoren ere zeregina topatu zenuen arren, denbora librea izango duzu. Zer egiten duzu halakoetan?
Mendira, perretxiko bila eta hondartzara asko joaten naiz, beti emaztearekin. Donostian etxe txiki bat dugu eta denboraren erdia bertan ematen dut. Dena den, ez ditut urretxuar eskubideak galdu nahi. Orain arte San Martin jaietako arduraduna izan naiz eta orain Luis Mari Perezi pasatu diot lekukoa. Dena den, lanean jarraitzen dut. Aupa Urretxu!
Realeko zaletua ere ba omen zara…
Sozioa eta akzionista naiz. Asko sofritzen dut. Egia esan behar badut, Realak loa kentzen dit. Umetatik zalea naiz. Emaztea nafarra da, baina bera ere bazkidea da. Aurten ere zulotik irtetea espero dut. Denoi komeni zaigu Reala zulotik irtetea. Gipuzkoako enpresa handiena da eta hori hondoratuz gero, denok nabarituko dugu. Aurten krisia denboraldi hasieran heldu da eta hori amaieran heltzea baino hobea da.
Honen guztiaren ondoren, nola definituko zenuke zeure burua?
Beti izan naiz baikorra, hori interesatzen baitzait. Esaten ditudan gauzak nik sinesten ez baditut, alferrik ari naiz. Nik neuk sinestu behar dut lehenengo, gero besteei esateko. Baikorra ez dena, etxean gera dadila.