Erostarbe Araotzen ondoko auzo batean jaio zen eta bertan hasi zen pilotan. "Pilotaleku txiki bat besterik ez zegoenez, pilotan egiten genuen. Aitak hemen lan egiten zuen eta urte batzuk apopilo eman zituen gu etorri ginen arte".
Zumarragan ere pilotan jarraitu zuen. "Hemen beste aukera batzuk ere bazeuden, baina gehienbat pilotan aritzen nintzen. Makina bat ordu sartzen genituen frontoian. Topera egoten zen eta izkina bat hartzearekin gustura. Orain baino askoz ere jende gehiagok jokatzen zuen eta gehienok eskuz gainera".
Luistarrek txapelketa antolatzen zuten Zumarragan eta Erostarbek 14 urterekin parte hartu zuen lehen aldiz, koadrilako Jose Mari Suduperekin. "Lehen urtean finalera iritsi ginen, baina zigor ederra eman ziguten", oroitzen du.
Emaitza onak lehiatzen jarraitzeko indarra eman zion nonbait eta Erostarbek emaitza bikainak lortu zituen amateur mailan. "Herriartekoa bi aldiz irabazi genuen, Antiguakoa, Elgetakoa eta GRAVN torneoa ere bai…".
Halako emaitza onekin, berehala lortu zuen profesionaletara pasatzeko aukera. "18 urterekin pasatu nintzen, gazteen pasatu direnen artean izango naiz. 16 urte egon nintzen profesionaletan, baina soldadu nengoela tuberkulosia izan nuen eta denbora mordoa jokatu gabe egon nintzen", dio.
Horrenbeste urtetan lehiatzeko, esku onak izan behar… "Eskuekin zortea izan nuen. Nire lesioak bestelakoak ziren: muskulu lodikoa nintzen eta zaintiratuak izaten nituen. Garai hartan oso garrantzitsua zen eskuekin zortea izatea, jokatutako partida bakoitzeko kobratzen baikenuen. Orain hobeto daude, gizarte segurantza eta guzti".
Erostarbe jokalari gogorra zen. "Aurrelaria nintzen, baina ez oso abila: indarra zen nire arma nagusia". Profesionaletan partida asko jokatu arren, ez zuen txapelik lortu. "Orduan apenas zegoen txapelketarik: buruz-burukoa eta binakakoa bakarrik. Garai hartan festibalak jokatzen ziren batik bat. Bigarren mailan gelditu nintzen eta ez nuen txapelketak jokatzerik izan".
Dena den, garai hartako pilotari onenekin jokatzeko aukera izan zuen. "Onenek ere behera egiten dutenez, Tapiarekin, Anduezarekin, Orejarekin, Naldarekin… jokatu nuen". Hala ere, oroitzapenik gozoenak amateur mailakoak ditu. "Herriarteko txapelketakoak eta 17 urterekin, Salbidearekin, Antiguako torneoa irabazi nuenekoa dira oroitzapen onenak. Garai hartan herriartekoak garrantzi handia zuen eta pilotalekua bete egiten zen. Bigarren edizioa eta hirugarrena irabazi genituen eta sekulako harrera egin ziguten. Kapotarik gabeko autoan eraman gintuzten udaletxera".
Zumarragako frontoiek ere ez zuten kapotarik garai hartan… "Zelai-Ariztin jokatua nago, baina gero Urretxun hasi ginen. Izan ere, Zumarragan eguraldiaren menpe geunden eta sarrera kobratzeko ere ez zen egokia. Urretxukoak primeran portatu ziren gurekin. Eurek garai hartan ez zuten gurea bezain talde indartsua eta gu animatzera etortzen ziren. Entrenatu ere Ederrena zaharrean egiten nuen", azaldu du.
Garai bateko entrenamendu saioak egungoen oso ezberdinak ziren. "Gure kabuz ibiltzen ginen, orduan ez zegoen pilota eskolarik. Pilotalekura joan eta han ibili, mendira joan… Prestaketa aldetik, egungoak atletak dira. Enpresan bertan medikuak eta prestatzaileak dituzte. Nahiz eta partidarik ez izan, astea programatuta dute", dio Agustin Erostarbek.
Pena bakarra gelditu zaio: gorago heldu ez izana. "Kontuan izan behar da abilezia handirik ez nuela eta, gainera, urte haietan atxikiaren kontua tokatu zitzaidala. 32 urterekin nerbio gabe nengoen jada. Guk normal egiten genuen eta beste askok, berriz, harrika. Horrek etsi egiten du, ez zen pilota sanoa. Amorru handia ematen zuen: sekulako sakea atera eta haiek airez sartu eta zuzenean bi paretak egiten zituzten. Nola atera behar dut nik?, pentsatzen nuen. Oreja IIIak pena handia ematen zidan. Pilotari onena bera zen, baina moral aldetik ahula zen eta harrikada haiekin etsita egoten zen. Urte oso txarrak izan ziren haiek pilotarentzat. Enpresentzat ez, ordea: Arroyo ikustera jende asko joaten zen, baina hura ez zen pilota, ikuskizun hutsa baizik".
Erostarbek 80ko hamarkada bukaeran utzi zuen pilota profesionala. "Enpresak urte pare bat gehiago jarraitzeko eskatu zidan, baina pilotaz nekatuta eta Ikastolako lanarekin gustura nengoela esan nien. Gainera, garai txarra izan zen: pilotalekura jende gutxi joaten zen eta gaiztoa. Diru gutxi zutenak eta asko jokatu nahi zutenak joaten ziren".
Utzi zuenetik, gutxi jokatu du. "Bi hernia diskal ditut eta udan pixka bat ibiltzen naiz, baina nerbio ziatikoa hartzen dit eta gaizki pasatzen dut. Esku pilota oso gogorra da eta gerriko zer edo zer izanez gero, ez da komeni jokatzea".