Aranburuk pozez hartu zituen herrikideak, noski. Berak hirugarren denboraldia du Ordizian eta beste biek, berriz, bigarrena. "Jokalari gehienak Ordizia eta ingurukoak dira: Beasain, Idiazabal, Segura, Lazkao… Herri askotako lagunak gaude. Izan ere, ez da futbola bezala: herri guztietan dago futbol taldea, baina rugby taldea gutxi batzuetan bakarrik. Ordizian gain, Donostian, Zarautzen, Irunen, Eibarren, Hernanin eta Arrasaten bakarrik daude", diote.
Urretxu-Zumarragako hiru gazteentzat ohorea da, noski, gorengo mailan taldea duen klubean jokatzea. "Seigarren urtea dugu jada Ohorezko Mailan eta sailkapenean laugarrenak gaude", diote harro. Oso gustura daude Ordizian. "Lagun pila bat egin ditugu. Taldean 22 gara eta oso giro ona dugu. Lotsa pixka batekin joan ginen, baina orain ordiziar asko ezagutzen ditugu".
Izan ere, bertako klubak talde asko ditu. "Gu rugby eskolan gaude oraindik. Gero, hiru talde daude. Gure taldea bitan banatu da eta gainontzeko herri gehienetan ere hori egin dute. Hala, partida gehiago jokatzeko aukera dugu. Topaketak egiten ditugu eta horietako bakoitzean hainbat partida jokatzen ditugu", azaldu dute.
Gipuzkoatik kanpo ere sarritan izan dira. "Santanderren, Iruñean… txapelketak jokatu ditugu. Hazparnen ere izan ginen. Martxoan, berriz, Valladolidera joango gara eta apirilean Pauera".
Partida guztien ostean, ohitura den legez, hirugarren zatia egiten dute. "Kirol honetan taldeen arteko harremana oso ona da. Partiden ondoren ogitartekoak jartzen dira eta beste taldekoekin batera jaten ditugu. Senior mailakoak, berriz, poteatzera joaten dira partiden ostean", diote.
Hiruei gustatuko litzaieke egunen batean talde nagusian aritzea. Izan ere, luzaroan jarraitzeko asmoa dute. Datorren urtean, kadete mailan arituko dira. "Kanpotik kolpe handiak hartzen direla dirudi, baina ez da hala. Gazte hastea komeni da kolpeak jasotzen eta erortzen ikasteko. Lagunei gurekin etortzeko esaten diegu, baina kirol gogorra dela uste dute. Guk, orain arte, zuntz haustura besterik ez dugu izan; beste edozein kiroletan bezala".
Jendeak rugby-an jokatzeko indartsua izan behar dela ere uste du. Etxaniz eta Kerexeta mutil sendoak dira, baina Aranburu arinagoa da. "Jokalari txikiak ere badaude. Postu batzuetan jokalari handiak eta indartsuak behar dira eta beste batzuetan txikiak eta azkarrak. Jendeak guztiok bi metro altuerakoak eta 120 kilo pisukoak garela uste du".
Edonork jokatzeko moduko kirola den arren, inguru honetan ez da jende asko animatzen. Hala, klub askotan taldeak osatzeko arazoak dituzte. "Hernanin zaletasun handia dago. Arrasatekoen aurka, berriz, lau aldiz jokatu dugu eta guztietan lagun gutxirekin etorri dira. Ordizian zaletasun handiagoa dago. Iaz nagusien partida guztietara 900 lagun baino gehiago joan ziren".
Zaletu asko dituzten arren, Udalak ez ditu euren eskaera guztiak aintzat har-tzen. "Zelai berriarekin arazoa dugu. Belar artifizialekoa egin nahi dute eta horrek erre egiten du. Orain Trevijanon jokatzen dugu eta benetako belarra dugu. Herriko jendeak ere ez du zelaiz aldatzea nahi. Izan ere, oraingoan harmaila oso txikia da eta jendeak partida zelai ondoan ikusten du. Berrian, ordea, atletismo pista izango da eta ezingo da partida gertutik ikusi".
Eurek ere lehen taldearen partida ia guztiak ikusten dituzte. "Ahal dugun guztietan joaten gara. Izan ere, rugby-a izugarri gustatzen zaigu. Futbolean baino tentsio txikiagoa dagoela eta jokalarien artean giroa hobea dela uste dugu. Kontaktua ere ondo dago".
Gustatuko litzaieke, noski, Urretxu eta Zumarragan rugby taldea egotea. "Badakigu garai batean egon zela, kanpiton jokatzen zuela eta ez zuela asko iraun. Dena den, hemen taldea sortuko balitz, Ordizian jarraituko genuke. Izan ere, han zaletasun handia dago eta jada hangora moldatu gara", diote hiruek.
Ordiziatik kanpo ere jarraitzen dute euren kirola. "Telebistan ikusten dugu: ETBn euskal taldeen artekoak eta Miarritzek Anoetan jokatutakoak bakarrik bota dituzte, baina Teledeporte eta Sportmania kateetakoak ere ikusten ditugu. Selekzioen arteko partidak eta Frantziako ligakoak botatzen dituzte, normalean".
Gertutasuna dela eta, beharbada, Frantziako rugby-a atsegin dute. "Hemendik kanpo sekulako zaletasuna dago eta askoz hobeak dira. Talde bezala, Miarritze atsegin dugu eta selekzioen artean Zeelanda Berria. Mundiala Frantzian jokatu behar da aurten eta, ahal badugu, partidaren bat ikustera joango gara".