De Miguel txiripaz sartu zen mundu honetan. "Koadrilakoen anaiak txirrindulariak ziren, nire lagunak haiekin joaten ziren eta ni laguntzen hasi nintzaien. Lehen zaletasuna zen eta orain, berriz, obligazioa. Izan ere, nire semea txirrindularia da". Ez omen da lan samurra. "Lotua da, astebururo baitaude lasterketak. Gainera, lizentzien kontua eraman behar da, mutikoen materiala zaindu, lasterketak jarraitu…".
Urte hauetan guztietan zuzendarien lana asko aldatu dela dio. "Orain autoetan irratia dugu eta une oro dakigu proba nola doan. Materiala ere asko hobetu da: egungo bizikleten eta garai batekoen artean sekulako aldea dago", azaldu du.
Zoritxarrez guztiak ez du hobera egin. Aipatu bezala, egun garai batean baino askoz ere txirrindulari gutxiago daude. "Lehen kadeteak bi mailatan banatuak zeuden eta jubenilak ere bai. Horietako bakoitzean 100 lagun baino gehiago aritzen ziren. Egun, ordea, mutikoak falta dira. Goierrin bertan, kadete mailako bi talde eta jubenil mailako beste bi genituen. Txirrindularitza eskolan, berriz, nahi adina mutiko genituen. Gaur egun, berriz, kadete mailan ez dugu inor eta jubenil mailan hiru besterik ez. Txirrindularitza eskolan mutiko bat besterik ez dugu, azken lau urteotan izena eman duen bakarra", dio atsekabez.
De Miguelek arazo honen arrazoiak azaldu ditu. "Kiroldegian edo futbol zelaian aritzea errepidera irtetea baino seguruagoa eta praktikoagoa da. Klub guztietan antzera gabiltza eta ez zait beste arrazoirik bururatzen. Zer egingo diogu ba… gazteak ezin ditugu etortzera behartu. Federazioak bizikletak uzten dizkigu, hasiberrientzat: lehen ez genien bizikletarik eskaintzen eta barra-barra etortzen ziren".
Zorionez, laguntza ekonomikoa badute behintzat. "Hiercor enpresak taldea babesten du. Bestalde, 30 gutun baino gehiago bidali ditut enpresetara eta gehienak gure lasterketak diruz laguntzeko prest agertu dira. Udalen laguntza ere azpimarratu behar da, hori gabe ez genuke ezer egiterik", aitortzen du.
Dirulaguntzen eta bolondresen lanari esker, txirrindularitzan jardun nahi duten gazteek ia astebururo lasterketak dituzte. "Denboraldia otsailean hasten dugu eta urrian bukatu. Aste askotan larunbatetan eta igandetan daude probak. Dena den, Ertzaintzak eta epaileek lasterketak. Mutikoak atzean gelditu bezain pronto eliminatzen dituzte. Hala, ez da harritzekoa mutikoek txirrindularitzan aritzeko gero eta gogo gutxiago izatea", dio.
Bere seme Unaik arrazoia ematen dio: "eliminatua izatea etsigarria da". 17 urte ditu eta 10 besterik ez zituenean hasi zen. "Zazpigarren denboraldia dut. Egun osoa bizikletan gora eta behera ematen nuen eta txirrindularitza eskolan izena ematea erabaki nuen. Gurasoak konbentzitu behar izan nituen", azaldu du.
Txirrindulari artean ibilitako Jesus De Miguelek bere semeari kirol horretan aritzen ez uztea harrigarria da. "Txirrindulariekin alde batetik bestera ibilitakoa nintzen eta nekatuta nengoen. Ez nuen berriro hasteko gogo handirik, baina oraingoan ere gustura nabil". Dena den, gainontzeko gurasoek bezala, beldur apur bat pasatzen du. "Nola ibiltzen diren ikusten ez bada, ez da ezer gertatzen. Nik, ordea, lasterketak gertutik jarraitzen ditut eta erorketaren bat dagoen bakoitzean autotik salto egiten dut".
Dena den, Unai beteranoa da jada eta bizikleta menperatzen du. "Lehen urtean nahiko ondo aritu nintzen. Hamar lasterketatan parte hartu nuen eta zazpitan laugarren sailkatu nintzen. Kadetetan kontua zaildu egin zen eta jubeniletan zer esanik ez. Bigarren urtea dut jubeniletan".
Txirrindularitza izugarri gustuko du. "Inguru honetan antolatzen diren amateur eta profesional mailako lasterketa guztiak ikustera joaten naiz. Ahal dudan bitartean jarraitu egingo dut, baina datorren urtean afizionatu mailara pasatu beharko nuke eta oso zaila ikusten dut. Ordekan ondo nabil, baina aldapetan… Entrenatzeari dagokionez, ez zait batere gogorra egiten. Eskolatik irtendakoan, bazkaldu eta entrenatzera joaten naiz. 80 bat kilometro egiten dut irteten naizen bakoitzean", azaldu du.