"Tin!!" Berriz ere enparantza nagusian zegoen etxean bazkaldu eta gero. Poltsikotik hogei zentimo atera eta hiru aldiz eskerrak ematen zizkion eskaleari txapelean utzi zizkion. Betiko egoera; lau minutu ibili eta bi euro eman zizkion loteria saltzaileari. Behin betirako jokatuko zuen zenbakia eskatu zion: 00001. Ziur zegoen ondorengo berrogeita hamar urtetan saritua aterako zela eta irabazitako dirua ondo aprobetxatuko zuen, adibidez, bizilagunari txakur ez hain leloa oparitzen. Arratsalde horretan hemeretzi bezero, hiru txakur, bi katu eta bost bat euli sartu ziren dendara. Oraingoan, National Geographic-eko faszikulua bi bezero eta txakur baten gainean erori zen eta hirurak haserretuta atera ziren dendatik: "beti berdin!, beti berdin!". Bernardo Atxagaren liburua eskuetan zuela hiru, bi, bat, zero kontatu eta arratsalderoko emakumea sartu zen. Ez "Kaixo" ez "Agur" esan gabe "Diez Minutos" eman eta dirua jaso zuen. Ez al zuen inoiz "Pronto" erosi behar?
"Tin!!" Metroko geltokitik atera eta euro bat eman zion negarrez zegoen mutiko bati. Umeari pena guztiak ahaztu zitzaizkion eta gozoki dendara joan zen 300 gramo kakahuete erostera. Atariko atean lehenengo pisuko emakumea zegoen txakurra bere hanken ondoan zuela. Txakurrak, ostegunero bezala, hanka bendatuta zeraman baina, beti bezala, ostiralean sendatuta zegoen, mirariak. Atea ireki eta lasterka igogailura igotzean erori eta ukondoa okertu zuen, baina ohituta zegoen. Aspertuta zegoen, egun guztiak erabat homogeneoak, minutuero hogeita lau ordu atzerago gertatutakoa agertzen zen bere begien aurrean. Afaltzeko gogo eza zuen eta lehenbailehen ohera sartu zen pixkatxo batez irakurtzera eta iratzargailuarekin zerbait egitera.
Iratzargailuak jo zuen goizero bezala baina lehen baino goizago. Pilak gastatu al zitzaizkion? Ez, baina bere buruak aldaketa ugari izan zituen. Goiz hartan ez zeukan erlojua apurtzeko gogorik, egun ezberdina izango zen. Ohea egin eta arropa jantzi zuen orraztu eta garbitu ondoren. Erloju batek seiak eta erdi markatzen zituen, besteak ere bai. Bi laranja hartu zituen eta sagar batekin batera mahai gainean utzi zituen. Ez zuen gortinarik ireki, zer demontre nahi zuen begiratu? Musika jarri zuen eta lasaitasun zoragarria aurkitu zuelarik begiak itxi zituen momentu batez. Zazpiak hamar gutxitan aulkitik jaiki, zapatak jarri, giltzak hartu eta igogailura sartu zen. Azkenean lortu zuen traste hura lehenengo solairuan ez gelditzea emakumearen erruaz. Atariko atea atzean utzitako momentuan frutaren kamioia iritsi zen; hiru, bi, bat… ia buru gainean erori zitzaion txakur kaikua. Animalia gibeletik ondo heldu eta kamioi barrura sartu zuen, behin-betiko.
Ez zuen trenik hartuko, oinez iritsiko zen liburu-dendara zenbait kilometro ibili ondoren, hamasei errepide zeharkatu, hamabi eskaparatetan gelditu, bi aldiz erori eta katu baten isatsa zapaldutakoan. Trenez baino ordu erdi gehiago kostatu zitzaion atea ireki eta faszikulua buru gainean erortzea. "Soinujolearen semea" irakurtzen ari zela eguneroko gizonik azkarrena iritsi zen axota bat erosteko asmoarekin. Eta egunkaria? Axota urdina nahi zuen, ez beltza ez gorria. Gizonak pozik zirudien, bere biloba maitearen lehen eskola eguna zelako eta bere ustetan, boligrafo bat oparitzea zoriontsu jarriko zuen neskato txikiaren aurpegi errugabea. Laurogei zentimoak gorde eta berriz ere eseri zen aulkitxoan. Begirada bat eman zion dendari; ondo zegoen. Baina ez zuen ulertzen hain pozik ez egotearen arrazoia, egunaren errutina aldatzea lortu zuen eta hala ere, ez zuen ezer berririk sentitzen. Hain ohituta al zegoen bere gorputza XXI. Mendeko bizitzara? Bat-batean azaldu zen Karmakros liburu-dendan enparantzako eskalea. Janaria erostera joan ordez bere dendan azaldu zen eskuetan lau euro zituela. Behatz batekin National Geographic errebista seinalatu zuen, bazen ordua. Eskailera bat hartu eta faszikulua eman zion eskaleari. Gizon zahar eta argalaren aurpegian alaitasuna nabaritu zuen, eta gainera ez zuen kolpe gehiagorik hartu. Atsoak egunkaria hartu eta berrogeita sei orrian zabaldu zuen. "Gaurko zenbaki irabazlea 30001". Eskalea denda barruan bakarrik utzita poltsikotik kupoia atera eta saria kobratzera abiatu zen non egin jakin gabe. Gizona bere atzetik zetorren, aurpegi alaiarekin. Denda pareko errepidean frutaren kamioia gelditu zen eta halako batean bizilagunaren txakurrak espaloira egin zuen salto. Atsoarenganantz abiatu zen eta bere hanken inguruan etzanda geratu zen. "Hau da nik nahi dudana, gizakiaren lagunik onena nire hanketan izatea". Hain irudi ederra atzean utzi eta kupoia kobratzera joan zen pareko espaloira. Minutu batez buruari hainbat buelta eman zizkion; bere ustez hamalau mila euro gehiagorekin ezin zuen bere bizitza erabat aldatu, egunero gauza bera egin behar izango zuen eta diruarekin ezin zuen ohiturarik aldatu. Hala ere, dirua hartu egin zuen eta bederatzietan bizilagunak atea ireki zuenean oparitxo bat eman zion. "Hau hobeagoa da, ez da hain leloa".
Jon Cadierno Gutiérrez
Ipuin honek 2006ko Urruzuno saria lortu zuen