Baina ez du egin.
Bere lagunak hemen dira. Lau neska eta bi mutil. Hiru beltzaran eta hiru ilehori. Lau ile motz eta bi ile luzedun. Bost motxilarekin eta bakarra poltsarekin. Bi betaurrekoekin eta hiru gabe, eta lentilak eta betaurrekoak tartekatzen dituen beste bat. Trena agurtzen azkenak beti. Geltokian sartzen den lehen bagoiko azken sei eserlekuek euren izenak dituzte. Gaur, hiru neska eta bi mutil daude. Bi beltzaran eta hiru ilehori. Lau ile motz eta ile luzedun bat. Lau motxilarekin eta bakarra poltsarekin. Betaurrekodun bat eta lau gabe. Ostirala nabari zaie aurpegiak eta gorputzak eramateko moduan. Pozik eta nekatuta daude. Bera, eta gero galtzeko bilatzen dudan begirada hori falta da.
Ez dago.
Korrika etorriko da. Imajina dezaket liburutegitik unibertsitateko irteerara dauden hogeita bat eskailerak igotzen. Laurogeita hamar graduko biraketa bat eta hirurogei graduko beste bat egin behar izan ditu. Ezkerretan izkina itsu bat geratuko zitzaion, susto txikiak, ertainak eta handiak eman eta jasotzeko territorio librea.
Ez zuen ikusiko. Eta ez du ikusi nahiko.
Besteren ezinikusietarako prestatzen ditugu begiak. Edozein lekutara joan aurretik itinerarioak planifikatzen trebatzen gara. Bide guztiek Erromara badaramate ez dago zertan beti bera hartu beharrik. Jarraipenak egiteko metodoak ikasten ditugu; besteren itzal izaten arrastorik utzi gabe. Eta zortzi ordu egunean, gutxienez, horrela pasatu ondoren… Parean pasatzen den jendeari ezin agur egiteko begiratu, asmoak irakurtzeko baizik. Eta normalean intentzioak gutxitan dira onak. Nahiz eta nireak onenak diren. Parera datorrenean asmo onenaz irekiko zaizkit begiak. Irakurtzen badaki, irribarre egingo dit. Lasterketak merezi izan duela pentsatuko du. Ni zain izango nau.
Ez dut eskerrak ematerik nahi. Badakit ez dizkidala emango.
Nire begiekin jotzerako, unibertsitateko kafetegi aurrean bakerodun irakaslea, betaurrekodun idazkaria, trajedun bedela eta denetik duten ikasleak agurtu behar izango ditu. Ostiral hartan bezala. Bakerodunak Lolita konkistatu berri bat ikusiko du, betaurrekodunak inbidiaren pertsonifikazioa eta ikasleek apunteak eskatu ahalko dizkioten lagun hori. Berak, trenak ihes egin diezaiokeela mugitzen ez bada.
“Ez da nitaz akordatu ere egin.”
Geltokirako ibilaldiaren hasiera euritan, ilunpetan eta haizearen kontra denean ere maldan behera da. Bidegurutzean bukatzen da. Beheraka datorrela imajinatzeko begiak ixten ditudanean ez dut bi aldeetara begiratzen ikusten gaur. Gainera ilunean ez zituen bazterrak behar bezala behatuko.
“Arriskurik ez ikustea da arriskutsuena.”
Egun argiz hain nabarmena den belarrari jandako bidezidor bati esker, hirurogei segundo irabaziko zituen gehienez. Nire bost pauso eta bere zazpi dira Atilak zabaldutako bidetik egin beharrekoak. Apustu egingo nuke hortxe emango ziola buelta aterkiak.
Herri guztietan, espaloia eta kaminoa bereizteko baranda zuri-gorriak egoten dira. Bada, hirian ere badaude. Beren funtzioa egingo dute jendea trenbidera bota ez dadin, baina hortik aurrera ezer gutxi. Horregatik, bidegurutze horretan, haizeak bost pausoko tartea du nahi duena egiteko. Nire bost pauso horien, edo bere zazpien, ondoren hasten da adreiluzko horma, burdinbidea eta oinezkoen bidea bereizteko eta haizeari mugak jartzekoa. Baina ezer gutxirako balioko zion aurrez haizeak aterkia orraztu badio.
“Gutxirako balioko dit gure minutuak telefonoan ni ikusi nahi ez banau.”
Minutu bakar baten truke, arnasestuka iristen noiz ikusiko zain nago. Eta zu ere bai dagoeneko. Zure lehenengo lan egunean, trenean sartu garenetik ez baitu besterik izan ahoan zure lankide honek. Barkatuko didazu, beste batean niri tokatuko zait zuri entzutea; baina hemen behar luke. Trenak minutu bat soilik uzten digu begiradak elkartzeko eta segundo gehiegi galtzen ari da. Aste-bukaeran ez dut ikusiko eta dagoeneko hemen izatea nahi nuke.
“Berak ez du horrela bizi. Hain barrenetik eta halako minez.”
Apustu egingo nuke gaur ere ez duela hartu adreiluzko eskuin hormako posterrei erreparatzeko astirik. Ez du interesa lekiokeen ezer galdu, hil honetan aukera kulturala oporretan dago. Eta ez dago, beraz, ez posterrik adreiluzko eskuineko horman, ez dut aste-bukaeran trenez etorriko den esperantzarik, ez eta bera ikusiko dudan ilusiorik elikatzerik astelehen goizerarte.
“Baina ez zaio asko inportako.”
Euritan blai eta haizearen kontra etorriko da neskatila gajoa, pausoak binaka kontatuz: bi, lau, sei, zortzi… Konta dezakeena baino azkarrago emango baititu. Pausoak pareka pertsona bakarra kabitzen den espaloi horretan. Oso zaila da halako pasabide estuetan inor zaintzea. Errepidetik, kotxe artetik ibili behar izaten da. Serioegi hartzen nuen nire lana eta utzi egin behar izan nuen. Kontrako ekintzak aurreikusi beharretik kontrako ekintzak ikustera pasa nintzelako. Berekin desberdina da, bere begiak gainean nituela sinestearren gustura ibiliko nintzateke kotxe artetik, berak hala eskatuz gero. Berekin, aldeko ekintzak soilik aurreikusten eta ikusten ditut. Ikusi nahi ditut.
“Ez dut besterik ikusi nahi. Ez dut besterik ikusten.”
Bidean automobilei erreparatzen zien nik jarraitu nion aldietan, koloreari bakarrik, eta gaur ere hala egingo zuela pentsatzen dut. Astirik izan badu. Bost egunetan jarraitu nion soilik, aste desberdinetan eta astegun desberdinetan. Denbora gehien grisei begira egoten zen. Pentsatzen dut ez zela mutil lagunarena kolore horretakoa izango. Ez zien miresmenez begiratzen. Ez iezadazu horrela begiratu zuk ere. Ez zien ia begiratzen kotxe grisei.
“Ez du merezi, baina gaurko eguna ere beretzat izan da. Ezingo ote dut gogotik kendu?”
Gaur ez zuen neska gajoa erdiko zubitik sartzen den armadak perpendikularki inbadituko. Hemen daude gainerakoak soldaduak bezala, firme, baina bera ez. Semaforoa berde jartzen denean ibaia gurutzatzetik datozen beste emigrante pendularrak tropelean sartzen dira, alboz. Eta zeharka datorrena arriskutsuagoa izaten da gehienetan. Zuri ere irakatsiko zizuten hori seguritate pribatuko agente izateko prestakuntza kurtsoan. Parez datorrena ikusi egiten da, alboz sartzen dena sumatu egin behar da.
“Ez diet ebidentziei erreparatu nahi izan. Ez sumatzeko begiak itxi ditut. Ez nau horrela utziko, ezta? Hitz erdi bat ere esateko aukerarik eman gabe. Isilik amaituko ote da dena?”
Ezin dut gehiago. Datorrela azkar, segundoak gure minutua jaten ari dira eta. Ezinegona telebistaz ematen jarraitzeko, oraintxe esango dizut zein den eta ziur zuri ere niri bezainbeste gustatuko zaizula. Nik deskubritu nuen aurrena, ordea, eta zaldunen arteko paktuak badakizu nolakoak diren.
“Ez du nire kontua izan dela sinistea lortuko. Bion kontua izan da. Ez da jabetza kontua ere. Baina ez da zaldun batek beharko lukeen moduan portatu. Ez da ondo portatu ezta ere.”
Egunen batean geltokira bila etortzen direnen eta trenetik jaisten direnen maitasun eszenak bihurtuko ditugu. Ni trenez iristen den zalduna izango naiz eta bera lasterka, maite ez duen senargaiarengandik ihesi datorren dama. Bere arnas estuak arnas estuagoarekin egingo du topo eta horko bikote horrek bezala elkar jango dugu. Eta nik orain bezala, beste batzuk izango zarete gu musukatzen ikusita beste aldera begiratuko duzuenak. Inbidia itsua beti da errazagoa jasaten.
“Ez dut drama handi bateko protagonista izan nahi. Ez berak nahi duen moduan. Ez diot lehenengo eta azkena barkatuko. Eskatu ere ez dit egin. Ez da hori amorratzen nauena. Eta ez dit eskatuko. Ez dit egun osoan deitu. Ezta mezu bat idatzi ere. Ez dit minutu bakar bat ere eskaini. Eta ez dit eskainiko.”
Etsitzen hasita nengoen, ezkor, eta hara non, geltokiko pezeratik irteten ari den, korrika dator. Igual gozokiren bat erosi du kioskoan eta horregatik atzeratu da. Ez zuen mutil lagunarekin jaten zituen erregaliz gorri lodirik erosiko.
“Ez nau inoiz nik bera bezain beste maite izan. Ez badu ezer inportantea galdu duela sentitu, ez naiz ni izango hori gogorarazteko deituko diodana. Negargura hau ez da komunean aurpegia garbituta kentzen tamalez.”
Komunak dauden irteera atetik dator. Igual komunean egon da orain arte. Ez dut uste, musu gorriekin dator gaur ere, lasterketa irabazi duenaren seinale. Gainera, astirik izan balu ere ez dakit komunera sartzen utziko ote zioten. Maiz garbitzen dituzte eta. Horretan ari diren bitartean ezin izaten denez sartu, erdia zikintzen dira eta gero lan laurdena garbitzen. Guri ere trenean batzuei sartzen ez uzteko aukera eman beharko ligukete. Ate honetatik sartu dira gaizki begiratu didaten pare bat. Nigatik balitz ez nieke sartzen utziko. Baina gure autoritatea erlatiboa da. Eta gainera traje gris-hori honekin ez da nigan fijatuko.
“Sentimenduak itsatsi egiten dira. Badirudi berari ezetz. The end-aren zain nago negar gustura egiteko, baina berak horren beharrik gabe eman du bukatutzat. Dena continuum bat dela esatea gustatzen zaio. Hasierarik eta bukaerarik gabeko joana. Ibaiaren irudia berriro errepikatzeko ere ez dit deituko. Justu orain, ibaian sartzen den itsasgoraren argumentua ikusi dudanean.
Gaur ez naiz klasera joan. Ezin izan dut betiko bidea egin. Bide guztiek Erromara badaramate, ez dago zertan beti bera hartu. Unibertsitaterako bidea zuzenegia da. Errutinari lotuegia dago, eta nirea aldatzera doa. Ez naiz bera. Gainera, amiltzen ari naizenean ezin izaten dut aldaparik igo. Bi aukera nituen: haizeari aterkia orrazten utzi mugarik jartzen ez dion bidegurutzean, edo itsasoari bortizki kendu didala sinestarazi. Galerna barnean eta galerna kanpoan. Norgehiagoka horretan aterkiak sufrituko duela gehien pentsatzeak biktima ahulago baten kontsueloa ematen dit.
Itsasoa sekula ez dago eta norabait eramango du. Joan eta dator, igo eta jaitsi egiten da. Trena ez bezala. Azken hau lehenengo bidean egon daiteke, bigarrenean edo hirugarrenean; eta ez daki igo eta jaisten. Bera ez dago, niretzat behintzat. Egin nahi ez nituen bederatzi dei egin ditut. Ohitura. Eta denak galdu dira. Nik ere ez nuen hartzeko asmorik deitu izan balit. Ez esateko ahalmena dudala sinestarazi nahian pasa dut eguna. Itsasoari aterkia lapurtu didala sinestaraztea baino zailagoa den arren. Ez diot deituko. Ez diot erantzungo ezta ere. Baina ez da nitaz akordatu ere egin. Beretzat beti izan da errazagoa.
Hasi ez zena ez du bukatzen. Ez du sekula adiorik esango, ez eta esan diezaioten aukerarik emango ere. Baina dagoeneko itxi dit atea. Tren bat hartzeko jaisten da beste batetik, eta ateak automatikoki ixten dira. Beste batzuk ezin gara tren batera igo aurrekotik jaitsi gabe, eta orain, ez dakit bota egin nauen edo sekula ez didan sartzen utzi.
Minutu bakar bat besterik ez dut behar. Ez dut promesaz betetako despedida bat nahi geltokian. Ez da bidaia-lagun ona. Minutu bakarra nahi dut telefonoan agur esan eta bidaia ona opatzeko. Ateak nik ere itxi ditzakedala sentitzea. Gutxirako balioko dit alabaina minutuak telefonoan ere ikusi nahi ez banau.
Berak badaki arriskutik babesten. Hori du bere alde. Nire kontra, arriskurik ez ikustea da arriskutsuena. Edota ikusi nahi ez den hura ikustea edonon. Ezinikusiaren mugak: ez dut ikusiko ikusi nahi ez dudan hura; edo minus bider minus plus. Oparitu nion jertseak umeak egin ditu, eta bidera irten zaizkit. Automobil grisak perretxikoak bezala hazi dira, eta ez da udazkena. Elkarrekin ikusitako azken pelikulak karteleran darrai, eta ez zitzaidan gustatu. Gozoki-denda guztietan saltzen dituzte bakoitzak mutur batetik hasita jaten genituen erregaliz gorri lodiak, eta zeinen gozoak ziren! Eta gogoratzea mingarriagoa egiten zaidan beste hainbeste oroimenengatik gaurko eguna ere beretzat izan da. Merezi ez duen arren.
Arriskuaren pertzepzioa norbere ahalmenaren pertzepzioak baldintzatzen omen du. Ez da nire kasua. Arriskurik ikusi nahi ezak itsutzen nau ni. Aitzakiak arrazoitzat eman dizkiot. Bere mesfidantzak nire gehiegizko kuriositatetzat hartu. Bere isiltasunei nirekiko pentsamendu onak eta ametsak egotzi… Inozoa ni… Bere continuum-ak beste bide bat hartu zuela nola adieraziko zidan bada berak? Zaldunak, damak, ohorea, erregeak, erreginak, printzesak… Hareazko gazteluak.
Txolina ni, bai, txolina ni. Orain ere, drama horregatik ari naiz negarrez, baina malkoak protagonistatzat nauen postala janzteko erortzen zaizkit. Akuarela-lan bat naiz: neskatila unibertsitarioa hondarretan eserita itsasoarekin negarrez. Baina laino grisak eta itsaso-malkoak ez zaizkit zentzu metaforikoan soilik erortzen masailetan behera. Itsasoak begietara egin dit salto. Norbaitek trenetik botako balu bezala, aterpe eske.
Ni bezala. Ni jabetu aurretik ordezkatu bainau berak. Beste batek jaso berri du oraintsu arte niretzako izan den deia. Nik galdu dut. Ez dit deituko. Nik ere ez gehiago. Hori da berak nahiko lukeena. Oraingoan hartzen ez badit, nik ez diot inoiz hartuko. Kasu honetan ere minus bider minus plus izango al da? Egun guztia mugikorrari begira pasako badut ere, galdutzat eman dezake nire deia.
Beretzako beste egun bat itsasoak eramango dit. Nik minutu bat baino ez nion eskatuko deia hartuko balit. Olatuek bota arte ez naiz hondartzatik joango. Trenera berandu iristen banaiz, deiak bezala galdu nahi nuelako izango da. Gainera, bakarrik egin nahi dut bueltako bidea. Lagunak geltokira sartzen den lehen bagoian joango dira. Beste edozeinetan sar naiteke ni, neke aurpegiaren arrazoiez galdetuko didan inor gabe, txarolezko begiak deskubrituko dizkidanik gabe, edo aspaldi geltokira bila etorri ez zaidalako ia gaixo dagoen galderaren beldur izan gabe. Ez zaizkit geltokietako amodio-eszenak gustatu. Trenak igotzeko eta jaisteko dira. Botatzen zaituzten arte.”
Barkatu, baina bera bila noa. Honen zain egon naiz egun osoa. Bera dagoen bagoiko atearen ondoan itxarongo dizut. Zu lasai, zure lehen lan-eguna den arren, aurpegi serio jarri, bizkarra zuzendu eta pausuak ziurtasunez ematen badituzu, inork ez du igarriko.
Egizu korrika, neskatila, eman dezala trena hartu nahi duzula, ikus zaitzala larri gidariak; bestela ez du ezertarako balioko ni azken bagoiraino joateak zuri atea irekitzeko. Estutu ezazu arnasa: gure eguneko minutua da. Gaur bai, gaur fijatuko zara uniforme gris-horiarekin zuretzako bakarrik begiak ireki dizkizun zaldun honetan.
Amaia Artolazabal