Chico eta Lizarazu aspaldi dira txirrindularitza zaleak. Hala, azkeneko urteetan txirrindularitza zaleentzat antolatzen diren hainbat probatan parte hartu dute: Quebrantahuesos, Bonaigua, Larrau... Horietarako prestatzeko inguruko irteeretan parte hartzen dute eta, hala, Ormaiztegiko bi lagun ezagutu zituzten. Hauek izan ziren Flandesko itzulia egiteko tentatu zituztenak eta eurekin eta emazteekin izan dira bertan. "Elkarrekin egingo genuela esan genuen txantxetan eta, azkenean, animatu egin ginen. Aurtengo ekitaldia Aste Santuan izan denez, familiarekin joateko aukera genuela ikusi genuen eta etxekoak konbentzitzea lortu genuen. Emazteek ez digute eragozpen handirik jarri, baina amek bai", diote.
Chicok, gainera, mokor arazoak ditu. "Medikuak desgastea handitzen ari naizela eta kilometro asko egitea ez zaidala komeni esan zidan. Zer asmo nuen azaldu nioenean, ez zuela horretaz ezer jakin nahi esan zuen. Honen ondoren, lasaiago ibiliko naiz. Osasunaz gain, tailerreko lana eta familia ere kontuan hartu behar dira".
Belgikako probak ia 260 kilometroko ibilbidea du, kilometro asko harlandu gainean egin behar dira eta muino gogorrak ere baditu. Hara joateko, irailetik hona sekulako prestaketa osatu dute. Egindako kilometroen kontua galdu dute. "Ez dakit seguru zenbat egin ditudan, bidegorrian eta arrabola gainean asko ibili bainaiz. 8.000 kilometro luze egin ditudala, seguru", dio Chicok. Lizarazuk gehiago egin dituela uste du: urte hasieratik hona bakarrik 4.500 pilatu ditu.
Ez da erraza negu partean horrenbeste kilometro egitea. Chicok astegunetan ez du egun argiz ibiltzerik izan. Hala, afaldu, emaztea eta umeak etxean utzi eta bidegorrira irten da gau askotan. Gauez paseatzen duten emakumeen laguna da dagoeneko. "Batek baino gehiagok esan dit ikusi nauela eta guztion ahotan ibili garela uste dut", dio.
Lizarazuk, berriz, egun batzuetan goizeko 6etan irten dela dio. "Egoskorra izan behar da hau egiteko. Izan ere, lanetik irten ondoren, etxeko epeltasunean zaudela, oso gogorra da bizikleta hartzea", Aitortu du Chicok.
Dena den, ahaleginak merezi duela diote. "Belgikako txirrindularitza zaletasuna sekulakoa da eta ezagutu egin nahi genuen. Asmatu egin dugu eta emazteak ere oso gustura izan dira. Bizikletarekin duten harremana ikusgarria da. Jende guztia bizikletan ibiltzen da: 15 urteko mutikoa, 60 urteko gizona, gorbataduna, gonadun eta takoidun emakumea… Hemen kirola egiteko arropa behar dela dirudi. Parrandan ere bizikletan joaten ziren toki batetik bestera. Brujaseko plaza guztietan aparkatzeko tokiak daude eta autoak apenas ikusten dira. Gainera, bizikletek lehentasuna zuten eta kilometroak eta kilometroak bidegorri daude", diote Chicok eta Lizarazuk.
Bizikleta hemen baino askoz ere jende gehiagok erabiltzen duen arren, baita erabilpen gehiagotarako ere, ez omen diote tramankuluari berari horrenbeste garrantzi ematen. "Hemengo jendea bakarrik ikusi genuen karbonozko txirrinduarekin. Modan joatea atsegin dugu", azaldu dute.
Ez zuten belgikarrek eta euskaldunek bakarrik parte hartu, noski. "Frantsesak, italiarrak, alemanak, espainiarrak… aurkitu genituen. Dena den, italiarrak eta gu bakarrik ibiltzen gara modu lehiakorrean. Belgikarrak lasaiago ibiltzen dira".
Hala ere, 260 kilometroko ibilbidea osatzea ez da broma. Are gehiago, 18 muino labur baina gogor igo behar badira. "Jateko ere asti gutxi genuen: bata jaisterako bestea igotzen hasten ginen".
Harlandua ere gauza berria zen beraientzat. "Gipuzkoako harlanduzko bide guztietan ibili ginen joan aurretik: Azkoitian, Eskoriatzan, Beasainen… Dena den, hemengoak broma dira hangoen parean. A zer nolako dardarizoa! Hasieran manilarra goitik eta gogor heltzen genuen. Albokoek, berriz, albotik eta leun heltzen zuten eta ipurdia apur bat altxatuta eramaten zuten. Gainera, plater handia jarri behar da. Zenbat eta gogorrago heldu manilarra, orduan eta min handiagoa nabaritzen da eskuetan", diote.
Zerbait ikasi zutela eta txukun samar ari zirela uste zutenean, Quick Step talde belgikarreko profesional batek pasatu zituen ziztu bizian. Biharamunean, igandean, berriro ikusi zuten, profesionalen lasterketan. "Sekulakoa izan zen: dena jendez gainezka zegoen txirrindulariak heldu baino ordu eta erdi lehenago. Irteera ere tope zegoen. Tom Boonen heldu zenean zoramena izan zen. Txirrindulari hau hemen Beckham bezain garrantzitsua da Belgikan. Iragarkietan bera ageri da, ez futbolariak", diote.
Hala, larunbatean eta igandean festa giroa nagusi zen ibilbide osoan. "Ibilbideko etxeetan jana eta edana salgai zuten guretzat eta laguntza ematen zioten arazoren bat zuenari. Lasterketa egunean, berriz, baserrietan tabernak jartzen zituzten eta jendea euren txirrindulari gustukoenen argazkiekin eta arroparekin joaten zen animatzera".
Lasterketa berezia da zinez. "Euskaltel taldeko mekanikaria den Jose Kruz Mujikak klasikoen artean klasikoena dela esan zigun eta hala da. Belgikarrentzat ez dago lasterketa garrantzitsuagorik. Hau irabazten duena Jainkoa da eurentzat".
Gustura itzuliko lirateke. Oraingoz, sasoi ona Quebrantahuesos famatua egiteko baliatuko dute. Gero, gerokoak. "Udaberriko beste klasikoren bat egitea gustatuko litzaidake, Amstel Gold Race adibidez. Zikloturisten Paris-Roubaix bi urtetan behin egiten da eta hori ere oso polita eta gogorra omen da", dio Lizarazuk. Aitor Chicok, berriz, argi du ez duela halakorik egingo. "Ikustera, beharbada, joango naiz. Egitera ez, prestatzeko denbora asko behar baita eta familia ere hor baitago. Dena den, emazteek ere zaletasuna dute. Urtero joaten dira Quebrantahuesos ikustera eta giroa asko atsegin dute".