- Ibilbide laburra: 25.4 kilometrorekin Urretxu-Zumarragatik goizeko 8:00etan San Kristobaletik Pagotxoeta lepora abiatuko gara, eta Pagotxoeta – Samiño – Oleta kordaletik ibili ondoren, Igaran baserri eta elektratik, Aizpurutxora iritsiko gara. Aizpurutxotik, Baztarriña baserrirantz jarraituko dugu eta Osinbeltz harrobiaren gainetik igaroz, Nebera eta Beain baserritik behera, Urretxu-Zumarragara itzuliko gara.
- Ibilbide luzea, 50 kilometrokoa. Areizaga-Kalebarren enparantzatik goizeko 6:00etan irten ondoren, Eitzatik, Igartza baserrirantz abiatuko gara. Igartzatik, Ezkioga eta Itsasora, eta baita ondoren Kizkitza baselizaraino. Hemendik aurrera, Kizkitza – Berotegi – Atxurzaga – Izazpi – Pagotxoeta – Samiño kordala korrituko dugu. Samiñotik, Martirieta auzora jaitsiko gara, Errezolatik ibaia eta trenbidea zeharkatu eta Urrategitik gora Irukurutzetara igo. Irukurutzetatik, Agerreburu eta Elosumenditik barrena, Trekutz eta Irimotik igaro ondoren, jaitsiko gara berriz Urretxu-Zumarragara.
Ibilbide luzerako, guztira 5 anoa-postu jarriko dituzte, 4 ibilbide laburrerako. Behar diren segurtasun neurriak kontuan izan dituzte antolatzaileek, ibilbidean gerta litezkeen ezbeharrei aurre egitearren.
Pasa den ekitaldian ia 1300 lagunek parte hartu zuten bi ibilbidetako bat eginez. Aurten ere jende asko espero dute antolatzaileek eta dena ongi irten dadin lanean ari dira, baina laguntza beharrean ere badaude eta antolatzaileek esan digutenez 100 lagun baino gehiago beharko dira ibilbideen markaketa, anoa-postuetan laguntzen, kontrol-puntuetan, etab. Lagundu nahi dutenak www.beitia.org, ibilaldiaren webgunean, harremanetan jartzea eskatu dute antolatzaileek.
Informazio gehiago www.beitia.org webgunean izango duzue.