Agian gure herriotan honelako musikak jarraitzaile asko ez dituelako edo ostegun gaua zelako eta hurrengo egunean lanera joan beharra zegoelako, baina uste baino jende gutxiago agertu zen Labeaga Aretora. Hala ere bertaratu ginenok gustura egon ginen eta uste dut Fernando bera ere halaxe egon zela.
Kontzertua 21:45 pasatxo hasi zen eta irten bezain pronto hartu zuen baxua. Bere azken diskoko "I will break your fall" abestia jo zuen. Kanta hau da diskoari izena ematen diona. Baxu jole ona izateaz gain gitarra jole aparta ere badela erakutsi zuen eta "Pain" abestian ikusi ahal izan genuen, horretarako gitarra akustiko eta elektrikoaren arteko hibrido bat zuen, kontzertua hasi baino lehenago bere itxura arraroagatik zeresana eman zuen gitarra hain zuzen ere.
Musikari apartez inguratua zegoen Lou Reed-en baxu jolea izandakoa. Beraien artean zegoen Rafa Rueda gitarra jole euskalduna. Berak esan zituen euskaraz Fernando Saundersek ingelesez ulertarazi nahi zizkigun esker oneko hitzak. Gustura zegoenaren seinale. Bukaeran ikuslegoaren txaloak amaitzen ez zirenez musikagilea eta bere taldea eszenatokira igo ziren berriro pare bat abesti jotzera. Horietako bat Lou Reed-ekin 80ko hamarkadan jo zuen bat.
Gogoratu behar da Fernando Saunders abeslaria izateaz gain, grabazio estudioetan oso musikagile preziatua dela eta Lou Reed, Marianne Faithfull, etab. bezalako abeslariek estimu handian dutela Chicagon 1958an jaiotako baxu jole eta gitarra jolea. Bertan egon ginenok behintzat gustura egon ginen, seguru.