Ni ere mutiko normala izan nintzen. Futbolean jokatzen nuen eta Urolan hasi nintzen. 12 urte nituenean Los Angeleseko Joko Olinpikoak izan ziren eta saskibaloia modan jarri zen. Auzoko mutikoek saskibaloian jokatzen zuten. Noizean behin nire anaiarekin eta bere lagunekin saskibaloian aritzen nintzen. Futbola utzi nuen eta, Arrasaten ikasten ari nintzela, nire anaiak zirikatu egin ninduen. Hala hasi nintzen Goierrikoekin entrenatzen, 22 urterekin.
Horren berandu hasi zinelako uste al duzu iraun duzula horrenbeste?
Dudarik gabe. Urolan 14 urterekin hasi nintzen eta 17rekin erreta nengoen. Adin horrekin irteten, jende berria ezagutzen… hasten da eta zaila da talde batek eska-tzen duen diziplina jarraitzea. Kirol taldea bigarren maila batera pasatzen da. Goierrin horrenbeste urte ematearen beste arrazoi bat ere bada: saskibaloia eta partidetako lehiakortasuna izugarri gustatzen ditut.
Gustura hartuko zintuzten… ez zuten 22 urteko bat eurekin hastea esperoko.
Beno… Garai hartan askoz ere jokalari gehiago zegoen senior mailan. Bi talde zeuden. Bigarrengoan anaia eta auzoko gainontzekoak zeuden. 20 lagun baino gehiago elkartzen ginen entrenamenduetan. Aurten oso ondo aritu gara, baina entrenamenduetan 6-8 lagun izan gara.
Zergatik eman da beherakada?
Nagusien taldean lehen baino jende gu-txiago dugu, baina Valentin, Chico eta, gainontzekoak egiten ari diren lanari esker, beheko mailetan jende asko dabil. Nire ustez, Gasol-eta direla medio, bigarrengo boom bat eman da. Beharbada, hemendik urte gutxira Goierrik berriro nagusien bi talde izango ditu.
Kalean jokatzetik Goierrira pasatu zinen. Ez da oso arrunta.
Egun ez dira ume asko ikusten saskietan jokatzen. Guk bagenekien egunero Gainzuriko saskietan partida jokatzeko aukera izango genuela, beti izango zirela herriko txoki guztietatik joandako hamar tipo bertan. Futbol zelaietan eta pilotalekuetan berbera gertatzen zen.
Nolako jokalaria zara?
Sekula ez dut horretan pentsatu… Beti kanpoaldean jokatu izan dut eta hasieran, jokoaz asko ez nekienez, korrika asko egiten nuen eta ikasten saiatu nin-tzen. Hasieran, nire ekarpen nagusia jaurtiketak ziren. Gero, ikasten joan naiz. Entrenamenduetatik eta partidetatik kanpo ere jokatzen nuen eta telebistan partida asko ikusten nituen. Egun, jokoa ondo ulertzen dut.
Zerk egiten du saskibaloia horren berezia zuretzat?
Futbolaren aldean, jokalariak baloia gehiagotan du, gauza gehiago egiteko aukera du eta egiten duena gehiago ikusten da. Gainera, oso plastikoa da. Bestalde, taldea txikiagoa denez, jokalarien arteko harremana estuagoa da. 14 urtetan taldeak gorabehera asko izan ditu, baina giroa ez da sekula txarra izan.
Kapitaina eta beteranoa izanik, horretan zeresan handia izango zenuen.
Hasi eta bost urtera jende askok utzi zuen eta dagoeneko beteranoenetakoa nin-tzen. Hiru urtetan jokalaria eta, aldi berean, entrenatzailea izatea tokatu zitzaidan. Jokalariok arduratzen ginen guztiaz, ikastolan entrenatzen ginen… Jendeak errespetua didala uste dut, baina ez naiz aholku zalea. Nire ekarpena, batik bat, eredugarri izaten saiatzea izan da. Entrenamendu guztietara joan naiz, nahiz eta kanpoan egon lanean, eta taldean giro ona sortzen saiatu naiz. Hitzak baino, ekintzak nahiago ditut.
Zergatik utzi duzu?
Nahikoa egin dut. Oso ondo pasa dut eta asteburuko partidak drogarik onena izan dira niretzat, baina Oñatin bizi naiz eta entrenamenduetatik 23.30ak aldera hel-tzen nintzen… Gogorra da eta beste gauza batzuk egin nahi ditut. Mendira joan, adibidez. Gainera, 35 urte ditut eta hori nabaritu egiten da. Aurten txorkatila bihurritu dut eta 25 urte nituenean baino askoz ere gehiago kosta zait gero sasoian jartzea. Neure burua motel ikusten nuen eta horrek amorrua ematen du. Beti maila ona eman dut eta ez dut jendeak soberan nagoela pentsatzea nahi.
Dena den, noizean behin saskibaloian jokatuko duzu hemendik aurrera ere…
Noski. Seguru aski, datorren denboraldian astean behin entrenamenduetara etorriko naiz.
Taldea goran uztea pozgarria da.
Oso beheran ezagutu dut. Garai hartako partidetara nire arreba eta beste lau katu etortzen ziren. Taldea goian uztea itzela da niretzat.
Une bereziki gozorik oroitzen al duzu?
Bi oroitzen ditut. Duela urte batzuk, garaipena eman zigun hirukoa sartu nuen azkeneko segunduan Azpeitikoen aurka. Bestalde, duela bi urteko igoera sekulakoa izan zen. Azken partida etxean jokatu genuen eta igoera irabazten zuenarentzat zen. Beste une gozo asko gogoratzen ditut, partidetakoak ez direnak ere bai.
Zein da Goierrin bizi izan duzun unerik gogorrena?
Erantzun topikoa da, baina lesioak dira okerrena. Ez dut larririk izan, baina guztiak dira txarrak. Izan ere, saskibaloitik aparte gure lana dugu eta kirola ondo pasatzeko egiten dugu. Beheko mailetan egon ginen garaia ere oso txarra izan zen. Saskibaloi sailean urte asko zeramatzan jendeak utzi egin zuen, dagoeneko erreta zegoelako, eta jokalariok eutsi genion. Bi urtera itzuli ziren, indarrak berrituta.