ETBren bitartez izan nuen euren berri. Beranduago kanpamentuetara joaten zen hemengo neska batek Tolosako elkarteak harrera familiak behar zituela esan zidan. Etxean gaiari buruz hitz eginak ginen eta, azkenean, animatu egin ginen. Hurrengo urtean herrian bertan lanean hasi ginen eta dagoeneko Urola Garaia mailan aritzen gara.
Aurten Legazpiko Udalaren babesa lortu duzue.
Lehenengo Urretxukoarena lortu genuen, gero Zumarragakoarena eta orain Legazpikoarena. Erabakia har-tzea kostatu zaie, baina azkenean pausoa eman dute.
Zer lan egin duzue urte hauetan guztietan?
Eskualdean herri sahararrak bizi duen egoera ezagutzera eman dugu eta herritarren artean haurren harrera bul-tzatu dugu. Gainera, urtero janari bilketa antolatzen dugu.
Zenbat haur ekarri dituzue elkartea sortu zenutenetik?
Ia urtero berberak etortzen dira, gehieneko adinera heltzen diren arte. Neska bera bosgarrengoz etorriko da nire etxera uda honetan. Urtero hamar eta hamabost haur artean ekartzen ditugu, ez bakarrik eskualdeko familietara. Aurten, esaterako, guk ekarritako haur batek Segurako familia baten etxean igaroko ditu oporrak.
Zenbat lagun zabiltzate Hare Haizea elkartean?
Astearte gauero lauzpabost lagun elkartzen gara. Astero dago zereginen bat, kafea hartzea besterik ez bada. Urte amaieran janari bilketa antolatzen hasten gara: eskoletara eta dendetara joan behar da laguntza eskatzera, jasotakoa fardeletan bildu behar da eta fardelak bidali behar dira. Ondoren, haurren harrerari dagokion lanarekin hasten gara. Haurrek irailean alde egiten dutenez, urte osoan lan egiten dugula esan daiteke.
Zuenaren moduko beste elkarteek, bestelako lanik egiten al dute?
Guk janaria bidali eta haurrak hartzen ditugu, baina beste batzuek elkartasun egitasmoak ere abian jartzen dituzte. Oraindik ez dugu halakorik egin, gurean familiotako amek bakarrik lan egiten baitugu. Dena den, egunen batean elkartasun egitasmoren bat babestea lortuko dugu. Ziur naiz.
Zer moduz erantzun diote familiek aurtengo deialdiari?
Oso ondo, dagoeneko hamaika sendiren eskaera jaso baitugu. Dena den, norbait gehiago haur bat hartzeko prest badago, oraindik garaiz da.
Zer esango zenioke jendeari animatu dadin?
Haurrak handik atera behar direla. Gainera, harrera familiontzat ere oso esperientzia aberasgarria da. Nik seigarrengoz jarraian hartu behar dut haur bat eta luzaroan jarraitzeko asmoa dut. Ez dago askoz gehiago esan beharrik. Familia guztiak primeran moldatzen gara elkarren artean, lagun taldea gara eta uztaila noiz iritsiko irrikatan naiz.
Zure semearentzat ere esperientzia positiboa izango da.
Endika bere laguna noiz iritsiko zain da. Seme bakarra da eta etxean beste ume bat egote hutsa gauza handia da berarentzat. Duela gutxi ea zenbat haur ekarri behar ditugun galdetu zidan…
Zer ekimen antolatu dituzue Afrikatik datozen haurrentzat?
Beraiei igerilekura joatea eta bizikletan ibiltzea gustatzen zaie gehien. Aurten, Senda Vivara ere eramango ditugu, asteburu pasa. Donostiara joaten gara, Udalek antolatzen dituzten udalekuetan parte hartzen dute…
Gainera, mediku azterketa egiten zaie.
Zer egin behar dute bizilagunek zuekin harremanetan jartzeko?
Elkarteko kontaktu telefonoak honakoak dira: 685 729 507, 675 711 832 eta 675 711 839. Jendea inongo beldurrik gabe deitzera animatu nahi dut.
Bukatzeko, zenbatetan izan zara Saharan?
Bitan bakarrik. Baina ziur itzuliko naizela. Geroz eta okerrago bizi dira. Laguntzak murriztu dizkiete eta gazteak borrokarako gogoz dira. 17 urte pasatu dira su-etena hasi zenetik eta gauzak ez direla aldatzen ikusten dute. Batzuk gerraren alde daude eta besteek alde egin nahi dute. Beste errealitate bat ezagutu duenak, ezin du hango bizimodua jasan.