Pareko eskuak trajearen jabea den emakumearenak dira. Pareko eskuetako eraztunak zilarrezko ezteiak bete ditu behatz horretan. Pareko eskuek zerbait esan nahi didate. Emakumeak inon kabitzen ez zaizkiolako-edo gurutzatzen ditu. Hasiera batean, telebistako emakumezko aurkezleek pausatzen dituzten moduan daudela ematen du. Eskuinekoak ezkerrekoa mendean hartu du, fin eta leun. Baina azkarregi oldartu da ezkerrekoa, eta ez hain fin eta leun.
Biak larru marroizko poltsa baten gainean daude, hasiera batean, ahuspez etzandako ostruka bat osatzen dutela ematen du. Hala ere, ez nuke esango lasai lo dagoenik. Amets gaiztotik ihesi hegoak mugitzen hasi baita hegaztia. Pareko emakumearen hatzek ez dakit zer harraskatu nahi duten, baina batere kulparik ez duen larru marroizko poltsari ari zaizkio atzamarka.
Eskuineko eskuaren, ezkerrekoaren, eta larru marroizko poltsaren azpian, igandetako prakak daude, beltz-beltzak. Punta karratuko zapata batzuen gainera erortzen dira, meneko. Larruzko poltsaren kolore berekoak dira oinetakoak. Txukun baina eroso etorri nahi izan du emakumeak. Medikuarenera etorri bada, kontsulta arrunt bat egitera etorriko zen. Gaixotasun larriren batek ekarriko balu, ez bailuke erosketekin hainbeste poltsa betetzeko animurik izango. Hilabetean behin elkartzen diren lagunekin kafea hartzeko soilik etorri balitz, ez lituzke eskuak halako urduritasunez mugituko. Ez dakit zer kendu nahi dien eskuei, zer desagerrarazi nahi duten, zer duten garbitzeko. Ez dakit bere eskuetan utzi dudan nire ostrukak zer esan nahi didan.
Izan ere, aldi berean, hegaldia hasi nahi duten hegoak eta lurperatuak izan nahi duten atzaparrak dirudite. Orain ihesi, orain zerbaiti lotu nahi zaizkio. Orain ostruka, orain haitzari lotutako hamar sugandila dirudite. Izan ere, sugandilek haitzari bezala eusten diote hamar hatzek zerbaiti. Zerbait hori nire mugikorraren tamainakoa da. Zerbait hori, bihotza irten behar zaigula sentitzen dugunean bezala irteten da poltsatik, nabarmen. Printze txikiaren boak jandako elefantea bezalakoa da. Inork ez dio deitzen eta geldirik dago. Ez dakit zer gordetzen duen poltsan ezkutatu nahi izanagatik agerikoa den mugikorrak. Ez dakit zergatik gorde nahi duen. Ez zaio taupadarik entzuten, baina emakumea dei baten zain dagoela agerikoa da. Ni bezala. Larruzko poltsaren, emakumearen esku urdurien, eta igandetako praka beltzen artean beste norbait badago.
Plastikozko poltsa eta loredun aterkitik jaiotako errekatxoaren artean, oraindik, nire oina dagoela, eta nekatzen hasita gainera, adierazten dit bere dardarak. Emakumearen eskuek ere ezinegona duten arren, ez dute besorik luzatzen bere bataio, jaunartze edo ezkontza baterako ilusioak jasotzeko. Cuestako poltsan gordetako trajea zeinen gutxi inporta zaion momentu honetan! Emakumearen gerria aulkira itsatsita dago, bere eskuak poltsako mugikorrera bezala. Bera ere, plastikozko poltsak plastikozko aulkietatik bezala amilduko ote den beldur da. Trenetako aulkiak gogorregiak dira deskantsurako.
Dei garrantzitsu baten zain nago eta… – entzun dut.
Nire ostruka, emakumearen eskuetatik altxa eta emakumeari aurpegira begiratzera ausartu da: oinetakoen gainean dudan trajearen jabearena da, dudarik gabe. Nik eta berak gaur berdin jantzita ditugu begiak, eta ez da udaberriko berde argi kolorez preseski. Badirudi hirurogei urteren bueltan, hogeita hamar urte txarrenak eguneratu dizkiola zerbaitek. Eta hortik aterako duen beste zerbaiten zain dago bera ere.
Ez nuke galdu nahi, bada ezpada.- Ni bezala dei baten beldur da, baina ez du dei hori galdu nahi. Gero erabakiko du erantzun ala ez.
Berak ere badaki trena galdu nahi izatea eta trenari ihes egiten uztea ez direla gauza bera. Sakon-sakonean, nik galdu egin nahi nuen; baina ez nion ihes egiten utzi nahi. Ostrukak eta sugandilak aldi berean: batetik, burua lurpean eta hegoak astinduz, eta, bestetik, lurraren gainetik eta honi atzamarka.
Ez dakit zergatik erreparatzen diedan kontu hauei. Denbora libre gehiegi izateagatik izango da. Ez dakit erreparatu beharko niekeen ere. Seguru aski ez diote onik ekartzen nire osasunari. Gainera hori guztia baino sinpleagoa naiz: ohituragatik-edo korrika sartu naiz geltokira; ni igo arte ez dira itxi treneko ateak, automatikoki; eta honegatik guztiagatik, nahi edo ez nahi etxerako bidean nago orain. Hortik aurrera, nori inportako zaio lehenengo bagoian, bigarrenean, laugarrenean edota komunean nagoen!
Hobe nuke bertan banengo itsasoak gogortutako aurpegia garbitzeko. Kresalak malkoak erre dizkit eta malkoek masailak. Masailek hortzak eta denak gazi puntua du. Edonola, nork erreparatuko dio betiko bidaia-lagunekin nagoen edo nire buruari entzuten lanak ditudan! Niri ere gutxi axola zait: berandu iritsi naiz, azken aurreko bagoian sartu ahal izan dut justu-justu, eta, lagunak lehenengoan esertzen diren arren, bagoia gainezka egonda, ez daukat eserleku segurua arriskatzeko asmorik. Edo, agian, gehiegi axola zait oraindik. Horregatik nahiago dut nire ezinegona besteen eskuetan uztea. Nire ostrukak bigarren aldiz begirada emakumearen eskuetatik altxatzeko indarrak atera behar ditu. Zeinen zaila den txarolezko begiek txarolezko begiekin topo egin eta ez ixtea! Elkarren barne pelikulak islatzen zaizkigulako-edo.
Izan ere, besteren begietatik zeinen desberdinak eta berdinak bihurtzen diren trenak bagoi bakoitzean! Honetan, geltokira lasai eta patxadaz iristen den jendea dago. Eta ni. Bagoi honetan erritmo lasaikoa da pelikula, itxuraz. Lasaiagokoa izango litzateke baldin eta eserlekuak eroso eta bigunagoak balira, eta ez plastiko gogorrekoak. Eserlekuen arteko distantziak ere ez du begiradak eusteko asko laguntzen; inbasibo bihurtzen dituela, alegia. Hanka luzeak dituztenek elkarren pausoak zapaltzen dituzte konturatu gabe. Baina hain luzeak ez ditugunoi ere, nonbait sartu behar direla-eta gurutzatu egiten zaizkigu zangoak. Ihesaldiak eragozteko-edo.
Burua altxatu, gerria tolestu, besoa luzatu eta plastikozko poltsaren zamatik liberatu behar dut nire eskuin zangoa. Bestela esanda, plastikozko poltsa plastikozko aulkira jasoaz animua altxatu behar diot pareko emakumeari.
Bere begietan nire tragikomedia ikusteko beldurra gainditu behar dut bukatu dela adierazten duten txaloak entzun aurretik. Berriz begietara begiratzera ausartu naiz. Bigarren aldia da eta begirada ez da iheskorra izango, ez du inbasiboa izateko helbururik ere, eta badirudi hitz egiteko baimena eman diodala.