Zer nolako jokalaria zara?
Ezkertia naiz eta atzelari jokatzen dut, baina beti erasokorra izan naiz. Ez zait batere gustatzen atzean gelditzea. Hori dela eta, batzuetan errietaren bat entzutea tokatzen zait. Izan ere, nire lehenengo lana defenditzea da.
Zer ibilbide osatu duzu orain arte?
Urolaren txapelketa jokatu nuen eta euren futbol eskolarako hartu ninduten. Urtebete ondoren, federazioak deitu zidan eta gero Realak. Urte erdi eman nuen eurekin entrenatzen; txapelketa batzuk jokatu nituen, tartean Canal + katearena; baina ez zidaten liga jokatzeko deitu. Hori dela eta, Urolara itzuli nintzen. Handik bi urtera, 2001ean-edo, berriro deitu zidaten. Xabier Jorge eta biok joan ginen hemendik.
Zubieta ondo ezagutzen duzu, beraz.
Bai, bai. Zubietako guztiak ezagutzen ditut eta familia giroa dugu bertan. Oso giro ona dugu. Noizean behin tentsio uneren bat egotea normala da, baina oso gustura nago. Gainera, aurten denboraldia jubenilekin hasi dut, baina urtarrila geroztik Sanserekin ari naiz. Oso ondo hartu ninduten. Dena oso polita izan da, baina oso azkar joan da eta asimilatzeko zaila da. Dena den, ondo eraman dudala uste dut. Gustura egoteko moduko urtea izan da niretzat.
Gainera, lehen taldekoekin entrenatzeko aukera izan duzu. Zer sentitu zenuen berria eman zizutenean?
Asteazken goiz bat zen. Sanserekin entrenamendua nuen, baina hasi baino hamar minutu lehenago entrenatzaileak lehen taldearekin aritu behar nintzela esan zidan. Partida bat jokatu behar zuten eta Garrido min hartuta zegoen. Bigarren zatian sartu nintzen eta ezkerreko erdilari postuan jokatu nuen. Geroztik hamar bat aldiz entrenatu dut beraiekin. Elustondo, adibidez, lehen taldearen aldagelara pasatu dute jada; baina ni bigarren taldeari dagokionean aldatzen naiz.
Zer moduz moldatu zara lehen taldeko jokalariekin?
Ondo, giro ona baitago. Oraindik ez dut hartu nautenik esaterik, baina ondo moldatu naiz. Euren arteko giroa esaten den bezain ona da. Nahiko gaizki ibili dira, baina entrenamenduetan giro ona ikusi dut. Lotina ere nahiko jatorra da: lana egin behar denean serio egoten da eta bromak egin behar direnean bromak egiten ditu.
Euskaraz hitz egiten al duzue?
Ansotegi, Aranburu eta horiekin euskaraz egiteko aukera dut eta baita egin ere. Etxekoon artean euskaraz egiten dugu.
19 urtetik azpikoen Espainiako selekzioarekin ere hasi zara.
Euskadikoarekin hiru urte daramatzat eta Espainiakoarekin aurten hasi naiz. Bi partida ofizial jokatu ditut eurekin. Guztira bost. Realako giroa eta Espainiako selekziokoa oso ezberdinak dira, baina han ere moldatu egin behar eta gustura naiz. Giroa hotzagoa da, jende oso ezberdina baitago eta oso gutxitan elkartzen baikara.
Bi partida ofizial jokatu dituzu.
Europako txapelketarako sailkatzeko balio izan dute. Gure taldean Azerbaijan, Norvegia, Islandia eta gu geunden eta sailkatu egin gara. Txapelketa udan jokatuko da, baina oraindik ez dakit joango naizen. Itxaropena badut behintzat. Oporrik gabe geldituko nintzateke, baina esperientzia berria litzateke.
Horren denbora laburrean halako saltoa ematea espero al zenuen?
Denboraldia jubenilekin hasi nuen eta nire asmoa jokatzea zen. Dena ematea eta urte on bat osatzea, besterik ez. Sanse azaroan hasi zen jubenil taldeko jendea entrenamenduetarako hartzen. Halako batean, eurekin partida jokatzea tokatu zitzaidan. Egia esan, ondo jokatu nuen.
Zelaian hizketan bezain lasaia al zara?
Ez naiz urduri jartzen den horietakoa, baina lasaia ere ez. Urolan eta Realeko lehen urteetan urduriago jartzen nintzen. Dudana eman eta kito.
Ikastolako aldizkarian futbola serio hartzeko garaia heldu dela esan duzu.
Iaztik hona nire pentsaera aldatu egin da. Dagoeneko hirugarren urtea nuen jubenil mailan eta taldean erantzukizunak hartzeko garaia zela pentsatu nuen. Zaharrenetakoa nintzenez, zelaian agindu eta beste rol batzuk hartu behar nituen. Sansera pasatu nintzenean, berriz, ahalik eta gehien saiatu behar nintzela argi ikusi nuen. Ea zer gertatzen den!
Zenbat urterako kontratua duzu?
Beste bi urterako kontratua dut eta Sansen segituko dudala esan didate.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Lehen taldera salto egiten eta futboletik bizitzen saiatu beharra dut. Sansen dena ematen saiatuko naiz. Hurrengo denboraldia oraingoa bezain ona izatea zaila izango da. Nire helburua Realarekin Lehen Mailan jokatzea da. Etorkizuna etxean ikusten dut. Kontratua amaitu ondoren jarraitzeko aukerarik izango ez banu, beste zer edo zer bilatu beharko nuke.
Harrobiko gazteek lehen taldera salto egiteko orain arte baino aukera gehiago izango dituzuela uste al duzu?
Lehen Mailatik Bigarren Mailara jaisteari ez diot ezer onik ikusten. Harrobiarentzat Bigarren Mailara jaistea hobea ote den? Nik nahiago nuke taldea Lehen Mailan egotea. Nahiago dut lehen taldeko batzuek Reala utziko duten ez pentsatu. Etorri behar dena, etorriko da. Eguneroko lana egin eta kito.
Futbola serio hartzeko garaia dela esan duzu, baina ikasketak ez dituzu albo batera utzi nahi.
Enpresaritza ikasten ari naiz. Urtea ez da nahi bezain ondo joan, baina ulertzekoa da. Abuztuan ikasi egin beharko dut… Behin Sansen, futbolak lehentasuna du. Momentu hau, aukera hau, aprobetxatu beharra dut. Ikasketak aurrera aterako ditut, sei urtetan ez bada zazpitan.