Azken aurreko bagoitik zetozela, trenaren kontrako norabidean, seguritateko mutilak azken bagoian sartu ziren arte. Aldizkarien irakurleak autoritate pixka bat egozten zien oraindik. Horregatik, bada ezpada, bi gizon puska horiek zerbait esan aurretik, irudimenari esker berriz ere, bere bagoiko txinatar guztiei begiak estutu eta ireki zizkien, eta hiru kontatu aurretik gelditu eta aulkietan esertzeko ordena eman.
Parera zetozkion seguritateko mutilen artean, lehenengo zihoanak bide bera askotan egin duenaren ziurtasuna zeraman. Bigarrenari ordea, ziurtasun hori duenaren itxura eman nahia gehiegi nabaritzen zitzaion. Begiradak salatzen zuen: berria zen. Trajea bera ere grisegia eta horiegia zen; garbitu gutxi zituela, alegia. Eskerrak esperientziadun lankideak pausoa pixka bat moteldu eta adiskidetasun kolpe bat eman zion bizkarrean. Eta bide batez, bizkarra zuzendu eta birikak eta bularra puzteko agindua eman zion. Ez irudimenarekin preseski.
– Azkenean! Hemen da astegunero trenera igotzeko begiak ematen dizkiodan neska. Ile beltz-beltza duen hori da. Gaurkoan ni noa beregana. Ezin naiz urduritu. Ez nago urduri.– bere betiko habitatetik kanpo ederrago dagoela iruditu zaio, oraindik bizkarrez soilik ikusi badezake ere.– Ile luze kizkurdun horren ondokoa?
– Bai, hirurogei urte inguruko emakume horren parean dagoena.
– Haserre dagoela dirudien mutil ilehori horren pareko neskatila ile kizkurdun politaren alboan dagoena? – datu garrantzitsuak eman zituen, hitz egiten ari ziren neskaren alboan dagoen neska hartzen du erreferentziatzat, badaki hau polita dela eta pareko mutil ilehoria haserre dagoela indartu nahi du.
– Bagoiko neska politena dela esatea nahikoa zen, gizona!
– Bietan zein, baina? Ile belzduna ala ile kizkurduna? Cuestako poltsa duen begirada arduratuko emakumearen eta haserretutako mutil ilehoriaren parean daudenei buruz ari gara biok, ezta? – seguritateko mutil izateak lanorduetan tankerako jolasekin dibertitzeko aukera eskaintzen du.
– Bietan politena, emakumearen parekoa izango da, ile beltz-beltza duena, ez du politagorik, ikusiko duzu parean pasatzean.
– Ni ile kizkurdun neskatilarekin konformatu beharko naiz, beraz. Horrek ere polita izan behar du. Parean duen haserretutako begirada duen mutilak itsustuko ez balu… – haserre ikusten zuen berak ere amorruz begiratzen ziolako.
– Adorez josiko naiz, eta gaurkoan bai, geltokian etorriko zen edo etorriko ez zen dudatan nengoenean, hurbiltzeko aukerarik ez nuela galduko egin dut promes.
– Haserre dagoela dirudien mutil horren begirada ezaguna egiten zait…
– Mutil laguna izango du eta, gu bezalako bi gizonekin bere neska galtzeko arriskua ikusi du! – erdi bromatan esan du, baina lankide berriak benetan hala pentsatzen ote duen…
– Zuk uste? Maitemindu begiak ikusten dizkiozu mutil horri? Ez dute gureekin konparaziorik! – ile kizkurdun neskaz maiteminduta dagoela iradoki nahi zion lankideari. Honek berriz ez dio gaian sakontzeko betarik eman.
– Zuk niri segi. Gaur izango da eguna. Ezin naiz urduritu, ez nago urduri, ez zait urduri nagoenik nabarituko… Bizkarra zuzen, burua tente eta pausoa luzea. Tranpalean geratuko gara, ados?
Seguritateko mutilak errepideak gurutzatzerakoan bezala bi aldeetara begiratzen zuten bidaiarien artetik pasatzean, baina lepoaren mugimenduek salatzen zituzten: ezin zien ezer asko ikusteko astirik eman. Lankide berriak, ile kizkurdun neskatilari eskaini zion begirada luzeena. Hasiera batean begirada ziurrena zuenak egunero trenean igotzen ikusten duen ile beltzeko neskari. Seguritateko mutil esperientziaduna txoratuta duen ile beltzeko neskak burua altxa eta parean duen hirurogei urte inguruko emakumeari. Aldizkarien atzean ezkutatuta zegoenak letretatik altxa zituen begiak. Aldizkarien gainetik begiratzea hirugarren plazer handia da seguritateko mutilak datozelako txinatarrak eserarazi behar direnean.
– Ezkondu zinen egunean baino maiteminduago…
– Bai…. – irribarrea izan da erantzunaren parterik handiena. Ile beltz-beltzeko neskak ez daki begirada arduratua eta Cuestako poltsa gainean dituen emakumeak isiltasuna eskatzen dion edo ahazteko hitz egin nahi duen.
– Pozten naiz. Zugatik. Eta nigatik ere bai: bizitza osorako maitasuna posible dela sinesteko probatzat hartuko zaitut. – Irribarrea bakarrik izan da oraingoan emakumearen erantzuna. Eta orain emakumeak isiltasuna eskatzen diola badakien arren, neskak ez ahazteko hitz egin nahi du – Maitasunaz gogoetan pasa dut eguna. – maitasun gogoetan esan behar luke beharbada.
– Adin horretan… Nik beste gauza batzuk ditut orain buruan… – poltsako mugikorrari atzamarka egiten dien eskuei, bularrari eta begirada arduratua duen emakumearen aurpegiari begiratu dio neskak.
– Ez da ezer izango. Zaude lasai. Ez dizute Osakidetzatik deituko.
– Senarrari deitu beharko nioke, ezta? – Batak ez du Osakidetzatik dei diezaioten nahi eta senarrari deitzea eragozten dio duda edo beldur honek. Besteak, geltokira bila ez etortzeko eskatuz telefono dei bat egin nahiko luke, ez diote telefonorik hartzen, inork ez zuen geltokira bila joateko asmorik…
– Ni zu banintz, deitu nion dagoeneko! – hartuko balio behintzat.
– Erraza da esaten, baina…
– Arrazoi duzu, errazagoa da esaten!
Seguritateko mutilak tranpalera iritsi ziren. Eskuak poltsikoan zituzten. Bidaia hartako lanak bukatutzat emango balituzte bezala. Seguritateko mutil berriak ilekizkurdun neskatila politaren begirada sentitu nahi izan zuen bizkarrean. Esperientziadun lankideak proposamenenen bat egin nahi zion neska beltzaranarena. Baina esperientziaduna alferrik puztu zen eta seguritateko mutil berriari mutil ilehoriaren begirada haserretua soilik giltzatu zitzaion. Aldizkarien atzetik, aldizkarien gainera urrats bakarra badago, ikusten dena bertatik haratago eramatea oso erraza izaten da, irudimenari esker. Intseguritate, jelosia eta beldurrezko elkarrizketak irudikatzea txinatarrak saltoka jartzea baino errazagoa da. Hori da trenetan bidaiatzearen laugarren plazera. Eta gainera, seguritateko mutilek ez diote horri erreparatzen.
– Hemen ere zerri hori ikus behar ote dugu? – mutil ilehoria benetan dago haserre.
– Zaude lasai, bere lana egiten ari da, eta ez da gehiago hurbilduko.
– Konturatu al zara zu begiradarekin jan zaituela eta ni hil nauela?
– Ez da hainbesterainokoa izan!
– Hori gainera? Zer dela eta agoantatu behar dugu zure mutil-lagun ohia zure urtebetetze eguna ospatzera landa-turismo batera goazenean?
– Kasualitatea izan da, ez iezaiozu duena baino garrantzia handiago eman.
– Kasualitatea? Ez zenion bada zuk esango? Horixe bakarrik behar genuen! Ez nuen uste horrelakoa zinenik!
– Mesedez! Bere lana egiten ari dela ikusi?
– Orain ere begirik kendu gabe izango duzu begira ezta? Zerri halakoa! Ezin ditut bere begi lizunak zure gainean imajinatu! Probokatzaile hutsa da.
Seguritateko mutil esperientziaduna ile beltz-beltzeko neskari eta lankide berria neskatila ilekizkurrari begira geratu ziren tranpalean. Zutik, baina eserita baino geldiago.
– Zuri bere ondoko neskatila ilekizkurra gustatzen zaizu…Treneko maitasunak gogorrak dira eh gazte! Nik abisatu dizut…
– Horregatik ezin dugu gaurtik pasatzen utzi. Mugikorrera deituko diogu.
– Ez dut ordea bere zenbakirik. Eta horrela hotz-hotzean ezingo diot eskatu, ezta?
– Bluetooth-ak erraztuko digu lan hori.
– Nola esan duzu? Zer da errepikatu ere egin ezin dezakedan hori? Erromantizismo dena galdu dute maitasun-erlazioek…
– Nik bere telefono zenbakia lortzen lagunduko dizut, gero erromantizismoa jarriko diozu zuk behar baduzu…
– Baina nori ari zara deitzen?
Mugikor bat hasi zen jo eta jo treneko azken bagoian. Irudimenaz saltoka jarri zituen txinatar guztiek begiradak gelditu, bularra puztu eta bizkarra zuzendu zuten. Cuestako poltsa zuen emakumeak senarra zen edo Osakidetzatik berri txarrekin ari ote zitzaizkion deika duda izan zuen. Ile beltzeko neskak espero eta nahi zuen deia zela sinesten segi nahi zuen, eta ez erantzuteko plazera bizi. Ile kizkurdun neskak mutil ilehoriaren begirada zuen parez pare ez hartzeko eskatuz. Aldizkariaren irakurleak seguritateko mutilei begiratu zien, berak bazekiela zertan ari ziren adierazi nahiko balie bezala. Alabaina, inork ez zion bere mugikorrari begiratu. Izan ere, mugikor guztiak dardarka hasiagatik trenak bere bidea jarraitu zuen burdinbidetik.
Amaia Artolazabal