Farmakoren bat hartzen ari bagara, arreta izan behar dugu eguzkiarekin, askok foto-sentsibilitate erreakzioak eragiten baitituzte. Bi motatako erreakzioak eman daitezke, fototoxikoak eta fotoalergikoak hain zuzen ere.
Fototoxia erreakzioek, eguzkiaren erredura gogor baten antza duten zauriak sortzen dituzte. Eguzki izpiekin kontaktuan dauden azaleko zatietan soilik ematen dira. Fotoalergia, berriz, sustantzia foto-sentsibilizatzaile eta eguzki izpien arteko konbinazioak erreakzio alergiko bat eragitean ematen da. Agerian dauden guneetan nahiz agerian ez daudenetan. Normalean azalean emandako medikamenduekin gertatzen da. Erreakzio hauek, eritema, erupzio ekzematosoak, azkura eta edema eragiten dituzte. Esposizioaren ondorengo 12-72 ordutan ematen dira. Erreakzioak eragiten dituztenak ugari dira. Aho bidezko antisorgailuak, hipertentsioaren aurkakoak, aknea eta psoriasiaren aurkakoak, antidepresiboak, antibiotiko batzuk… Eguzkitan jarri aurretik prospektuak irakurtzea komeni da eta baita, medikamentu hauetakoren bat hartzen ari bagara, pantaila totaleko kremak erabiltzea ere.
Izaro Soraluze
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide