Ordu erdi lehenagotik ere hasi dira bertan biltzen Hego Euskal Herriko lau txokoetatik etorritako gazteak. Berriz, Orkoien, Ermua, Gernika-Lumo, Bilbo, Hernani, Uharte, Gasteiz… herrixka txikiek zein hiriburuek izan dute, beraz, ordezkaritza lehiaketan. Deigarriena, zalantzarik gabe, Gasteiztik etorritakoen kopurua: izan ere, hamar taldeetatik hirutan egon dira Arabako hiriburuko ordezkariak, graffitiak hirian duen zale kopuruaren adierazgarri.
Esan bezala, bederatzi eta erdietan zen hitzordua, eta lehiakide guztiak puntual-puntual hurbildu dira. Hamarrak pasatxo jaso du materiala azken lehiakideak, eta berehala hasi dira Zearreta kaleko eta Astra lantegi zenaren inguruko hormak kolorea hartzen.
Aipatzeko moduko beste datu bat aurpegi berriei dagokiena da: aurreko edizioetan ez bezala, laugarren edizio honetako finalera lehiakide berri asko iritsi dira. Lehiatuko diren hamar talde eta graffitilarietatik laurentzat euren lehenengo finala izango da Gernika-Lumokoa. Aurpegi berri horiek parte hartzaileen arteko lehia areagotzeko balio izan du.
Lehiakideen adinari dagokionez, eta egunotan azaldu dugunez, lehiaketara zirriborroak bidali dituzten gazteak 18 eta 35 urte bitartekoak badira ere, finalean tarte hori murriztu egin da: gazteenak, Iñaki Herrero hernaniarrak, 18 urte beteko ditu aurten; eta zaharrenak, Ruben Martinez Orkoiendarrak, 29 egin berri ditu.
Esperientziadun finalistek beraiek ere nabarmendu duten moduan, ezin aipatu gabe utzi eguraldiaren eragina: iazko edizioan, euria izan genuen protagonista Tolosan, eta lehiakideek blai-blai eginda bukatu zuten eguna, etengabeko zirimiriaren eraginez. Aurten ere seguru gaude bustita amaituko dutela, baina oraingo honetan, gupidarik gabe jotzen duen eguzkiak eragindako izerdiaren ondorioz.
Baina dena ez da lehia eta norgehiagoka izan. 11:00etatik 13:30era Skate Parkean graffiti tailerra ere egin da. Ustekabeko arrakasta izan du tailerrak, eta datorren urteko parte hartzaileen harrobia izan dela aipatu dute arduradunek. Tailerrerako gordeta zegoen horman goitik eta behera bete da graffitiz, eta ikasleetako batzuek datorren urtean lehiatzeko zer eginbehar duten ere galdetzen ibili dira.
Finalista guztien maila ikusita, ez da batere erraza izan, baina lehiaketaren epaimahaiak erabakia hartu du dagoeneko, eta hauek dira Euskal Herriko IV. Graffiti Lehiaketaren irabazleak:
| 1. saria (1.500 euro): Garikoitz Arregi (Berriz) "Kolorez busti" Aurreko edizioaren irabazleak podiumari eutsi dio oraingoan ere. Epaimahaiak lana bakarka egin izanaren zailtasuna azpimarratu du, batez ere bere lanak duen xehetasun maila kontuan hartuta. |
2. saria (1.200 euro): Jabier Landa/Javier Murillo (Uharte) Artearen Iraultza Finalera iritsi diren lehenengo aldian saria lortu dute nafarrek. Koloreen nahasketa bizi eta aberatsa eta lanaren 'mural sobietikoen estiloa' nabarmendu ditu epaimahaiak. | |
3. saria (900) euro: Eneko Azpiroz Arantxa Txoperena Iruña-Gernika Aurpegiaren zailtasun teknikoa nabarmendu du epaimahaiak bikote nafarraren lanari dagokionez. |
Argazkiak: Iñigo Azkona