Igual arrazoi dute: Abaigarrerakoan, autobusean bitan egin bainuen botaka. Baina zuek badakizue orain, mutil handia egin naizenetik, apenas egiten dudala automobilean. Iñigo monitoreak ia urduri nengoen galdetu zidan. Zuekin urduri jartzen ez naizelako izango da. Ez naiz aspertzen hemen, baina urduri nago oraindik. Zu ni lasaitzen ere aita baino hobea zara. Eta beste gauza askotan, mapak egiten izan ezik. Iñigo nire monitorea da, indartsua eta jatorra. Taldekideok apustua egin dugu: Iñigo monitoreak dio guztiok batera hartuko gaituela besoetan, eta guk ezetz. Horregatik asko jaten ari gara. Pisua hartzeko. Baina nik etxeko dilistekin amesten jarraitzen dut. Eta ez nuke jakingo aitarenak edo zureak diren hobeak esaten. Bionak dira hemengoak baino goxoagoak, baina apustua dela eta platerak garbi uzteko tratua egin dugunez… Nire izen ona eta ohorea dago jokoan. Nola mareatu nintzen…!
Iñigok lehenengo, urduri nengoen ala ez galdetu aurretik, ia ondo nengoen esan zidan. Kolore txarra izango nuen. Berdea jartzen naiz mareatutakoan. Txikia nintzenean jartzen nintzen. Handitu naizenetik ez bainaiz mareatzen zuk gidatzen duzunean. Iñigori ez nengoela urduri esan nion arren, egia da botatakoan bakarrik hartu nuela deskantsua. Eta ez nintzela zikindu ikusitakoan pixka bat gehiago lasaitu nintzen! Baina oraindik ez nago zurekin, kotxean, mareatzen ez naizenean bezain lasai. Zenbat egun beharko ditut? Noiz ahaztuko zaie mareatu egin nintzela, botaka egin nuela, eta noiz utziko diote adarra jotzeari? Zenbat dilista eta pure berde jan beharko ditut? Iñigok bazekin zergatik egiten zuen apustua: bazekien bestela ez genuela platerekoa bukatuko. Iñigok inozoak garela uste du ala? Ez da hain jatorra, ez pentsa.
Ama, eskerrak motxilako poltsiko txikian gozokiak sartzea okurritu zitzaizun. Mareatu nintzenean asko jan behar izan nituen ahoa eta urdaila goxatzeko. Hura zen botaka egin nuela gogoratu beharra! Horregatik ez dut uste udalekuak bukatu arte iraungo didatenik. Pure berdearen ondoren ere jan behar izaten ditut batzuk. Goragalea jartzen zait bestela. Ezkutuan jaten ditut, komunean: ez mareatzeko bezain gizontxo eta emakumetxoak badira, ez dute gozokirik behar, ezta? Gainera, bestela, gozokiak dauzkadalako bakarrik utziko diote igual niri adarra jotzeari. Edo beraiek ere pisua irabazteko jan behar dituztela-eta, nireak bakarrik diren gozokiak taldearen ondare izatera pasatzeko proposamena egingo dute. Edo bi eskuak bizkarrean lotu, ahoan zapi bat jarri eta nire motxila irekiko dute bila eta bila ibiliko dira. Umeak oso krudelak izan daitezke.
Denok batera egiten dugu lo literaz betetako gela handi batean. Pilatuta. Gainera, gauak etxekoak baino ilunagoak dira. Inork ez du zurrungarik egiten, baina batzuk oso sakon arnasten dute. Eta ni beldurtia ez banaiz ere, nahiago dut komunera bakarrik ez jaiki. Beldurra ematen dit pisagurea izateak: izarak bustita esnatzea autobusean botaka egitea baino okerragoa da, eta ez nuke jasango. Oraingoz, amonak bezala eguerditik aurrera ura edateari utzi diot. Igual, funtzionatzen ez badu, Lesakako Albertori ilunetan komunera joateko laguntza eskatzera ausartuko naiz bihar. Bestela, harri koxkor pilo bat hazi behar zait giltzurrunetan. Hori bai ez niekeela barkatuko. Albertori, gauen komunera laguntzen badit bai.
Destinoak elkartu gintuen. Ni botaka eginda gero makalik nengoen eta ez nintzen goiko litera hartzeko azkar ibili. Horregatik, Lesakako Albertoren ondoan egiten dut lo, Aramaioko Saioaren azpian. Albertok altuerei beldurra diela uste dut, gaur hala dela aitortzen badit, ilunetan komunera laguntzeko eskatuko diot. Saioa gustuko du. Oso polita da, udalekuetako neska politena Albertoren iritziz. Nire ustetan ere bai. Alberto maiteminduta dagoela esango nuke. Ez da ezer esatera ausartzen. Egia esateko niri ere pixka bat gustatzen zait Saioa. Baina Alberto oso maiteminduta dago eta ezingo nioke hori egin. Bera izan zen lehenengo gauean negarrez ikusi ninduen bakarra eta oraindik ez dio inori esan, nik dakidala. Egingo balu, ez nioke inoiz barkatuko.
Negar, benetan negar, lehenengo gauean bakarrik egin nuen. Zuk ere ez negarrik egin ama, nik jada ez dut egiten,. Berriz esango dizut lasaitzeko, bestela nire bila zatozenean mareatu egingo zara. Hamabost egun bakarrik dira eta lortuko dugu. Zuk pentsatu oso-oso ondo ari naizela pasatzen. Hala ez bada ere. Faltan botatzen zaituztedala da bakarrik. Asko. Gehiegi. Mareatu nintzelako eta oraindik erabat lasaitu ez naizelako; gozokiak bukatuko zaizkidan beldur naizelako… Amatxo, hau esaten ez badizut ez dut eskutitza inoiz amaituko: Abaigarrera iristeko mapa bidaltzen dizuet. mapak egiten aita eta zu haserretzerik nahi ez dudalako; bueltan zurekin joaten ez banaiz, urduritu eta mareatuko naizelako… Igual, hau irakurtzean nire bila etorri nahiko duzu biok gauetan negar egiteari uzteko. Oso ondo egongo naiz ni ere etxean.
Besarkada eta muxua bila etortzen zaretenean emango dizut,
Ander
Amaia Artolazabal