Gurasoek bultzatuta hasi nintzen, haurra izanda ez baita horren arrunta norbere kabuz bide hori hartzea. Behin hasiz gero, zaletasuna hartu egiten da. Gurasoak ez dira musika munduan ibili, baina zaletuak dira.
Zer ikasketa egin zenituen?
Solfeoa, pianoa, korala, armonia eta zuzendaritza ikastaroak egin nituen. Pianoa eta organoa jotzen ditut.
Nondik nora ibili zara musika munduan?
15 urterekin Goiargi abesbatzan abesten hasi nintzen. Gazteena nintzen, baina orduan orain baino askoz ere gizonezko gehiago zeuden. Goiargi ahots zurien abesbatza zen hasieran. Beranduago, mistoa bihurtu zen. Gizonezkoak 1984ko urria hasieran hasi ziren eta ni urria bukaeran sartu nintzen. Oso ondo hartu ninduten.
Non gehiago aritu zara?
Zuzendaritza ikastaroetan beste abesbatzetako jendea ezagutu nuen. Donostiako San Inazio abesbatzarekin eta Capilla Peñafloridarekin abestu nuen. Orfeoiaren hainbat egitasmotan ere parte hartu nuen. Orain Ondore koruan abesten dut. Nerea Urkiola emazteak ere Ondoren abesten du.
Parrokian organoa jotzen duzu.
Geroz eta gutxiago. Antonio Rey zenak parrokiako abesbatza zuzentzen zuen garaian, nik bertan abesten nuen. Zuzentzea eta organoa jotzea, aldi berean, ezinezkoa denez; berak abesbatza zuzentzen zuenean, nik organoa jotzen nuen. Egun, jo baino gehiago abestu egiten dut.
Bestalde, 1993tik hona Goiargiren zuzendaria zara. Nolatan hartu zenuen zuzendaritza?
Abesbatzaren ekimenez hasi nintzen zuzendaritza ikastaroak egiten. Garai hartan zuzendaria zen Xabier Barriolaren eskutik joan nintzen. Ordurako ordezkapenak egiten nizkion. Zuzendariz aldatu beharra suertatu zenean, deitu egin zidaten. Naturala izan zen.
Zein izan da zure ekarpena?
Besteek esan beharko luketela uste dut. Taldearen maila mantentzen saiatu naiz. Entseguetan elkartzen garen bakoitzean, ahalik eta lanik onena egiten saiatzen naiz. Taldeko lanak sekretu bakarra du: gogor eustea. Jendearen gainean egon behar da eta kontzentrazioa lortu behar da. Egitasmo interesgarriak bultzatu behar dira, partitura politak landu… Egiten den hori aberasgarria izan behar da jendearentzat. Denok ikasten dugu.
Abesbatzak une gozoa bizi al du?
Baietz uste dut. Helburua beti sasoian egotea izaten da, bai ahotsari dagokionez eta baita musikari dagokionez ere. Dena den, boladak izaten dira. Pertsonak gara eta guztiok gure kezkak ditugu. Batzuetan jende gutxiago etortzen da entseguetara, besteetan emanaldi gutxi ditugu… Horren guztiaren arabera, taldeko giroak gorabeherak izaten ditu. Une gozoa bizi dugu: gure arteko giroa ona da, badakigu zertara joaten garen eta lasai joaten gara. Gustura lan egiten dugu. Gure helburua gozatzea da, baina badakigu horretarako lan egin behar dela. Niri dagokidanez ere, oso gustura nago. Nire lana ondo ezagutzen dut eta badakit betiko gauzak modu ezberdinetara esan eta egin behar ditudala jendearen motibazioa bizirik mantentzeko.
Zeintzuk dira herri mailako abesbatza amateur bat zuzentzearen alde onak eta txarrak?
Ez diot alde txarrik ikusten. Zuzendariaren paperak ez du aparteko zailtasunik edo arriskurik. Kirol talde bat entrenatzea bezala da. Taldea denok osatzen dugu eta denok taldea ahalik eta ondoen aritu dadin lan egiten dugu. Nire ardura nola lan egin behar den zehaztea eta jarduna koordinatzea da. Halako talde handi batekin lan egiteko, gustuko dudana egiteko aukera eduki-tzea da onena. Zuzendariek abeslariek baino lan handiagoa izaten dute, entseguak prestatu behar baitituzte. Batzuetan lana pilatzen zait eta itota iristen naiz, baina amateurrak gara eta jendeak ondo ulertzen du. Denok dakigu zer eman dezakegun eta ez diogu elkarri gehiago eskatzen.
Zer nolako etorkizuna du abesbatzak?
Jendearen eskutan dago. Niri taldeak jarraitzea eta berritzea gustatuko litzaidake. Gaudenok ez gara betiko eta jende berria hartzeko irrikatan gaude. Talde guztiek geroz eta jende gutxiago dute. Ikusi egin behar etorkizunak zer dakarren!
Herritarrek zuek egiten duzuen lana eskertzen dutela uste al duzu?
Baietz uste dut. Jendea emanaldietara joaten da eta bere gertutasuna sentitzen dugu. Emaitza baloratzen dute, baina ez dakit atzean dagoen lanaren berri duten. Jendeak emanaldiez gozatzen du, baina gainontzeko lan guztia ez da ikusten. Eskenatokira igo eta abestearekin ez da nahikoa. Batzuek horretarako erraztasuna dute, baina gehienok ikasi egin behar izan dugu. Abesbatzako kideen %90ak ez du musika ikasketarik eta poliki-poliki ikasi behar izan dute.
Zein izan da Goiargi abesbatzaren ekarpen nagusia?
Herrian abesbatza dagoenetik, kontzertu guztietara jende gehiago joaten da. Horrek kultura munduari eta herriari gure ekarpena egin diogula esan nahi du. Bestalde, gainontzeko koruen kontzertuetara geroz eta jende gehiago joaten dela ikustea guretzat ere pozgarria da.
Abesteaz gain, Udazkeneko Musika Zikloa antolatzen duzue. Aurtengo ekitaldia hogeita bigarrena da eta igandean hasi zen.
Urtetik urtera gora egin du eta hori oso garrantzitsua da Goiargiko kideontzat. Urtero egitarau ona antolatzen saiatzen gara, baina ez dago beti gure esku. Egitarau bariatua egiten saiatzen gara. Lau abesbatza etortzen dira eta emanaldiak bata bestearengandik ezberdinak izatea nahi dugu.
Zer diozu aurtengo egitarauaz?
Sostoa abesbatzak euskal konpositoreen lanak eskaini zituen. Oso berezia eta interesgarria izan zen, abesti asko ez baitziren ezagunak. Bigarren emanaldia guk eskainiko dugu. Iaz, Mozarten urteurrena ospatzeko, erlijio-kantez osatutako egitaraua prestatu genuen. Aurtengoa, berriz, oso bestelakoa da. Udan Gorlizko habanera jaialdian parte hartu genuen eta aurtengo programa musika mota horren ingurukoa da. Hirugarren kontzertua Tolosako lehiaketan parte hartuko duen Esloveniako talde batek eskainiko du. Urtero ekar-tzen dugu Tolosara etorritako talderen bat. Maila horretako lehiaketetan munduko onenek bakarrik parte hartzen dute. Azkeneko kontzertua ere oso berezia izango da. Abesbatzak instrumentuen laguntza izango du. Taldea oso ona da eta muntaia oso polita.
Emanaldi askotara joaten al zara?
Saiatzen naiz, baina ez da erraza. Izan ere, denbora behar da. Dagoeneko Tolosakoekin harreman estua dugu. Duela asko ekin genion bertatik abesba-tza bat ekartzeari. Gainera, aspalditik joaten naiz bertako lehiaketako saioak entzutera. Tolosako lehiaketa mundu mailako erreferentzia da eta guri asko ikasteko aukera eskaintzen digu.
Denbora falta aipatu duzu. Aurten, gainera, Goiargiren 25. urteurrena ospa-tzen ari zarete.
Taldearen ibilbidea erakutsiko duen erakusketa prestatu nahi dugu. Ia dena azal-tzea nahi dugunez, materiala jasotzeko eta sailkatzeko denbora behar dugu. Bestalde, liburu bat eta DVD bat ere kaleratu nahi ditugu. Dagoeneko horietan lanean ari gara.
Aurtengoa oso urte berezia da zuen-tzat. Izan ere, urteurrena ospatzeaz gain, kultur etxe berriko egoitza estreinatu duzue.
Duela bi aste entseatu genuen lehenengoz bertan eta gustura aritu ginen. Inpresioa oso ona da, baina bertara egokitu beharra dugu. Zumarragako Udalak lokal horretan lehentasuna dugula esan digu. Orain arte, entsegu lokala beste talde batzuekin parteka-tzen genuen eta lanean hasi aurretik gure beharretara egokitu beharra genuen: aulkiak jarri, pianoa atera… Hemendik aurrera heltzea eta abesten hastea bat izango dira.