Zumarragan jaio nintzen eta nire aita ere bertakoa zen. Nire ama ez da hemen jaioa, baina bere ama bai. Eitzagakoa zen. Mutrikuko batekin ezkondu zen eta Pasaiara joan zen bizitzera. Aitona beti gaixo zegoen eta beste giro bat komeni zitzaiola esan zioten. Errioxara joateko asmoa zuten, baina emaztea bertakoa zuenez, Zumarragara etorri ziren. Amak 16 urte zituen orduan.
Zenbat anaia-arreba zarete?
Zortzi anaia-arreba gara. Aitak, bere anaia-arrebekin, enpresa zuen. Aitonak meritu handia zuen. Berak eta bere anaiak zumearekin lan egiten zuten eta Alemaniara joan zen makina batzuen bila. Etxean beti izan dira zumezko aulkiak.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Herrietako bizimodua oso atsegina zen. Mojetara joaten nintzen, guztiok elkar ezagutzen genuen… 1940an jaio nintzen eta, egia esan, ez nituen gerra osteko gabeziak ezagutu. Gainera, haurrek gauzak beste era batera ikusten dituzte. Errazionamendua eta ogi beltza ezagutu ditut, baina baita gainontzeko guztiek eskura ez zituzten gauzak ere.
Nolakoak ziren orduko ikasketak?
Batxilergoa 10 urterekin hasten zen eta lehenago Donostian proba bat pasatu behar zen. Nik Medranotarrekin eman nituen lehen urteak, laugarren maila bukatu arte. Meritu handia zuten, klase berean lau mailatako ikasleak baitzituzten. Ahizpa bakar batek ematen zituen ikasgai guztiak! Medranotarrek eskaintzen zuten herrian batxilergoa ikasteko aukera bakarra, baina 14 urterekin kanpora joan behar izaten genuen. Hori dela eta, oso gutxik egiten zuten batxilergoa. Medranotarrek 40 bat ikasle izango zituzten… Lehen hezkuntza, berriz, gehienek egiten zuten. Ondoren, mutilek lanbide heziketa ikasten zuten eta neskak bulegoetan lan egiteko prestatzen ziren: mekanografia, kontabilitatea, takigrafia… ikasten zuten.
Non bukatu zenuen batxilergoa?
Donostian, nire gurasoek etxetik gertu egotea nahi baitzuten. Barnetegi batean egon nintzen eta hilean behin etortzen nintzen etxera: trena dagoelako eta gurasoen baimena nuelako. Garai hartan, hiruhileko osoa barnetegian ematea zen ohikoena. Unibertsitate ikasketak Zaragozan egin nituen eta hiru hilabete ematen nituen etxera etorri gabe.
Zergatik joan zinen Zaragozara?
Euskadin ez zegoen ezer. Valladolideko Unibertsitate Barrutiaren menpe geunden. Jada institutuan nengoela, Valladoliden bilera izan genuela gogoratzen dut.
Argi al zenuen kimika ikasi nahi zenuela?
Ez. Garai hartan ez zegoen ezer argi. Laugarren maila arte ikasten genuen eta etxean aukera ematen baziguten bakarrik jarraitzen genuen. Anaia-arreba ia guztiok Unibertsitate ikasketak egin genituen eta bagenekien horregatik pribilegiatuak ginela.
Zer moduz moldatu zinen Zaragozan?
Barnetegi batean egon nintzen. Garai hartan neska bat pisu edo pentsio batera joatea pentsaezina zen. Pentsiotara mutilak joaten ziren. Bestalde, garai batean toki gutxi izaten zen Unibertsitateetan eta oso zaila zen sartzea. Askok urteak ematen zituzten akademietan Unibertsitatera sarrera prestatzen. Zaragozara heldu nin-tzenean, nire ikasgelan mutil asko suertatu ziren. Izan ere, ingeniaritza egin nahi zutenak zientzietako ikasturte bat egitera behartu zituzten. Aldaketa handia izan zen niretzat: 17 urte nituen, mojen barnetegi batetik heldu nintzen eta 20 urtetik gorako mutilez inguratuta nengoen…
Non hasi zinen lanean?
Ikasketak bukatu ostean, laborategi batean aritu nintzen. Etxetik kanpo urte asko neramatzan eta halako batean etxera itzultzea erabaki nuen. Atsekabe handia hartu nuen Urretxuko institutu berrian niretzat tokirik ez zegoela jakin nuenean. 1966an ireki zen eta nire ahizpa batek bertan tokia lortu zuen, baina ezkondu zenean Alemaniara joan zen. Nik, berriz, egunkarian Azpeitiko institutuan zientzia irakaslea behar zela zioen iragarkia ikusi eta deitu egin nuen. Egia esan, ez nekien bertan institutua zegoenik. Harritzekoa zen, Urolako trena genuenez, inguru hartara askotan joaten baikinen. Nire ustez, Falangearen Frente de Juventudes delakoarekin lotura zuen eta horregatik ez zen ezaguna. Urtebete bakarrik eman nuen bertan eta jarraitzeko asmoa nuen, baina hemengo institutuan tokia lortu nuen.
Alde handia nabaritu al zenuen Azpeititik Urretxura?
Azpeitian jendea euskalduna zen eta errespetu handia zien irakasleei. Dena den, Urretxukoan ere oso arazo gutxi izan dira urte hauetan guztietan. Jatorri eta kultura ezberdineko jendea zegoen eta horrek guztien integrazioan lagundu zuen.
Institutuaren sorrera ederki asko ezagutzen duzu.
Historia luzea du. Egungo lizeoa lehen institutua zen. Zumarragako alkateak bere aukera herriko ur hornidura hobetzeko edo institutua irekitzeko balia zezakeen eta hezkuntzari lehentasuna eman zion. Hori dela eta, uraren arazoa 10-15 urtez luzatu zen Zumarragan. Herritar heziek uraren arazoa azkar konponduko zutela pentsatu zuen. Ministerioak herri garran-tzitsuetan bakarrik ematen zuen institutua irekitzeko baimena. Udalek lursaila utzi behar zuten eta Hezkuntza Ministerioak eraikina egiten zuen. Hemen, herri txiki samarra izanik, erraztasun gehiago eman zituzten baimena lortzeko. Lursaila etxebizitza sustatzaile batek utzi zuen eta eraikina Orbegozok egin zuen.
Nola izan zen hori?
Herri erdian lursaila behar zen eta hori hautatu zen. Artasoro bat zegoen, nire aitaren familiarena. Lurra erosteko asmoa azaldu zieten eta, alde batetik desjabetzearen beldur zirelako eta bestetik ikastetxe bat egiteko zelako, bere salneurria baino merkeago saldu zuten. Irungo Contratas y Viviendas enpresak erosi zuen 10.000 metro koadroko lursaila. Enpresak udalekin hitzarmena sinatu zuen: 6.000 metro institutuarentzat utzi zituzten eta trukean udalek etxe orratza egiten utzi zieten. Gainera, udalek Zumarragara zubia egiteko konpromisoa hartu zuten. Zergatik? Zumarragan Urretxun baino askoz ere gehiago eraikitzen zen eta etxe orratzaren ondoan Zumarragara pasoa eginez gero, eraikin horren balioa asko igotzen zen. Kontuan ere izan behar da garai hartan hura ez zela Urretxu erdialdea.
Zubia beranduagoa egin zen, ordea.
Itarte etxea emakume batena zen eta zubia dagoen tokian lorategia zuen. Hil arte hura uzteko eskatu zuen eta horrek zubiaren eraikuntza atzeratu egin zuen.
Eraikina Orbegozok egin zuela diozu.
Zortzi milioi pezeta kostatu zen, baina beranduago dirua berreskuratu zuen. Ministerioak, dena eginda eman ziotenez, institutua egiteko baimena eman zuen. Eurek langileen soldatak ordaindu behar zituzten eta kudeaketaz arduratu.
Institutua berehala txikia gelditu zen. Zergatik eraman zen Santa Barbara bidera jatorrizkoa handitu beharrean?
Ministerioak bigarren urtean 40 milioi pezetako inbertsioa egiteko asmoa zuen, baina horretarako lurra eta eraikina utzi behar zizkioten eta hori ezinezkoa zen. Zergatik? Contratas y Viviendasek ez zuelako lurra eman nahi zubia eraiki aurretik. Hori dela eta, Udalak Santa Barbara bideko lursaila aurkitu zuen.
Nolakoak izan ziren institutuaren lehen urteak?
Berehala txiki gelditu zen eta handitzerik ez zegoenez, barrakoiak jarri ziren. 1.200 ikasle izan genituen.
Gora joan behar zenutela esan zizutenean, nola hartu zenuten?
Goikoa behekoa baino askoz ere toki hobea da eskolak emateko. Beheko leihoek errepidera ematen dute eta ireki bezain pronto ez da ezer entzuten. Goikoa urrun dago, baina ohitu egin ginen.
Zein izan zen institutuaren ekarpena?
Lehen 14 urterekin hemendik atera beharra zegoen. Hori izan zen, hain zuzen ere, institutuaren ekarpen nagusia: guztiok berdindu gintuen. Institutura, ikastolara ez bezala, oso jende ezberdina joaten zen. Hasieran mundu guztia joaten zen, baita Orbegozoren alaba ere. Institutuari esker bi herri hauetan Unibertsitate ikasketadun jende asko dago.
Zer eman dizu zuri institutuak?
Jende asko ezagutzeko aukera eman dit, bestela ezagutuko ez nukeena.
Zertan aldatu da irakaskuntza urte hauetan guztietan?
Seguru aski, hasieran ikasleei zuka hitz egingo nien. Izan ere, niri ere hala hitz egiten zidaten irakasleek. Guk jasotako hezkuntza oso murriztailea izan da eta horrek asko baldintzatu gaitu. Espresibitate gutxikoak gara eta idazketa lanak egiteko zailtasun handiak ditut. Egun, berriz, haurrei espresiboak izaten eta euren sentimenduak adierazten irakasten zaie. Askoz ere askatasun handiagoa dago. Fakultatera joateko garaia heltzen denean, intelektualki ez daude lehen bezain heziak, baina psikologikoki eta sozialki askoz ere solteagoak dira. Pentsa, alde batetik mutilen institutuak zeuden eta bestetik neskenak. Medranotarrak aurrerakoiak ziren, neska eta mutilak elkarrekin baitzituzten. Bestalde, egungo ikasleek ez dute ikasteko aukera baloratzen. Irakasleei mesede egiten ari direla uste dute. Gizarteak familiak eta hezkuntzak baino eragin handiagoa du eurengan.
Gizartea aldatu dela ikusirik, hezkun-tzan eman zenituen azken urteak ez al zitzaizkizun gogorrak egin?
Momentu onean jubilatu nintzen. Azkeneko urteetan, gainera, zorte handia izan nuen. Ikasle nagusienak izan nituen eta gutxi, gainera. Gatazkatsuenak 14 eta 16 urte bitartekoak dira eta ez zitzaidan horiei eskolak ematea tokatu.
Azkenerako ez al zen nekagarria gazteen artean ibiltzea?
Gazteen artean ibiltzea ona da, baina azkenerako neure burua beraiengandik oso urrun ikusten nuen. Dena den, azkenaldi honetan irakasle gazteek ere euren burua ikasleengandik urrun ikusten dutela uste dut. Lehen aldaketak hamar urtetan behin ematen ziren eta orain bost urtetan behin. Krisiak ere izan nituen. Garai batean greba asko izan genituen eta irakaskuntza uztekotan izan nintzen.
Zeintzuk dira hezkuntzaren egungo arazo nagusiak?
DBHko azken urteak oso gatazkatsuak dira. Dena den, beti egon dira ikasle onak eta txarrak.
Zer irakasgai ematen zenituen?
Fisika eta kimika, batez ere. Garai batean baita matematika ere.
Irakaskuntza gustatzen al zaizu?
Bai, baina ez nuen argi irakaslea izan nahi nuenik. Ez nuen matematika ikasi irakaskuntzarako bakarrik balio zuelako eta irakaskuntzan bukatu nuen. Garai hartan Unibertsitate ikasketak zituztenentzat lana zegoen, baina ez neskentzat. Emakumezkook oso zaila genuen enpresa munduan sartzeko. Ikaskide gizonezkoek enpresan munduan lanpostu onak lortu zituzten eta nik irakaskuntzan bukatu nuen. Gustura aritu naiz.
Musika ere gustuko duzu.
Hala da. Goiargi abesbatzan sortu ondorengo urtean edo bi urtera hasi nintzen. Zumarragako parrokiako abesbatzan ere abesten dut. Antonio Reyk Goiargi utzi eta parrokiako abesbatza sortu zuenean, Goiargiko zumarragarroi deitu zigun.
Ia 25 urte daramatzazu kantuan. Gustura zabiltzan seinale.
Asko gustatzen zaigu eta ondo pasatzen dugu. Astean bi egunetan 21.30etik 23.00etara joatea gogorra da, batez ere lanean ari direnentzat. Betebeharra da. Horretaz gain, Kursaal fundazioaren musika klasiko kontzertuetara eta Musika Hamabostaldira joaten naiz. Lehen autoan joaten nintzen, baina orain trenean.
Lehen gutxi izango zineten gidatzeko baimena zenuten emakumeak.
Nire aitak behartu gintuen. Ikasi genezan gogo handiena azaldu zuena, berriz, ama izan zen. Asko dut gurasoei eskertzeko. Herrietan batzuk besteen gainetik egoten ziren, baina Unibertsitatean bakoitza balio zuenarengatik epaitzen zen.
Zinea ere asko atsegin omen duzu.
Santa Anastasia jaiak Zinemaldira joateko baliatu izan ditut beti. Areto komertzialetan eskaintzen ez dituzten filmak ikusteko aukera dago. Bestalde, bertsio orijinalak ikustera ohitzeko ere ondo dago. Garai batean, hiru egunetan hamar film ikusten nituen. Aurten bost besterik ez ditut ikusi.
Jubilatu ondoren lehen baino denbora gehiago izango duzu.
Ez dakit ba… Orain bizitza lasaiago har-tzen dut. Gainera, emakumeok beti dugu zereginen bat. Amarekin bizi naiz eta garai batean berak egiten zituen lanak egiten ditut. 94 urte ditu, baina osasunez ondo dago. Batzuetan sukalde lanetan aritzen da eta egunero mezatara joaten da, bakarrik. Telebistako kirol saio guztiak ikusten ditu! Ni ez naiz horren futbol zalea, amak eta anaiak nazkatu egin bainaute.