Arratsaldeko zazpiak ziren. Egun normala zirudien: egunero bezala kaleak zeharkatzeari ekin zion, jendea taxian sartu eta sartu ibili zen, batzuek elkarrizketa gehiago eman zioten, beste batzuek, berriz, gutxiago; batzuek propina onak uzten zizkioten, beste batzuek bat ere ez. Egun arrunt bat zirudien hark ere. Baina neska hura sartu zenean guztiz aldatu zen. Atentzioa deitu zion lehenengo gauza, neska negarrez ari zela izan zen. Hala ere ez zion jaramon handirik egin, hura ez baitzen guztiz anormala. Baina segituan konturatu zen neska haren negarrak ez zirela besteenak bezalakoak. Haren aurpegian malkoak ezezik, beldurra ere antzematen zen. Neskak segundo batzuk isilik iraun ondoren, nora joan behar zuen esan zion Mikeli, negar zotinka jarraitzen zuen eta ez zion "hijo de puta" errepikatzeari uzten. Orduan piztu zitzaion Mikeli kuriositatea. Zer gertatuko ote zitzaion neska hari? Neskak makilajea kentzeari ekin zion. Orduan ikusi zituen Mikelek ubeldurak. Begia belztua zuen eta lepoa kolpez betea. Mikeli bihotza hunkitu zitzaion, ezin zion begiratzeari utzi eta semaforo batera iristean, harengana biratu zen eta galdera bat egin zion: "Barkatu, badakit ez dela nire kontua, baina zer gertatu zaizu?". Neskak ez zion jaramonik egin. Semaforoa berde jarri zenean, berriz ere abiatu egin ziren. Bidaiaren azken minutuak isilik egin zituzten eta iristear zeudenean, neskak lehen egindako galderari erantzuna eman zion: "jo egin nau". Momentu horretan helmugara iritsi ziren, neskak dirua autoaren atzeko eserlekuan utzi eta alde egin zuen. Mikel minutu pare bat gelditu zen mugitu ezinik, zer egin ez zekiela. Azkenean autoa berriz ere martxan jarri eta aurrera jarraitu zuen beste bezero baten bila. Gau hartan ezin izan zuen lorik egin neska hartan pentsatuz. Milaka galdera zetozkion burura, izena galdetu izan balio, bere atzetik irten izan balitz, berriro ikusiko al zuen… loak hartu zuen azkenean, baina bazekien inoiz ahaztuko ez zuen egunetako bat izango zela hura.
Ostirala zen eta gaueko laurak pasata ziren. Gau lasaia zen hura: ez zebilen inor kaletik, ez zegoen ia trafikorik eta, dagoeneko, etxeratzeko ordua iristen ari zen. Halako batean gizon bat ikusi zuen korrika gelditzeko eskatuz. Bere betebeharra zenez, Mikel gelditu egin zen. Gizona presaka sartu zen taxian eta martxan ipintzeko eskatu zion. Oso urduri zirudien eta Mikelek, badaezpada, autoa bizkor batean ipini zuen martxan. Nora joan nahi zuen galdetu zionean gizonak ez zuen erantzun. Hura ikustean Mikelek taxia gelditu zuen:
-Ez badidazu norakoa esaten, hementxe jaitsi beharko duzu -esan zion errespetu handiz baina haserre punttu batekin.
-Barkatu, oraintxe esango dizut, baina Jaungoikoaren izenean, mesedez, ipin ezazu autoa martxan.