AHTaren kontrako borroka kriminalizatzea dute xede eta, era berean, mugimendu hori betiko lau katuen “mobida” besterik ez dela konbentzitzen saiatzea. Hartara, desinformazioaren tren horrek ekarriko duenaren aurrean oraindik zirkinik ere egin ez duen jendeak, bere neurrirako aitzakiak topatuko ditu beste behin: “Protestan ari direnak betikoak dira”, “Ni AHTaren kontra nago, baina borroka eredu horrekin ez nator bat. Beraz, geldi jarraituko dut”…
Beste batzuk, AHTari esker kamioi kopurua jaitsi eta Madril gertuago –bi ordu eskasera– izango dugulako poz-pozik daude. Euskal Herrian zehar garraio publikoan bidaia dezaten gonbidatzen ditugu. Madril gertuago izango dugu, baina Idiazabalek, Zarautzek, Gasteizek, Bilbok Lasartek, Iruñeak, Arbizuk, Galdakaok, Gernikak eta abarrek orain bezain urrun jarraituko dute.
Komunikabideek, hainbat enpresek eta erakundeek abiatu duten kanpainaren aurrean, Goierriko AHT Gelditu taldeko lagunek-eta tentuz jokatu beharko dute, arrazoia izatea ez baita nahikoa…